Errepideak nola pagatu, gogoeta sustatu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Larraitz Ugarte diputatuak berretsi du ez dela bidesariak jartzearen aldekoa, baina ohartarazi du ezin zaiola ez ikusiarena egin Bidegi elkartearen zuloari; 900 milioi eurokoa da. Hala, adostasuna lortzea ezinbesteko jo du errepideak pagatzeko «filosofiari» buruz. Gogoeta horretatik hartu beharko litzateke erabakia, Ugarteren iritzian; hots, bidesariak jartzea edo ez.
Gipuzkoako Batzar Nagusietan agerraldia zuen atzo Ugartek. Bidesariez galdetu zioten. Azken osoko bilkuran, Batzar Nagusiek eskaria egin baitzioten, ez jartzeko bidesaria Etxegaraten eta Donostiako bigarren ingurabidean.
Egungo egoera bidegabea dela nabarmendu du Ugartek, errepide batzuetan bidesaria baitute, eta besteetan ez. «Errepide guztiak ezin ditugu mantendu gipuzkoar batzuek, ezta soilik gipuzkoarrok ere. Hori, irizpide gisa, oso funtsezkoa da». Garraiolarien gain uztea ere ez litzateke bidezkoa, haren ustez. Ordea, nabarmendu du aurrekontuetatik ezin daitezkeela ordaindu errepide guztiak. «Sarrera batzuk bermatu beharra daukagu», esan du.
Ugartek iragarri du batzorde bat sortuko dutela Batzar Nagusietan, bidesarien auzia azter dezan. Aldundiaren nahia da alderdien babesa izatea erabakiak.
Bertan behera zein errepide azpiegitura geratuko diren oraindik ez dakitela esan du Ugartek. Udalekin hizketan ari direla jakinarazi du; lehentasuna zeinek duen erabakiko dute gero. Nolanahi ere, oharra egin du: «Guztiak jarri behar dira auzitan, guztiaz hitz egin eta ados jar daiteke».
Errepideak ordaintzeko erari buruz gogoeta sustatu asmo du Gipuzkoako Diputazioak
Ugartek dio ez dagoela bidesariaren alde, baina adierazi du Bidegi elkartearen zuloa estali beharko dela nolabait
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu