Errenteriako plaza berriak, herriaren 700. urteurrenean

Urteurreneko ekitaldian parte hartu behar zutenek bideo bat egin dute etxetik. Plaza etxean du izena, eta Jon Maia dantzariak zuzendu du.

2020ko apirilaren 5a
19:32
Entzun

Gaur 700 urte bete dira Errenteria (Gipuzkoa) hiribildua eratu zenetik. Herriko plazan ospatzerik izan ez dutenez, konfinamendu garaiko plaza berriak bilatu ditu udalak: balkoiak eta Internet. Eguerdian, Zentenarioa kantaren bertsio berezia jo du musika bandak, eta, arratsaldean, Jon Maia dantzariak zuzendutako Plaza etxean izeneko bideoa eman dute zuzenean udalaren webgunean. Herritarrak balkoietara atera dira gero, Zentenarioa entzutera.

Maiak eta haren taldeak zuten jendaurreko ikuskizuna ekoizteko ardura, udalaren enkarguz, eta ikuskizuna herritarren etxeetara eraman dute azkenean. Parte hartzaile bakoitzak etxean filmatu du bere zatia.

Dena dela, herritarrek ere badute festako protagonista izateko aukera. Gaur amaituko da epea 30-40 segundoko bideoak bidaltzeko urteurrenaren webgunera. Udalak hainbat galdera proposatu dizkie —zer ikusten duzu zure etxeko leihotik? Zeintzuk dira zure ametsak? Zein gauza garrantzitsuez ohartu zara azken egunotan?...—, eta horietakoren bati erantzun beharko diete. Jasotako materialarekin Begiradak leihoetatik film kolektiboa osatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.