DENBORALEA

Errepideetan hainbat arazo eragin dituzte elurte eta luiziek

Goizean ez du hainbeste euririk bota, eta jaitsi egin da alerta maila Gipuzkoako eta Bizkaiko ibai ugaritan. Elurteak hasi dira Araban eta Nafarroan. Ipar Euskal Herrian, euriteengatik daude oraindik alerta laranjan.

jon olano
2015eko urtarrilaren 31
09:15
Entzun

Apalduz doa atzo gainezka egin zuten ibai ugariren ur emaria, eta alerta maila jaitsi egin dute, besteak beste, Ibaizabal, Gobela eta Oria ibaietan. Bilboko Udalak bertan behera utzi du larrialdi plana. Iruñean eta Irurtzunen ere jaitsi egin dute Arga eta Larraun ibaiak ateratzeko arriskua. Hala ere, Araban, Zadorrak gainezka egiten jarraitu du goizean. Orduz orduko jarraipena egiten ari da BERRIA:

19:05: Kazkabarra erruz botatzen ari da Donostian. Iruñean eta Irurtzunen, bertan behera utzi dute alerta uholdeengatik, baina mantendu egin dute Funes, Andosilla eta Castejonen.

18:30: Berriro zabaldu dute A-15 errepidea.

18:10: A-15 errepidea itxi dute Andoainetik Iruñerako norabidean.

17:00: Nafarroa iparraldeko errepideak ez erabiltzeko eta mendi irteerarik ez egiteko eskatu die Nafarroako Gobernuak herritarrei; ohartarazi du euriteek jarraitu egingo dutela eta uholdeak sor daitezkeela Nafarroa erdialdean eta Erriberan. Elurra ere botako du, eta 106 makina prest dituzte elurra kentzeko.

Bizkaian, berriz, hainbat arazo eragin ditu denboraleak. N-240 errepidea moztuta dago Areatzan, eta litekeena da hala jarraitzea asteburu osoan zehar. BI-3641 errepidea, berriz, hondoratu egin da Gordexolan. Enkarterrietan, Gueñes eta Galdames artean, moztuta izango da BI-3631 errepidea beste bi edo hiru egunez.

13:42: Euskotreneko tren bat bidetik irten da Etxebarrin, luizi baten ondorioz. 30 lagun zihoazen trenean, baina ez da inor zauritu. 07:06ean irten da bidetik, eta Atxuri eta Ariz arteko bidea etenda geratu da. Euskotren autobusez ari da eskaintzen bi leku horien arteko zerbitzua.

13:00: Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Estefanía Beltran de Heredia Segurtasun sailburua, Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politikarako sailburua, Jon Darpon Osasun sailburua, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia Irene Pardo Nekazaritza diputatua eta Javier Portillo Zallako alkatea Zalla, Gueñes eta Balmasedan bisitan izan dira, Kadagua ibaiak gainezka egin ondoren eragindako kalteak ikusteko.

12:42: Donostian, euriarengatik aktibatutako Urumeako plana desaktibatzea erabaki du Krisi Mahaiak, ibaiaren maila nabarmen jaitsi ondoren. Horrek esan nahi du Txomin eta Martuteneko bizilagunek Garberara eraman dituzten ibilgailuak auzora jaitsi ditzaketela. Olatuei dagokienez, Krisi Mahaiak Leizaola Pasealekua eta Haizearen Orrazia 16:30ean irekitzea erabaki du, itsasgora pasa ondoren. Ordu horretan, Salamanca Pasealekuko trafiko mozketa erretiratuko du eta ibilgailua erabiltzeko debekua Paseo Berrira mugatuko da. Paseo Berritik oinezkoei pasatzeko baimena emango zaie ordu horretatik aurrera, Urgullek, aldiz, itxita jarraituko du.

12:22: Eguerdian, euriteengatik emandako alerta laranja kendu du Eusko Jaurlaritzak, baina maila horretako alertak jarraitzen du, orain elurteeengatik. Nafarroan ere laranja da alerta maila, elurteengatik. Ipar Euskal Herrian ere alerta laranja eman dute, euriteengatik ordea, bihar goizeko seirak arte. Errepideetan arretaz gidatzeko eskatu dute, txingorra bota baitu hainbat lekutan.

11:40: Kazkabarra bota du azken minutuetan Gipuzkoako kostaldean eta barnealdeko herri batzuetan.

11:20: Elurra egiten hasi da Gasteizen. Elur maila eta tenperaturak nabarmen jaitsiko dira gaur, eta jada hainbat mendate itxi dituzte;  Izaba, Otsagabia eta Bernedo, adibidez. Kateak behar dira Opakuan, Herreran, Azazetan, Zaldiaranen eta Urduñan.

11:18: Lurjausi ugari izan dira azken orduetan, errepideetan trabak sortuz. Irudian, Arraten gertatutakoa, Eibarren.

10:40: Lurjausia Oñati eta San Prudentzio arteko bidean.

Errepideetan, ordea, eragozpen ugari sortu ditu denboraleak. Igorren, esaterako, N-240 errepidea itxi dute lurjausi baten eraginez. Elurra gehitzen hasi zaio denboraleari; errepidea moztuta dago Izaban, Otsagabian eta Bernedon, eta kateak behar dira Opakuan, Herreran, Azazetan, Zaldiaranen eta Urduñan.

Astebururako iragarpena

Euriagatiko alerta laranja eguerdira arte egon da indarrean Bizkaian eta Gipuzkoan, eta adituek iragarri dute euria baretu eta elur arriskua handituko dela orduan: barrualdean elurragatik ezarriko dute alerta laranja, igande gauerdira arte. Kostarako abisu horia eman dute; adi ibili beharko da asteburu osoan, harrotuta ibiliko baita itsasoa, eta olatu altuak espero baitira: 4-5 metro garai. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere plan berezi bat ezarri zuen atzo: Bai Esan zerbitzua pertsonal gehiagorekin indartu da eta suhiltzaile-parkeetan larrialdietarako prestatu dira.

Bide batez, eguraldiaren iragarpenari lotuta, asteburuan eskola umeekin egiten diren jarduerak bertan behera uztea erabaki zuten atzo aldundiek. Hainbat kirol jarduera gibelatzera erabaki zuten Ipar Euskal Herriko hainbat herriko etxek ere. Bertan behera utzi zituzten asteburuan jokatzekoak ziren futbol eta errugbi partida gehienak.

Gaur ere euria eginen du Nafarroan, iragarpenen arabera. Ez atzo bezain gogor, hala ere. Elurraren mailak, ordea, behera eginen du, eta gauerako 300 metro inguruan izanen dela ohartarazi du Nafarroako Gobernuak. Ondorioz, elurra kentzeko makina guztiak martxan jarriko dituzte gaur eta bihar. Landa eremuetako osasun zerbitzuetako arduradunei haien lantokietan izateko eskatu die gobernuak. Polizien eta suhiltzaileen laguntza ere galdegin du gobernuak, landa eremuetako gaixoak artatu ahal izanen dituztela bermatzeko. Araban euriteek ez zuten aparteko arazorik eragin atzo, baina Gasteizko Udalak ere plan bat abiatu zuen elur asko espero delako: gaurko prestatu zituzten elurra kentzeko 46 makina eta 1.200 kilo gatz, jelak arazorik ez eragiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.