Immigrazioa

Erresuma Batuan migratzaileak sartzen zituen sare bat desegin dute

Santurtziko (Bizkaia) eta Santander (Espainia) portuetara zihoazen kamioi hozkailudunak baliatzen zituzten migratzaileak sartzeko.

Erresuma Batura doan ferry bat, Santurtzin. LUIS JAUREGIALTZO, ARGAZKI PRESS
2018ko urtarrilaren 19a
17:07
Entzun

Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak sei pertsona atxilotu dituzte, horietatik bat Bilbon eta bost Valentzian, Herrialde Katalanetan. Espainiako Gobernuko iturrien arabera, Iraken menpeko Kurdistango herritarrak Erresuma Batuan sartzea zen taldearen helburua, eta horretarako Santurtziko eta Santandergo portuetara zihoazen kamioi hozkailudunak baliatzen zituzten.

Ikerketa iazko otsailean abiatu zuten Teruelen (Espainia), familia bereko sei etorkin kamioi batean ezkutatuta aurkitu zituztenean. Sareko kideek kamioi gidarien atsedenak baliatzen zituzten migratzaileak ibilgailuetan sartzeko, eta han 30 eta 40 ordu artean egin behar zituzten, lau graduz azpiko tenperaturetan.

Trafiktzaileek 3.000 euro inguru jasotzen zituzten migratzaileak Europan sartzearen truke; ordea, airez sartu ahal izateko 10.000 euroraino ordaindu behar zituzten.

Frantziak Calaiseko kanpalekua desegin zuenetik, handitu egin da Erresuma Batura sartzeko Santurtziko portua baliatzen dutenen kopurua. Iazko azaro eta abenduan, esaterako, Erresuma Batura doan ferryra sartzeko astean 130 saialdi egin dituzte migratzaileek.

Zenbaitek bidaiarien laguntza bilatzen dute muga zeharkatu ahal izateko. Hori egin zuten bi emakume britainiarrek, baina mugan atzeman eta bost eta sei urte arteko kartzela zigorrak ezarri zizkien Londresek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.