Eguraldia

Errepide sare nagusia zabalik dago, baina mendateetan arazoak sortu ditu elurrak

Goizaldean botako zuela iragarrita zegoen, eta halaxe egin du Euskal Herriko hainbat txokotan. Elurra eta izotza tarteko, kontuz gidatzeko agindu dute larrialdi zerbitzuek. Atertu egingo du arratsaldean.

Elurra kentzeko makinak lanean aritu ziren atzo, hainbat tokitan. JUANAN RUIZ, ARGAZKI PRESS
2018ko otsailaren 8a
17:15
Entzun

Bigarren mailako hainbat errepidetan arazoak sortu dira elurragatik eta izotzagatik. Mara-mara ari du zenbait lekutan, eta oraindik ere arazoak sor daitezke. Abisu horia indarrean izango da gaur eta bihar Hego Euskal Herrian, elurra eta izotzagatik.

Errepide sare nagusian, tarte batez itxita egon da N-1a Donostia parean, 451. kilometroan, Irungo norantzan, luizi baten ondorioz, baina ireki dute dagoeneko. Aldiz, martxoaren 9a arte itxita izango da Zumaia eta Getaria arteko N-634 errepidea, beste luizi baten eraginez.

Horretaz gain, gauean izan dira gorabehera batzuk, eta, esate baterako, une batzuetan itxita egon da Etzegarate. Orain irekita dago, Gipuzkoako DYAren txioan ikus daitekeenez.

Bestelakoa da egoera mendateetan, eta itxita daude, esate aterako, Altube, Gatzaga, Herrera eta Otxagabia; eta autoak kateekin pasa daitezke Done Mikel Aralarkotik, Gasteizko mendatetik, Opakuatik eta Urrakitik. Beharrezkoa ez bada errepidera ez ateratzea gomendatu dute larrialdi zerbitzuek, eta, egitekotan, aurrez begiratzeko nola dauden errepideak. Hemen Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak, eta hemen Nafarroakoak.

Bidaiatzea derrigorrezko duenari, abiatu aurretik ibilgailuaren egoera ona zihurtatzeko eskatu dio Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak; kateak eramateko, erregaiaren depositua beteta edukitzeko, sakelako telefonoa ez ahazteko, eta manta edo berokiak hartzeko. Poliki gidatzeko eta segurtasun neurriak kontuan hartzeko ere eskatu du. Neurri horiek hartuta ere elurretan harrapatuta geldituz gero, autotik ez ateratzeko diote gomendioek, berogailua jarrita eduki eta tartean behin airea berritzeko, eta loari eusten saiatzeko.

Irakurleek bidalitako argazkiak jasoko ditu BERRIAk: Whatsapp bidez, 664-25 91 41 zenbakian, eta Twitter, Facebook eta Instagram bidez, #elurretan traolarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.