Atzerapauso bat da hau. Iruñea oraindik ere 1990eko hamarkadako hiri bat da. Autoz betetako hiria, alegia”. Aitor Txarterinak erran ditu hitzok. Iruñeko bertze hamaika txirrindularirekin batera egin du bat 8-80 Iruñea izeneko plataforman. Sortu berri dute, Iruñeko Udalaren jarrera salatzeko, eta hartutako azken erabakietan atzera egin dezala eskatzeko. Azken hilabeteak mugikortasun plan berria jorratzen eman ditu hiriburuko udal gobernuak; irailaren amaieran osatu eta aurkeztu zituen Hiri Ekologiaren eta Mugikortasun Jasangarriaren Sailak adostutako proposamenak, datorren urtean proiektuak gauzatzen hasteko asmoz. Plana behin-behinean gelditzea erabaki zuen udalak, ordea, hilaren hasieran, UPNk aurkeztutako mozio baten bidez. Txirrindularien haserrea eragin du egoera horrek, eta karrikan egin dute protesta, asteon. Errepidean dagokien zatia nahi dute, segurtasunez mugitu ahal izateko. 8 eta 80 urte bitarteko txirrindularientzat segurua den hiria nahi dute.
“Txirrindulariok plataforma bat osatzea erabaki dugu sentitzen dugulako baztertu gaituztela; hutsaren hurrengotzat hartu, eta engainatu gaituztela”, nabarmendu du Jesus Sukunzak. Udalak engainatu dituela uste dute txirrindulariek, zehazki. “Legegintzaldiaren hasieran, udala babesten duten taldeek sinatutako akordioan jaso zuten helduko ziotela arazoari; urte eta erdi joan da, eta ez dute deus egin. Egoerak okerrera baino ez du egin”.
Nafarroako hiriburuan 19.000 txirrindulari daude, 8-80 Iruñea plataformak emandako datuen arabera. Hiriko bidegorri sarea eskasa da, eta, anitzetan, oinezkoekin partekatu behar dute txirrindulariek espaloia. Horrek arazoak sortu ditu. “Eta okerrera egin dute, gero eta txirrindulari gehiago dagoelako”, azaldu du Txarterinak.
Errepidean seguru sentitzeko zailtasunak dituzte bizikletaz mugitzen diren herritarrek, gainera, trafiko handiko hiria baita Iruñea. Udalak berak esku artean dituen datuen arabera, egunean 16.000 auto pasatzen dira, adibidez, Gipuzkoako etorbidetik, eta 14.000, berriz, Baluarte aurretik. Trafiko horrek baditu bertzelako ondorioak: kutsadura akustikoaren iturri nagusia da autoek eragindako zarata, hain zuzen ere. Hiria inguratzen duten bideetan jotzen du goia trafikoak eragindako kutsadura akustikoak. Autoen keak eragindako kutsadura ere ezin da bazter utzi. Arlo horretan, nabarmenak dira bizikletak ekartzen dituen abantailak, ez baitu CO2 isurtzen. Betetako autobus publiko batek, berriz, 23 auto ordezkatzen ditu, eta %66 murrizten ditu, ondorioz, CO2 isuriak.
2017rako lehentasunak
“Oinezkoek izan behar dute mugikortasunaren errege-erreginak”. Horixe nabarmendu zuen Iruñeko Udaleko Hiri Ekologiaren eta Mugikortasun Jasangarriaren Saileko zinegotzi Armando Cuencak, joan den maiatzean, mugikortasun planari buruz herritarrekin egindako jardunaldietan. Oinezkoekin batera, planak garraio publikoa eta txirrindulariak ere protagonista bilakatu nahi zituela erantsi zuen Cuencak. 8-80 Iruñea plataformak zehaztu du, hain zuzen, oinezkoak, txirrindulariak eta garraio publikoa direla %60 mugikortasunaren arloan, eta, horregatik, bazter batetik atera, eta erdigunean jartzeko urratsa eskatu dute.
Udalak bere planaren bidez mahai gainean jarritako asmoak hainbat proposamenetan zehaztu zituen, irailaren amaieran, Cuencak zuzentzen duen sailak. Lau milioi euroko aurrekontuarekin, planaren asmoa da, legegintzaldia amaitu bitarte, beste 30 kilometro egitea, bizikleta bide eta autobus bide gisa erabiltzekoak. Bi lehentasun zehaztu ditu udalak, gainera, 2017rako: Burlata-Barañain ardatza, batetik, eta Pio XII.aren etorbidekoa, bertzetik.
“Plana, egon, badago. Aurrera eginen duela uste dut”, erran du Armando Cuencak, udalak gaiari buruzko azken mozioa onartu eta gero. UPNk aurkeztutako testuak eskatu zuen plan hori bertan behera gelditzea, 2019. urtera arte. Geroa Bairekin aldaketa adostu zuten, azkenean, UPNko kideek, eta onartutako mozioak dio “ezagutu arte” geldituko dela bertan behera plana. UPNrekin eta Geroa Bairekin batera, PSNk eman zion aldeko botoa mozio horri; Aranzadik eta Ezkerrak mozioaren kontra egin zuten; eta EH Bilduko zinegotziak, berriz, abstenitu egin ziren. “Uste dut udal gobernuan zenbaitek nahiko argi ikusten ditugula gauzak, eta bertze hainbatek, berriz, ez dituzte hain argi ikusten”, erran du Cuencak, EH Bilduko zinegotzien abstentzioari buruz. Koalizio horretako zinegotzi Joxe Abaurreak “akordioen beharra” nabarmendu zuen, mozioa onartzeko osoko bileran.
Informazio gehiago jaso nahi zutela azaldu zuten taldeek, azkenean, mozio horren bidez. Udal gobernuko kideek, behintzat, informazio hori beren esku zutela argi utzi du Cuencak. “Baina gehiago behar badute, emateko prest naiz”. Asteazkenean, hain zuzen ere, GEA21 etxeko kideak izan ziren Iruñeko herriko etxean, Cuencak zuzentzen duen sailaren batzordean, planaren ardatz nagusiei buruzko azalpenak ematen, etxe horrek egin baititu plana osatzeko azterketak.
“Asmoak gauzatzen hasteko garaia iritsi da, eta horrek halako beldurra sortu du”, erran du Cuencak, plana behin-behinean gelditzeko urratsa egin izanari buruz. Zinegotziak argi du mugikortasunaren esparruko edozein neurrik eraginen duela batzuen edo bertzeen haserrea edo ezinegona, eta hori “onartu” egin behar dutela udal arduradunek.
Oraingoz, txirrindularien haserrea eragin du mugikortasun planaren inguruan gertatu denak. “Herritarron interesen gainetik jarri dituzte alderdiek beren interesak”, salatu du Jesus Sukunzak. Astearteko protesta ez da eginen duten bakarra. Pio XII.aren etorbidean bidegorria eskatzeko matrikulak jarriko dituzte Iruñeko txirrindulariek beren bizikletetan ere, adibidez.
Iruñeko Udaleko talde guztiei eskaera zehatzak egin dizkiete 8-80 Iruñea plataformako kideek; bakar batean laburbiltzen dira guztiak: “Mugikortasun planaren alde egin dezatela, zalantzarik gabe”, erran du Aitor Txarterinak. Plan hori Iruñearentzat “estrategikoa” dela nabarmendu du: “Argi dago batzuek eta bertzeek hau eta bertzea erantsiko lioketela planari, baina, oro har, plan on bat dela uste dut nik”. Udalak ez duela ausardia erakutsi erantsi du Txarterinak, eta hori behar dela, hain zuzen ere, mugikortasunaren auzian “behingoz” urratsak egiten hasi ahal izateko.
8-80 Iruñea plataformak “beharrezkotzat” jo ditu autobusentzako eta bizikletentzako bideak. Halako neurriek “trafiko osoari mesede” egiten diotela nabarmendu du Sukunzak. “Autoei ere egiten diete mesede bizikleten eta garraio publikoaren aldeko neurriek”. Espaloiek oinezkoentzat izan behar dutela argi utzi du Sukunzak, batetik; bizikletentzako bideekin txirrindulariek segurtasuna irabaziko dutela erantsi du, bertzetik. Autobusek haiek bakarrik erabiltzeko bideak badituzte autoek “trafiko lasaiagoa” izanen dutela gaineratu du plataformako kideak, azkenik. Mugikortasun planak asmo horiekin bat egiten du, hain zuzen ere.
“Txirrindulariok ere bagara zirkulazioaren parte; zergak ordaintzen ditugu, gainera. Bada gu kontuan hartzeko garaia”, erran du Sukunzak. Plataformako kideek argi dute txirrindulariek errateko dutena kontuan hartzeko momentua orain dela. “Ezin dugu bertze hamarkada bat galdu”. Txirrindulariek gogoratu dute aurten hiru pertsona hil direla Iruñean, autoek harrapatuta. “Trafikoa moteldu beharra dago, ezinbestean”.
Aurrekontuak
Mugikortasun plana izan da Iruñeko Udaleko Ekologiaren eta Mugikortasun Jasangarriaren Saileko proiektu nagusietako bat, legegintzaldia hasi zenetik. Gauzatzen hasteko prozesua behin-behinean gelditu izana ez du bere kontrako erabakitzat hartu, hala ere, Cuencak. Ez du uste EH Bilduren abstentzioak, auziari buruzko mozioaren bozketan, bere indarra zalantzan jartzeko asmoa izan duenik. “Ez dut uste hemen gakoa hori denik; hemen kontua da nork bere jarrera argitu beharko duela mugikortasunaren auzian”.
Eta jarrerak argitzeko eta zehazteko modurik onena aurrekontuek emanen dutela nabarmendu du Cuencak. “Datorren urterako aurrekontuek itxiko dute orain mugikortasunari buruz zabaldu duten eztabaida”.
Bertze elementu bat jarri du mahai gainean Iruñeko Udaleko zinegotziak, hala ere: Nafarroako Gobernuak, Iruñerriko Mankomunitateak eta Eskualdeko Hiri Garraioak ukitzen dituen hemezortzi udalek sinatutako akordioa, Iruñerriko mugikortasun jasangarrirako plana osatzeko.
Plan hori osatzeko azterketa eginen dute datozen urteotan, hain zuzen ere, proiektua 2019. urtean gauzatzen hasteko asmoz. Data horrek badu lotura estua UPNko zinegotziek hasieran aurkeztutako mozioarekin, alderdi horretako kideen asmoa baitzen Iruñeko plana Iruñerriko azterketa amaitu arte gelditzea.
Cuencak ohartarazi du, hain zuzen ere, Iruñerriko plana “aitzakia gisa” baliatzeko arriskuaz: “Ezin dugu hori onartu”. Argi utzi du Iruñerriko plana osatzeko azterketak ez duela zertan bertan behera utzi Iruñekoa. 8-80 Iruñea plataformako kideek ere nabarmendu dute Iruñean neurriak hartzeko garaia dela, eta egin daitezkeela urratsak hiriburuan, Iruñerriko azterketa prestatzen duten bitartean.
Protesta egiten jarraitzeko prest dira Iruñeko txirrindulariak. Argi dutelako mugikortasunaren arloan neurriak hartzeko ordua dela. Autoen hirian, segurtasunez mugitzeko eskubidea aldarrikatu dute, bizikleta gainean.