Migel Mindegia

"Erretiratu... Aizkorak hor daude; ni, oraindik, hemen zutik"

Historiako aizkolari onenetakoa, dakitenek diotenez. Haren aizkorak ez omen du alferreko kolperik ematen. 16 urterekin irabazi zuen lehen txapela eta 60rekin Larretxearen kontra jokatu zuen, eta galdu azken apustua... Oraingoz. Migel Mindegiaren (Ezkurra, 1949) palmaresa ikusgarria da. Zenbat txapelketa, zenbat marka, zenbat apustu gogoangarri! Hainbeste egindakoari, baina, zail egiten zaio, oraindik, haiek iraganean uztea.

Irune Lasa.
2013ko maiatzaren 12a
17:17
Entzun

Esan didate lehenengo gauza galdetzeko ea noiz erretiratu behar duzun.

[Barreak] Baina aizkora utzi samartuta nago. Erretiratu... Hori... Bizioa izaki, eta ez dakigu zer pasa daitekeen. Erretiratu, erretiratu... Ez dakit, ba, noiz... Lehiaketak utzita dauzkat, eta... Ez dut egiten aizkoran orain, utzita nago.

Baina erretiratu zarela esatea gogorra egiten zaizu, oraindik.

Bai. Azkenengo hitza da hori eta ez dut eman nahi oraindik. Lehengo urtean, herriko festetan pixka bat aritu nintzen... Nik hori esaten badut orain, erretiratu naizela, eta gero ateraldi bat egiten badut... Igual egin dezaket beste ateraldi bat, ez dakit ba. Baina lehiaketetan aritzeko ez... Adina ere aurrera joana daukat eta, gainera, hemen baserrian lan asko edukitzen dut, ongi preparatzerik ez daukat. Horiek denak jada gainera etorri zaizkit. Urteak gainean, eta urteekin ez da erraza.

Zenbat urte dituzu?

[Ahapeka] Asko... asko... 64 orain egin berriak. Lehen, urte horiekin, gizonak zaharrak ikusten ziren, eta, orain, ni ikusiko naute zaharra.

Ez dakit, ba. Oraindik, baten batek izango lizuke beldurra aizkoran egiteko

Beldur pixka bat, bata bestearena, behar izaten da. Baina ez, sasoian dagoen zenbaitek ez luke beldurrik eduki beharko nire kontra egiteko aizkoran.

Jarduten al zara aizkorarekin?

Oso gutxi. Jardun ahalko nintzateke gehiago, pixka bat jarduteko abilidadea badaukat, baina utzita daukat.

Oraindik gerriak ondo al dituzu horretarako?

Gerriak ondo egoten dira nekea ematen ez diezunean. Eta nekea emandakoan gerriek sentitu egiten dute. Hori da pasatzen da. Nola ofizio gogorra den aizkora, gorputz guztiak sentitzen du entrenamendu gogorrak egiten badituzu. Gerri aldetik eta, ongi nabil baina entrenamendu gogorrik ez dut egiten. Eguneroko lanean ordu asko bai, ganaduekin eta. Baina esfortzu handirik egin gabe. Horrela da bizimodua, baserrian lan asko daukagu, ganadu asko eta lan asko. Etekin askorik ez dago, baina ahal dugun arte, behintzat, jardun egin behar.

ZubietakoAzkarate Borda baserrian bizi da Mindegia. Esnetarako 90 bat behi dituzte.
Zubietako Azkarate Borda baserrian bizi da Mindegia. Esnetarako 90 bat behi dituzte. Jagoba Manterola / Argazki Press

Txapelketak eta jarraitzen dituzu?

Bai, afizioa izan dut eta gustatzen zait ikustea. Gazte bat ere badago nirekin dabilena entrenatzen, Ander Erasun, eta horien inguruan ateratzen naiz txapelketak ikustera. Erakustaldiak eta, ahal dudanean, modua dudanean.

Eta zer iruditzen oraingo aizkolariak?

Lehen ere, oso onak gutxi ateratzen ziren, eta orain ere gutxi aterako dira. Baina gogoarekin eta ikusten dira, gazteak badaude franko onak heldu direnak. Aizkolari onak aterako dira, nik uste.

Apustuak pixka bat gutxituta ez al daude?

Aurtengo neguan jokatu dira, baina urte batzuk izan dira apustu askorik jokatu gabe. Ez dakit, elkarren beldurrez-edo... Gero, orain, erakustaldi asko egiten du jendeak telebistan eta elkar ikusi samartuta daude; ez da halako txokerik ikusten. Apustu egitea ez du merezi sarrerako dirurik ez badago, eta sarrera izateko hori behar da, elkarrekin gutxitan izan aurrez aurre. Orain, telebistan-eta, urrezko aizkorak direla-eta abar, asko ikusita daude aizkolariak, eta horregatik ez da jendea hainbeste joaten apustuak ikustera. Eta, beharbada, horregatik ez dira egiten. Gure garaian apustuak dezente jokatzen genituen, orain baino gehiago.

Apustuak akuilu ona dira aizkorarako.

Apustu egiten baduzu, serio preparatzen zara, eta hobetzeko ere motibatu egiten da. Zure gaitasunak norainokoak diren hobeto ikusten da. Gero, orain, lan txikitara dago dena. Lehen alderantziz izaten zen, hamar edo hogei egur jokoan; hura gogorragoa zen. Orain defenditzen dira errazago, egur batera eta bi txanda librean eta.. Horrela daude egungo ikuskizunak.

Horiei oraindik buelta ederra emango zenieke zuk lan luzeagoetan.

Beno, zenbaiti igual bai; askori ez baina... Ni lan motzean ongi defenditu naiz, baina emaitzak onak lan luzera eman ditut.

Aizkora apustuak eta txapelketa (1949-2009) liburuan, zure biografian, hiru apustu aipatzen ditu Antton Espelosinek, eta horietako bat, hain zuzen, lan luzekoa izan zen. 1983an lau orduan baino gehiagoan jardun zineten Mendizabal eta zu

Jo...

Nola egiten da hori, lau ordu eta erdi aizkoran?

Lau ordu eta erdian... Lan asko zelako pasatu zen denbora [barrez]. Izugarrizko lanak dira. 52 ziren kana erdikoak, eta, horiekin batera, sei egur handitako lana sartuta zegoen; halaxe, 52 eta 52, 104 kana erdikoren lana. Joko hori atera zen... Nire eta Mendizabalen arteko tema ez zen izan. Izan zen, gehienbat, guri laguntzen ari zirenek horretara bortxatu gintuztelako. Guk normalean ez genuen egingo joko hori, baina guri laguntzen ari zirenak harro samar zebiltzan, bi aldeetatik, eta, amore ez emateagatik kristoren lanak hartu ziren.
Hala, gero, amore ez genion eman nahi elkarri, jokatzera ailegatu ginen, eta, behintzat, bukatu genituen lanak. Eta uste dut lotsagarri ez genuela utzi joko hura. Nik galdu egin nuen, baina beti izaten dut nik nuen guztia eman gabe galdu nuela... Lan erditako denboran agertu zitzaidan nerbio bat edo, tripa barrutik, eta kristoren mina ematen zidan. Nik jardun nuen baina beti min hartuz, sufrituz, sufrituz.
Azkenean, lanak bukatzera joan nintzen eta bukatu nituen. Baina, geroztik, beti iruditu izan zait dena eman gabe gelditu nintzela egun hartan. Baina... Jokoak horrela izaten dira... Azkenean, lan horiek denak egin nituen eta nekatu gabe gelditu nintzen. Hori berriz jokatzerik ez zegoen eta hantxe gelditu zen. Baina, geroztik, Mendizabalekin nik joko asko jokatu ditut, eta erakutsi nion hura baino gehiago nintzela aizkoran. Egun hartan ez, egun hartan berak irabazi zidan.

Lau ordu eta erdi aizkoran jardun eta nekatu gabe bukatu?

Bai, nekatu egiten da. Baina jokoa jokatzen denean desegin arte jotzen duzu, on ez zarela ibiltzeko. Eta ni orduan hizketarako, arrazoiak emateko-eta, oraintxe bezala ongi nengoen. Bihotz aldetik fresko gelditu nintzen, motorra ongi gelditu zen.

Kanako enbor batekin Doneztebeko pilotalekuan. Halako lau ebaki zituen ordu, minutu bat eta 49 segundotan.
Kanako enbor batekin Doneztebeko pilotalekuan. Halako lau ebaki zituen ordu bete, minutu bat eta 49 segundotan. Jagoba Manterola / Argazki Press

Beste apustu aipagarri bat, Arrospide eta Mendizabalen kontrakoa, zu biren kontra.

Bai, hura ondotik izan zen [1986an].

Eta irabazi

Bai... Uste dut orduan nengoela ni sasoirik hoberenean. Geroztik, pentsatzen egoten naiz, lan hori pertsona batek egiteko, oso marka handia da. 40 ebaki nituen nik eta haiek 41. Batek 21 ebaki zituen, eta besteak 20. Eta aizkolari onak ziren. Kategoriarik edo neurririk ez duten biri jokatzea... Baina haiek biak txapeldunak ez baziren, txapeldunordekoak, hortxe ibiltzen zirenak ziren. Eta haiei biei hala eustea izugarria izan zen.

Zein plazatan egin zenuten hori

Hori Tolosan.

Eta jendea...

Jende asko, eta, jendea zoratuta. Nik 40 egur ebaki nituen, arnasa hartzera gelditu gabe, jo eta moztu, jo eta moztu. Eta marka hortxe dago 73 minutu, 40 kana erdi. Eta orain 20 ebakitzen ere... Bina minutuz azpitik sartzen kosta egingo litzaieke, eta, lana bikoizten denean, beti gizona mermatu egiten da...

Zer sentitzen da aizkorako mito bat zarela ikustean?

Zer esango dizut nik... Niretzako, hori normala zen, nik neronek erraz egiten nuen aizkoran. Baina ez da erraza... Ordukoak ikusten dira, eta oraingoak ikusten dira eta non gelditzen den. Erloju bera dago eta neurriak berak dira egurrarenak. Gustatuko litzaidake lan horietan norbait hastea, probatzea, ikusteko. Markak jartzen ere aritu izan naiz, 20 kana erdi 31z azpitik jarri nuen eta hori kristoren marka da. Gustatuko litzaidake norbait horiek egiten saiatzea.

Horrela ikusiko litzakeelako zure marken neurria.

Orduan sasoia neukan, erraz egiten nuen aizkoran...

Norbera jaiotzen da horrela? Edo txikitatik hasi behar da? Edo entrenamendua da...?

Gauza asko behar dira eta denak onak. Afizioa behar duzu, txikitatik hasi behar duzu, indartsua izan, prestatzeko ere txintxoa izan behar duzu. Eta, buruz jokatu behar da, indarra izatea ez da aski; indarra alferrik galtzen bada, gastatzen denean ez da izaten. Horiek denak denbora berean eraman behar dira eta ez da erraza. Aizkolariak ni baino indartsuagoak inguruan egon dira, indartsuagoak indarraz, baina lanean hasten ginenean nik berdindu egiten nituen.

Burua ere behar da orduan.

Jotzea ez da aski. Kolpea nola doan... Denak kontzentratuta joan behar du ofizio horretan. Badakizu, plazan itsutu egin daiteke gaitasuna ez duena. Igual kolpea okerreko lekura eraman eta itxi, eta hala hasita... ezin bukatuz... horiek danak kontrolatzeko gaitasuna behar da. Ari den denboran pentsatu beharra dago. 'Jozak! Jozak!' esaten dute handik, baina nik, erakusten ari naizenean, inori ez diot esaten jotzeko. Abildadea daukanak berak jotzen du. Jo baino gehiago da: Kontrolatuta, egur bakoitzari zazpi-zortzi kolpe irabaziko dizkio eta hori asko da. Bestea zazpi-zortzi kolperekin eskapatzen da, eta orduan oraindik apuro gehiagorekin hasten zara eta norbera ito egiten da askotan.
Nik txikitatik banuen etorkizuna edo... Nire aita zenak izaten zuen nirekin esperantza handia. Apustu hau jokatu edo marka hau egin behar dut esaten nionean esaten zuen: "inork egitez gero hik egingo duk".

Harro izango zenuen aita.

Bai.. (Irribarre zabala). Harro ikusten zen bai. Hark sentitzen zuen banuela nik klasea, zerbait berezia aizkorarako.

Aizkorarako jaio zinen.

Hala uste dut. Hala uste dut.

Garaipena. 57 urterekin, 2006an, Olasagastiri nagusitu zitzaion Tolosako zezen plazan.
Garaipena. 57 urterekin, 2006an, Olasagastiri nagusitu zitzaion Tolosako zezen plazan. Jon Urbe / Argazki Press

Beste zein aizkolari miresten duzu?

Aizkolari oso onak izan dira, orain ere badaude, baina aizkolari oso onak izan dira. Arria bat (Arria II.a) aizkolari izugarria zen. Beharbada, nik adinako sasoirik ez zuen izaten, baina lan motzetan oso aizkolari handia zen. Mendizabal bera; hura berriz lan luzetan ongi moldatzen zena. Arrospide bera, aizkolari ikaragarria izan da, indartsua, eta hor daude markak eta txapelketak, hark eginak. Olasagasti, zer esanik ez dago, Larretxea bera ere bai, aizkolari handia... Hor talde bat izan ginen oso lehiakor ibili ginenak urte batzuez.

