Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Herritarren Partaidetzaren Batzordean hitz egin du Francisco Etxeberria auzitegi mediku eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak, EH Bilduk eskatuta. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 1978 eta 1999 bitartean izandako "legez kontrako errepresio-egoeretan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta ordaina emateko lege-proiektuaren inguruan" iritzia eman dezan deitu dute Etxeberria.
Testua "oso ongi egituratua" dago biktimei arreta emateko, Etxeberriaren esanetan, baina zehaztapen ugari egin ditu. Besteak, beste, azaldu du "oso ongi pentsatua" dagoela "lesio fisikoetarako, baina oso gutxi pentsatua lesio psikologikoetarako". Garrantzitsutzat jo du hori, torturatuen parte batek ondorio psikologikoak dituelako. Horregatik, beharrezkotzat jo du psikologoek ere aztertzea tortura kasuak.
Izan ere, balorazio batzorde bat sortuko da lege proiektuak aurrera eginez gero, eta hura arduratuko da biktima izaerari buruzko aitorpena baloratzeaz eta, hala dagokionean, proposatzeaz. Batzordean Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuko hiru auzitegi aditu egongo dira. Legearen arabera, kalteak, lesioak edo sekuelak baloratzea izango da Balorazio Batzordearen funtzioa.
Gainera, Etxeberriak nabarmendu du "lesioak" hartzen direla aintzat lege egitasmoan biktima izaera frogatzeko, baina ez heriotza. Auzitegi medikuek aztertu beharko lituzkete torturen eraginez hildakoen kasuak ere, Etxeberriaren ustez. Bestalde, kezkatuta agertu da jurisprudentziak auzitegi medikuen lanean izan dezakeen eraginaz. Mikel Zabalzaren kasua jarri du adibide gisa: "Auzia artxibatzen duen ebazpen bat badago, horrek baldintzatu dezake auzitegi medikuen lana".
Tortura kasu guztiak aztertu ahal izango dituzten galdetuta, ezkor da Etxeberria, besteak beste "milaka" direlako. Kasu bat aipatu du; Istanbulgo protokoloa ezartzea onartu zuen bati ezin izan zizkioten frogak egin, ezin zuelako testigantza ematen jarraitu. Beste bat erietxeratu egin zuten testigantza eman zuen egun berean.
Biktimen ahotsa batzordean
Gai beraz hitz egiteko, Egiari Zor fundazioko ordezkariek ere agerraldia egin dute. Mikel Martinez de Murgiaren hilketa kontatu du Begoña arrebak: 1972n, Lekeition, Guardia Zibilarekin negoziatu zuen bere burua entregatzea, baina sendagileek senideei esan zieten 20 bala zulotik gora zituela gorputzean, bizkarretik emandako tiroen eraginez. Eneko Etxeberriak, berriz, haren anai Joxe Migel Etxeberria Alvarez Naparra-ren desagertzearen kasua ekarri du gogora. Ziburun ikusi zuten azken aldiz, 1980ko ekainaren 11n. Batallon Vasco-Español taldeak bere gain hartu zuen bahiketa, eta hilaren 30eko komunikatuan esan zuen bahitua exekutatu eta Xantako inguruan lurperatu zutela. Ez zuten gorpua aurkitu, eta auzia artxibatu zuen Auzitegi Nazionaleko epaile Ismael Morenok.
Ibon Larrinagak ere bere testigantza azaldu du. 1988ko apirilean, 14 urte zituela, Espainiako Poliziak jaurtitako pilotakada bat jaso zuen begi batean, eta horren ikusmena galdu zuen. Auzitara jo zuen, baina ez zuten epaiketarik egin. Adin horrekin bizitakoak eragin handia izan zuen ikasketetan, senide nahiz lagunekin zituen harremanetan eta gerora lan munduan, Larrinagaren esanetan.
Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak apirilaren 28an onartu zuen lege proiektua.