Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zutela 80 urte bete ziren atzo. Hala, omenaldi ugari egin zituzten Euskal Herriko hainbat herritan, eta zenbait alderdik ere urtemuga gogoratzeko ekitaldiak egin zituzten. Bide batez, maiatzeko hauteskundeei begira kanpaina egiteko baliatu zituzten ekitaldiok.
Nafarroa Baiko hautagaiak, esaterako, Iruñean izan ziren. Patxi Zabaleta Nafarroako Parlamenturakohautagaiak eta Ana Barrena Iruñeko Udalerako hautagaiak memoria historikoa berreskuratzearen aldeko hainbat proposamen egin zituzten. Besteak beste, Ezkabako gotorlekua oroimen historikoari buruzko museo bilakatzea proposatu zuten.
Eibarren (Gipuzkoa) izan ziren Aralarreko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udal eta foru hauteskundeetarako hautagaiak. Jon Abril koordinatzaileordeak errepublikaren balioak goraipatu eta Euskal Errepublikaren alde lan egiteko deia egin zuen. Horretarako, Aralarrek erakundeetan «abertzale eta subiranisten arteko gutxieneko akordio politikoa» bultzatuko duela jakinarazi zuen Abrilek.
Ezker Batuak, berriz, Bilbo aukeratu zuen II.Errepublikari gorazarre egiteko. Julia Madrazo Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagaiak iragarri zuenez, datorren legealdian Espainiako monarkia erakunde «non grata» izendatzeko proposamena aurkeztuko du Bizkaiko Batzar Nagusietan eta Bilboko Udalean. «Monarkiak Francoren diktaduran du jatorria, eta ez da sekula demokratikoa izango».
Bilduk, bestalde, Sartagudako (Nafarroa) bizilagunek gerra zibileko biktimei eta desagertuei eskainitako lore eskaintzan eta ekitaldian parte hartu zuen, herritarrek beraiek gonbidatuta. Bikendi Barea Nafarroako Parlamenturako hautagaiak adierazi zuenez, «memoria historikoa berreskuratzea funtsezkoa da errepresioaren biktimen eskubideak bermatuak izateko». Bilduk erakundeetan biktimen «egia, justizia eta aitortza» eskubideen alde lan egingo duela hitzeman zuenBareak.
Errepublikaren balioak goraipatu dituzte euskal alderdi ugarik
NaBaik, Aralarrek, Bilduk eta EBk II. Errepublikaren urtemuga ekitaldietan parte hartu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu