Zirkulazio seinaleak irudikatzen dituzten mozorroak janztea. Horixe izan da Olabeko (Nafarroa) herritarrek protesta egiteko aukeratu duten azken bidea. Igandero errepidea ordu laurden batez mozten aritu dira azken asteotan, Nafarroako Gobernuak haien kexa kontuan har dezan. «Errepidea segurtasunez gurutzatu ahal izateko, oinezkoentzako bide bat nahi dugu, eta bide hori kontrolatuko duen semaforo bat», azaldu du Olaibarko alkate Maria Carmen Lizoainek. Asteon bertan, abiadura mugen berri emateko seinale berriak eta hots bandak jarri ditu Nafarroako Gobernuak Olaben. Bertako biztanleentzat ez da nahikoa, ordea. Herria lasai gurutzatu nahi dute.
Iruñetik 11 kilometrora dago Olabe, Olaibarren. N-121 errepideak bitan zatitzen du. Herriko etxe gehienak errepideko alde berean daude, baina bertzean dira, bertzeak bertze, Ultzama ibaia, herriko frontoia, Ibaiondo hotela, bai eta herriko aisialdi eremua ere. Azken hori, nahiko hondatua, herritarrek onartu dutenez, harat joateko errepidea gurutzatu behar izatea arazo bilakatu delako Olabeko biztanleentzat. «Haur txikiak dituztenentzat ez da samurra; ezin dira bakarrik joan», adierazi du alkateak.
Zirkulazio handiko errepidea da N-121a. Egunean, 12.000 ibilgailu inguru pasatzen dira bertatik. Ibilgailu horietako 2.500 inguru kamioiak dira. Herria zeharkatzerakoan, gehienez ere, orduko 50 kilometroko abiadura har dezakete ibilgailuek, baina gutxik errespetatzen dute muga hori. «Gidariek ez diete seinaleei kasurik egiten». Autoek herria mantsoago zeharka dezaten, hain zuzen ere, herritarrek zirkulazioko radarren itxura duten kutxa bana jarri dute herriko bi sarreretan. Hasieran, herritarren irudimenak sortutako neurriak lortu zuen helburua betetzea, baina radarrak benetakoak ez direla konturatu orduko, betiko abiadurari eusten diote gidariek.
Hainbat aukera
Olabeko biztanleek azken lauzpabost urteak eman dituzte oinezkoentzako pasabidea eta semaforoa eskatzen. «Gure kexa ez da oraingoa». Arazoa larriagotu zen, alkatearen hitzetan, Olabe zeharkatzen duen zatian N-121 errepideak zeharbide maila galdu zuenean. «Horrek eragin zuen abidura mugak desagertzea. Herritarrok erabaki horren kontra egin genuen, eta lortu genuen, berriz ere, zeharbidetzat jotzea errepidea». Horrek ez du erran nahi, ordea, gidariek abidura mugak errespetatzen dituztenik.
Nafarroako Gobernuko arduradunekin hainbat bilera egin dituzte herriko agintariek azken urteotan. Orain arte, hala ere, ez dute emaitzarik izan. Egungo Sustapen kontseilari Luis Zarralukik zuzentzen duen taldeko kideekin ere elkartu dira. «Errepidearen gainetik eta lur azpitik pasabideak egiteko aukerak mahai gainean jarri, eta bazter utzi zituzten, berehala». Lizoain alkateak ere ez du uste konponbidea bi aukera horietako bakar bat ere denik. «Ez dira bideragarriak. Aukerarik egokiena oinezkoentzako pasabidea eta semaforoa jartzea dela uste dugu guk».
Gobernuak, ordea, ez du, orain arte, aukera horren alde egin. «Semaforoak autoen martxa eten eginen duela dio Nafarroako Gobernuak. Herrian 40 pertsona bizi dira; ez gara egun guztia egonen errepidea gurutzatzen. Semaforoak ez du zertan gidarien bidea oztopatu», nabarmendu du Olaibarko alkateak.
Hilaren 26an berriz bat eginen dute Olabeko biztanleek errepidea itxi eta haien kexa gidarien aurrean azaltzeko. Irailean Nafarroako Gobernuko Sustapen Departamentuko kideekin bertze bilera bat egiteko aukeraren zain dira. «Konpromiso hori hartu zuten, baina oraindik ez dugu egun zehatzik». Lizoainek uste du hurrengo bilera horretara gobernua ez dela erabakia hartuta agertuko. Denborak herritarren aurka egiten duela argi du alkateak. Segurtasunez ibili nahi dute herrian. Errepideak bitan zatitzen duen arren.
Errepideak zatitutako herria
N-121ak zeharkatzen du Olabe, Nafarroan. Herritarrek bat egin dute Nafarroako Gobernuari oinezkoentzako pasabidea eta semaforoa eskatzeko; egunean, 12.000 auto igarotzen dira herritik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu