Hezkuntza. Errepikatzea

Errepikatzea ez da errenta

Lau ikasletik batek mailaren bat errepikatzen du Hego Euskal Herrian oinarrizko ikasketak amaitu aurretik. Gero eta ikerketa gehiagok diote ez dela neurri eraginkorra. Beste bide batzuk aztertzen hasita daude eragileak.

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Ekuazioa argia da: ikasle batek ez baditu gainditzen hiru-lau ikasgai, maila errepikatzera behartuta dago. Hego Euskal Herrian, lau ikasletik batek errepikatzen du gutxienez mailaren bat derrigorrezko eskola garaia amaitu baino lehen. Legeak apenas aurreikusten duen beste aukerarik suspentsoak pilatzen dituzten estudianteentzat. Baina neurri horren balioa auzitan jartzen ari dira eragile gehienak, ikerketek agerian utzi baitute errepikatzaileek ez dituztela emaitzak hobetzen. Soluzioa: laguntza gehiago ematea. Eredua aldatzea eskatzen du horrek, eta baliabideak. Krisi garaian, urritzen ari dira laguntzak.

Azken PISA txostenekoak dira datuak: Hegoaldean, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako azken ikasturtean daudenen artean, %76k dauzkate 15 urte; alegia, %24k mailaren bat behintzat errepikatu dute. 2009ko datuak dira azkeneko PISArenak. Zenbakitan adierazteko: Hegoaldean, 21.006 ikasle zeuden DBHko 4. mailan, 5.012 errepikatzaileak.

Beste biderik ez da. «Gehienezko suspentso kopuru bat dago irakats-aldi bakoitzean; horiek baino gehiago ateraz gero, errepikatzea beste aukerarik ez dago. Notak dira irizpidea», azaldu du Ernesto Gutierrezek. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola orientatzaileen elkarteko presidentea da. Ohikotzat jo izan da errepikatzea. «Normal hartu izan da. Maiz errepikatu da, eta ondo ikusita egon da», adierazi du Pedro Gonzalezek, Nafarroako Eskola Kontseiluko presidenteak.

«Neurri traumatikoa da», esan du Gutierrezek. «Estigma izaten dute errepikatzaileek, eta autoestimuan ere eragiten die: ikusten dute ikaskideak hurrengo mailara igaro direla eta haiek lehengoan daudela». Ikasle eta irakasle gehienak bat datoz: porrot sentipena dakar errepikatzeak, eta lan handiagoa egin beharra harremanak izateko. ISEI Irakats Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak egindako ikerketa batek agertu du egoera hori. «Errepikatu dutenek eta ez dutenek diferente ikusten dute eragina», azaldu du Amaia Arregi ikertzaileak. Ondorioei garrantzia kentzera jotzen dute errepikatzaile askok.

Nerabeek errepikatzen dute gehien, 13-15 urtekoek. «Adin zailean daude, eta ez dute adierazten arazoak dituztela errepikatzearen ondorioz. Baina badituzte: lagunengandik banandu egiten dira». Marian Ozkariz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordeak esan du irakasleentzat ere ez dela ona ikasleek errepikatzea.

Emaitzak, ezbaian

Alde pertsonaletik kalterako da, eta, heziketaren ikuspegitik, gero eta zalantza gehiago daude. Gonzalez: «Ikerketa gehiagok diote errepikatzaileek oso gutxitan lortzen dituztela emaitza hobeak. Zalantzan dago eraginkortasuna».

ISEIren ikerketek berretsi dute emaitza kaskarragoak dituztela errepikatzaileek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, DBHko 2. mailan egin zuten proba: Matematikan, batez beste, 512 puntu lortu zituzten ikasleek; errepikatzaileek soilik, berriz, 499. Alde «esanguratsuak» direla adierazi du Arregik. Beste datu bat: mutilak dira errepikatzaile gehienak.

Herrialde batzuetan egin diete kasu errepikatzeak baliorik ez duela dioten ikerketei, eta aldatu egin dute sistema: maila gainditu egiten dute ikasleek, suspentsoak pilatu arren. Finlandian, adibidez, oso salbuespenekoa da ikasle batek maila bat bi alditan egitea.

«Zailtasunak dituztenentzat laguntza handiak jartzen dituzte han», argitu du Gutierrezek. Lehenago esku hartzen dute, eta errepikatzea saihesten. Euskal Herrian, ordea, huts egiten dute horretan. «Ohituta gaude esatera DBHko 4. mailan suspentso asko dituenak porrot egin duela. Baina ikasle horrek lehenago egin du porrot, askoz lehenago», ohartarazi du Gonzalezek. Horren garrantziaz ohartuta daudela esan du Ozkarizek, eta lehentasuna dela: «Prebentzioa da garrantzitsua, eta zailtasunen bat ikustean berehala esku hartzea. Askoz errazagoa da garaiz zuzentzea azkenera arte zain egonda baino».

Ekimenak abiatu dituzte azken urteetan Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. «Ahalegina egin da: dibertsifikatze taldeak sortu dira. Talde txikiagoak izaten dira, eta ikasleei egokitutako bidea jartzen dute, curriculuma moldatuta», azaldu du Gutierrezek. Badaude baliabideak? Baietz diote Nafarroako Eskola Kontseiluko buruak eta Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordeak. Ozkariz: «Dauden eskola orduetarako baino langile gehiago ematen zaizkie eskolei, eta ahalmena badute laguntzak jartzeko». Gonzalez: «Arazoa ez da baliabideena. Horiengatik balitz, arrakasta handiagoa beharko genuke».

Krisiak izan du eragina, nolanahi ere. «Zailtasunak daude», esan du orientatzaileak. Irakasleen elkarteek ikasturte hasieran ohartarazi zuten laguntzekin arazoak daudela, ikasleko irakasle gutxiago daudelako; Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, etengabe kentzen ari dira laguntzaileak, eta hurrengo eskola sartzean ere hori bera egin nahi dute.

Laguntza jaso arren suspentso asko pilatuz gero, errepikatu egin behar du ikasleak. «Bi-hiru ikasgai badira, irakasleek erabakitzen dute zer den probetxuzkoagoa, pasatzea edo errepikatzea», esan du Gutierrezek. Maisu-maistrek ondo ikusten dute errepikatzea. ISEIren ikerketan, %87k esan zuten neurri ona dela. Arregi: «Ikasle heldugabeei laguntzen diela uste dute askok, baina ez dituzte ezagutzen errepikatzearen ondorioei buruzko ikerketak».

Ikasle motaren arabera

Errepikatzearen balioa ikaslearen araberakoa dela uste dute Gutierrezek eta Gonzalezek. «Askotan gertatzen da ikasleek beste era bateko heziketa nahi dutela, edo lanean hasi. Kasu horretan, errepikarazteak ez du balio. Arazo gehien horrelako ikasleekin izaten da», adierazi du orientatzaileak. Beste estudiante mota bat deskribatu du eskola kontseiluko buruak: «Kostatzen zaien ikasleentzat balio du, laguntza jarrita aurrera egiten dutenentzat».

Errepikatzaileentzat plan bat egiten dute maisu-maistrek ikasturte berrirako. «Ikasleek zailtasunak zergatik dauzkaten jakitea da garrantzitsuena, eta horiek gainditzeko egitasmo bat egitea», azaldu du Ozkarizek. Baina guztiek onartu dute alor horretan zer egin asko dagoela ikastetxeetan. «Badakigu praktikan konplexua dela plan horiek martxan jartzea», aitortu du sailburuordeak.

«Errepikatzeagatik errepikatzeak ez du funtzionatzen», nabarmendu du orientatzaileak. Gainerakoek ere babestu dute adierazpen hori. Kontua da hutsunea dagoela berriro egin beharreko ikasturtea diseinatzean. «Hezkuntza komunitateak edo ez du egiten edo gehiago kostatzen zaio horri erantzutea». Egoera aldatu beharra nabarmendu du Gonzalezek: «Argi esateko: ezin da emaitza desberdina lortu gauza bera eginda bi ikasturteetan. Arazoa da ikasleei ez diegula egiten hezkuntza planteamendu eraginkorrik. Errepikatzaileei neurri berak ezartzen segitzen dugu».

Kasuak banaka aztertzearen eta ikasle bakoitzaren egoerara moldatzearen beharra nabarmendu dute. «Bestela, azkenean, ikasleak errepikatuko du behin, eta hurrengoan automatikoki pasatuko du ikasturtea, suspentso mordo bat izanagatik ere. Eta hori gertatu egiten da», ohartarazi du eskola kontseiluko buruak. Eta amildegia gertu izaten da. Arregi: «Irakasmaila bat errepikatzea, beste adierazle batzuen artean, arrakastaren edo eskola porrotaren seinale bat da». Hegoaldean, hamar ikasletik batek ez du lortzen DBHko titulua.

Familiaren garrantzia

Ikasle bakoitzaren beharrei nola erantzun asmatu behar du hezkuntza sistemak. Gonzalezek nabarmendu du, hala ere, ez dela hori eskolen egitekoa soilik. Familien garrantzia gogorarazi du: «Maiz, ez zaigu axola gure seme-alabak ikasturtea pasatzea sei suspentsorekin. Igarotzea nahi dugu. Falta zaigu kultura hori: umeen heziketa dela garrantzitsua, behar dituztela erremintak gizarteratzeko eta laneratzeko».

Aldaketak ezinbestekoak dira, baina nolakoak? Automatikoki mailaz pasatzea dago mahai gainean, Europako beste herrialde batzuek egiten dutenez gero. Sailburuordeak uste du legea aldatu gabe ere badagoela hobetzeko biderik: «Aukerak badaude. Sakondu behar dugu bide honetatik: arazoak antzeman orduko, esku hartu behar da, ondo hartu ere. Hori egingo bagenu, oso txikiak lirateke errepikatzaileen kopuruak».

Mailaz igotzearen aldeko iritziak zabaltzen ari dira: ISEIren ikerketan, hori babestu zuten hamar ikasletik zortzik eta hamar irakasletik zazpik; hori bai, maila suspentsoekin igarotzen dutenei laguntza jartzea ezinbestekotzat jotzen dute. Dirua da hori. Baina egungo egoera ez da hobea: ikasleen laurdenek behar baino urtebete gehiago egiten dute eskolan. Gonzalez: «Errepikatzea garestia da. Diru hori beste neurrietan erabilita, asko egin ahalko genuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.