Errepresioa «bide antzua» dela erran dute Nafarroako hainbat auzipetuk

Beren konpromiso politikoa berretsi, eta halako egoeren aurka mobilizatzera dei egin diote gizarteari

Nafarroan azken urteotan auzipetutako hainbat pertsonak agerraldia egin dute Berriozarren. Erdian, Lopez eta Urrutia. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Berriozar
2012ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
«Hemen gaude, eta gure agerraldiak argi uzten du errepresioarena, tresneria politiko eta judiziala erabiltzen duen errepresioarena, bide antzua dela». Mezu hori zabaldu nahi izan dute Nafarroan azken urteotan atxilotu eta espetxeratu dituzten dozenaka lagunek. Horregatik, «atxiloketak eta espetxeratzeak diseinatu dituztenei» bide hori uzteko eskatu diete. Gizarteari ere egin diote eskaera bat: «Guk ditugunen gisako egoerak iraganeko kontuak izan daitezen, urratsak egin ditzala».

Eskubide zibil eta politikoen kontrako erasoak salatzea galdegin diete herritarrei, bai eta datozen hilabeteetan prestatuko dituzten mobilizazioetan parte hartzea ere. Beren konpromiso politikoa berretsi dute auzipetuek, eta mobilizazio horietan «protagonista» izanen direla azpimarratu dute.

Berriozarren egin dute auzipetuek agerraldia. Haien izenean, Oihana Lopez eta Patxi Urrutia mintzatu dira, euskaraz eta gaztelaniaz. 2007. urtetik, Nafarroan 87 pertsona atxilotu, eta haietako 80 auzipetu dituzte. Denek espetxean eman duten denbora kontuan hartuta, 81 urtetik goitiko zigorra ematen du batuketak. Bermeak ordaintzeko, berriz, 760.000 euro gastatu dituzte denen artean.

Gaur egun, 23 pertsona daude espetxean, eta horietako hamasei, behin-behineko egoeran. Bertze 57 lagun kalean dira, baldintzapean aske. 57 horietako 50 epaiketaren zain daude oraindik ere, eta bertze zazpiak, berriz, epaia noiz jasoko zain.

Auzipetuek ez dute zalantzarik: «Euskal Herrian garatutako errepresio olatu baten parte izan gara. Agerian gelditu da, beste behin, estatuak erabiltzen duen errepresio laborategia izan dela Nafarroa, eta oraindik ere badela, eskubide zibil eta politiko oro kriminalizatzeko eta zigortzeko», erran du Lopezek.

2010. urteko abenduan atxilotu zuten Oihana Lopez, Burlatan, Segiko kide izatea leporatuta, eta joan den martxoan utzi zuten aske, 30.000 euroko bermea ordaindu eta gero.

Torturak eta sakabanaketa

«Min handia egin digute, baina ez dute lortu gure auzo eta herrietako errealitate politikoari begira dugun konpromisoa zapuztea», nabarmendu du Lopezek. Atxilotutako pertsonek torturak, miaketak, sakabanatzea eta bertze pairatu behar izan dituztela gaineratu du Lopezek. «Ez gara polizia etxeetan edo epaitegietan diseinatutako sumarioetako zenbaki hutsak; horregatik, ozen diogu: auzipetuak? Bai zera! Gure herri eta auzoetako egunerokoan parte hartzen duten pertsonak gara gu».

Eguneroko horretan, hain zuzen ere, eragin zuzen eta nabarmena dute atxiloketek eta espetxeko esperientziak. Horixe azpimarratu du Patxi Urrutiak. 2008. urteko otsailean atxilotu zuten Urrutia, eta 2009. urteko azaroan utzi zuten aske, 30.000 euroko bermea ordaindu eta gero.

«Ez dago normal bizitzeko modurik; ez dakigu epaiketa eginen diguten edo ez; epaiketarik bada, noiz izanen den; lan bila dagoenarentzat egoera horrekez du batere laguntzen. Etorkizunean zer gertatuko den ez dakigu».

Baldintzapean aske diren pertsonen errealitate hori salatzeko, ekainean eta sanferminetan mobilizazioak prestatuko dituztela iragarri dute Nafarroako auzipetuek. Karrikan egon nahi dute, eta herritarrek ere karrikara ateratzeko urratsa egitea espero dute. Horretarako deia egin diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.