Ezker Batuko koordinatzaile nagusi Mikel Aranak «deuseztatzaile» baten moduan jokatzen duela uste du alderdiko Kontseilu Politikoak, eta, hori dela-eta, errespetuz betetako «zatiketa» egitea eskatu dio. Arabako krisiaren ostean, zatiketaren atarian dago alderdia. Javier Madrazoren aldeko kideek gehiengoa dute Kontseilu Politikoan eta hango kide Jose Navasek gogora ekarri du Ezker Batuko sektore kritikoak eskua luzatu izan diola behin baino gehiagotan Aranari alderdi barruko arazoak konpontzeko asmoz, baina hark «beti» atea itxi dietela salatu du. Egoera horretan aurkitu izan diren bakoitzean, «irain gehiago», eta Ezker Batuaren «banaketa gauzatzeko bultzada handiagoa» jaso dituztela ere salatu du Navasek.
Horrenbestez, Navasen ustez, Ezker Batuaren banaketa dagoeneko gauzatuta dago. Hori bai, prozesu horretan Aranaren aldekoek «garbi jokatuko» duten itxaropenez azaldu zen, eta eskatu zuen, «bide bakarra banaketa bada, modu baketsuan, errespetuzkoan, tolerantean, eta konfrontaziorik gabekoan egin behar dela».
Ezohiko batzar orokorra deitu du Kontseilu Politikoak urriaren lehenerako. Navasen arabera, «baliozkoa eta legezkoa» izango den batzar «bakarra» da beraiek deitutakoa. Aranak gidatzen duen sektoreak, berriz, azaroaren 12rako deitu du batzarra.
Kontseilu Politikoak Aranaren dimisioa ere eskatu du, eta koordinatzaile nagusiak ez duela Ezker Batua ordezkatzen adierazi du. Madrazoren aldeko sektoreko kideak esan du alderdiko koordinatzaile nagusia «frankotiratzailea» dela. Izan ere, EAJri dirua eta lanpostuak eskatuizana leporatu zien Aranak alderdiko hainbat kideri, eta salaketa hori «informaziorik alderatu gabe» egin zuela adierazi zuen Navasek atzo emandako prentsaurrekoan.
«Gainkarga»
Alderdi jeltzaleak eta Ezker Batuak Araban izandako negoziaketa politikoetan parte hartu zuten Kontxi Bilbaok eta David Lozanok. Horregatik, EAJri egindako eskakizunen inguruan azalpenak eman zizkioten alderdi kide horiek Kontseilu Politikoa osatzen duten kideei. Bilbaok emandako azalpenak bere egin zituen Lozanok, Aranaren hitza kontrajarriz.
EBko bi alderdikide horien arabera, EAJk ez zituen onartu fiskalitatearen inguruko eskaerak, eta hori dela-eta, Xabier Agirre EAJko hautagaia ez babestea erabaki zuen Arabako militantziak.
Navasen iritziz, Aranak eta Cayo Lara IUko koordinatzaile nagusiak egindako adierazpenen «gainkargarekin» hasi ziren negoziazio haiek. Izan ere, Navasen arabera, «EAJ babestea» erabaki zuten bi koordinatzaileek.
Aranak alderdiko kutxaren haustura ez dela gertatu esan zuen arren, eta alderdiko kontuen berri izan gabe bi urte daramatzala esan arren, Kontseilu Politikoak ikerketa ireki du hori horrela den ikertzeko. Kutxa bakarra hautsi dela frogatzen bada, zigorra ezarriko litzaioke alderdiko koordinatzaile nagusiari.
«Errespetuzko zatiketa» egiteko eskatu diote Ezker Batuko kritikoek Mikel Aranari
«Baliozkoa eta legezkoa» izango den batzar «bakarrerako» deia urriaren 1erako egin du kontseilu politikoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu