Erreniega eskolaren salaketak berriz piztu du ratioen eztabaida Nafarroan

Parlamentuaren kanpoaldean protesta egin dute LABek, CCOOk, ELAk, UGTk eta Sortzen-ek

Ion Orzaiz.
2023ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Lehen Hezkuntzako 2. mailako ikasleak ezin kabituta daude Zizurko Erreniega eskolan (Nafarroa). Gehienezko ratioa 25 ikaslekoa da gela bakoitzeko, eta, langa hori gainditua duten arren, Hezkuntza Departamentuak uko egin dio beste gela bat zabaltzeari. Hori salatzeko, Erreniegako hezkuntza komunitatea kalera atera da aste honetan, Zizurren, eta, atzo, Hezkuntza sektoreko sindikatuak eta eragileak batu ziren protestara. Nafarroako Parlamentuaren kanpoaldean elkartu ziren Steilas, LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuetako eta Sortzen elkarteko ordezkariak, Erreniega 3. gela orain! leloa zeraman pankarta baten atzean. Zizurko ikastetxearen egoera prekarioa «berehala» konpontzeaz gain, «hezkuntzako etapa guztietan ratioak era linealean jaisteko» eskatu zioten Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenori.

Izan ere, ikastetxe bateko arazo puntualaz harago, sindikatuek uste dute Erreniegako hirugarren gelaren auziak Nafarroako hezkuntza sektore osoari eragiten diola, eta arazoaren muinean daudela ratioak ezartzeko «irizpide okerrak». Iragan otsailean eta apirilean ere, ratioak eta irakasleen lan baldintzak izan ziren hezkuntza sektoreko eragileak grebara eraman zituen motiboetako bat.

Erreniegako kasuari dagokionez, Nafarroako Gobernuak Zizurko ikastetxearen eskaerei «ez ikusi egin diela» uste dute sindikatuek: «LHko 2. mailan bi ikasgela dira. Horietako batek 25 ikasle ditu, eta besteak, 26, gehienezko ratioa baino gehiago. Horrez gain, ikasle batek behar bereziak ditu, eta beste bik diabetesa dute, eta irakasleek beren gain hartu behar dute horren kontrola ere».

LABek, CCOOk, ELAk, UGTk eta Sortzen-ek gogorarazi dute Zizurko Udalak ere adierazpen instituzional bat onartu zuela irailaren 28an, LHko 2. mailarako hirugarren ikasgela bat eskatuz, eta Hezkuntza Publikoko sektore mahaiko sindikatuek aurkeztua dutela proposamen bat ratioak ikastetxe eta maila guztietan jaisteko: «Hori onartu izan balitz, Erreniega eskolan hirugarren gela bat irekiko litzateke automatikoki».

Salatu dute, gainera, Gimeno kontseilariak mahai gainean jarri duela «ratioen jaitsiera partzial bat», baina uste dute horrek ez duela arazoa konponduko: «Proposatu du ratioak murriztea behar bereziak dituzten ikasleen kopuru handia dagoen zentroetan, baina 3 urtekoen zikloan soilik». Sindikatuen irudiko, ratioen jaitsiera ezartzea «soilik adin eta ikastetxe jakin batzuetan» ez da konponbide egokia: «Erreniegako kasuak frogatzen du metodo horrek ez duela funtzionatzen, eta ikasgelak gehitzeko irizpidea hobetu behar dela».

Inbertsio handiagoa ere eskatu diote Nafarroako Gobernuari. Gogora ekarri dute Maria Txibiteren gobernuaren konpromisoetako bat dela Hezkuntzan inbertsioa handitzea «BPGaren %5eraino», eta EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa koalizioek hauteskunde programan zeramatela ratioen jaitsiera lineala. «Gehiengo progresista» baliatu nahi dute, 2024ko aurrekontuetan «diru sail nahikoa» onartzeko, «ratioen jaitsiera orokorra gauzatu dadin Hezkuntzako etapa guztietan».

«PSNk ez du nahi»

Atzoko elkarretaratzean, Steilas sindikatuko kide Angela Campok azaldu zuen Zizurko eskola publikoaren egoera bertsuan direla beste ikastetxe asko ere: «Ez da kasu bakan bat, ikastetxe askotan gehienezko ratioaren langan dira, baina beste askotan gainditua dute marra hori, azken orduko matrikulazio bat heldu delako, edo behar bereziak dituzten ikasleak daudelako». Salatu zuen, gainera, ezinezkoa dela auziaren benetako dimentsioa ezagutzea, Hezkuntza Departamentuak «datu partzialak» soilik jakinarazten dituelako. LABeko Iosu Arraizek gaineratu zuen «ratio jaitsiera lineala» dela arazoa konpontzeko bide bakarra: «Baina badirudi PSNk eta Hezkuntza Departamentuak ez dutela nahi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.