Zeini irabazten zenion gogo gehiagorekin?

Ez, gogo gehiagorekin denei. Txapelketa batean denak dituzu aurkari, ez dakizu nork egingo dizun eraso... Han ahal duenak ahal duena egiten du. Hoberenari irabaztea gustatzen zitzaidan.

Beste apustu gogoangarria: Olasagastiri irabazitakoa 2006an.

Bai Olasagastiri irabazitakoa eta Larretxeari galdutakoa (2009an.) Horiek ere hor daude. Nik urte askorekin jokatu baitut. Olasagastirekin jokatu nuenean, 58 urte neuzkan. Kontuak atera itzazu, kirolari baten adinik hoberena ez dela, eta, hala ere, lana izugarri egin, eta Olasagastiri irabazi. Eta gero, azkenekoa: irabazitakoak bakarrik ez ditugu kontatu behar, eta galdutakoak ere bai. Larretxearekin azkenekoa... Ongi prestatuta atera nintzen, baina egun txarra izan zen niretzat, eta, gainera, 60 urte neuzkan. Gorputzari gehiago eskatzea 60 urterekin oso zaila da. Zorte txarra izan nuen egur gogor batekin, alde egin zidan Larretxeak, eta gero harrapatzerik ez nuen izan. Joko handia izan zen hura ere, 60 urterekin egiteko.

Igual arantzatxo horrek ez dizu uzten erretiratzen...

Ez... Erretiratu... zer esango dizut... Aizkorak oraindik hor daude; ni, oraindik, hemen zutik. Lanerako, behintzat, balio dut. Eta egur bat edo beste mozteko ere egingo nuke, oraindik... Pixka bat zainduta... Baina lehen egindako lanak ikusi, eta berriz aizkoran hastea ez duela merezi ere pentsatzen dut. Aizkoratik ez dago dirurik...

Apustua egiteko ere dirua behar da.

Dirua behar da jokoa egiteko, baina sarrerako dirua ere begiratu behar da. Zuk kontrarioari milioi bat jokatzen badiozu eta nahiz milioi hori galdu, sarreretatik bi milioi etortzen bazaizkizu... Galdu eta, gainera, diruarekin gelditzen zara. Gu, gure denboran, asko defenditu gara horrela.

Orain ere jendea bilduko litzateke Mindegia ikusteko.

Bai, zahar jendeak-eta igual gogoa izango luke, ez dut esaten mordoa liratekeenik, baina... Kexatzekorik ez daukat. Nire zaleak asko izan dira, eta beste aldekoak ere bai. Horrela behar da; bestela, ez litzateke izango jokorik. Jendeari ona ikustea beti gustatzen zaio, niri neuri ere bai. Orain ere, jokoa serio eginez gero, jende puska bat igual joango litzateke baina nire adina ez da sasoi beteko mutil batekin jokatzeko; ez du merezi.

Adin pareko beste batekin...

Ez dago adin parekorik... ez dut uste.

Donato Larretxearen kontra jokatutako apustua galdu egin zuen, 2009ko azaroan. 60 urte zituen Mindegiak orduan.
Donato Larretxearen kontra jokatutako apustua galdu egin zuen, 2009ko azaroan. 60 urte zituen Mindegiak orduan. Andoni Canellada / Argazki Press

Sasoi betean aritu zinen garai haietan... Arraunlariek denboraldia bukatu dutela tabernan igartzen omen da. Zuk apustuak bukatuta...

Zuzen-zuzenean etxera. Ni beti izan naiz lotua baserriko lanarekin. Ez dakit mesede edo kalte izan dudan, baina baserriko lanak lotu egiten zaitu. Goizean beti ordu berean jaiki behar duzu, eta ostatuan egoten bazara berandu arte... Hurrengo egunean gaizki.

Txintxoena zu orduan?

Seguru, seguru. Geure ateraldiak ere egiten genituen, baina ikusten nuen ni baino lasaiago ibiltzen zela jendea. Ni ez naiz beti kirolerako egon den kirolaria. Txapelketen denboran asti pixka bat gehixeagorekin preparatzen nintzen, baina, bestela, baserriko lana beti izan dut nire bizkar.

Beti zuk zeuk eraman duzu zure prestakuntza.

Bai, medikurik eta ez dut izan. Beti nire buruz ibili naiz. Jan aldetik ere, beti nolanahi samar, baserrian zegoenarekin.

Medikuekin, prestatzaile fisikoekin eta gimnasioan ibili izan bazina, agian...

Hori pentsatzen egoten naiz batzuetan. Hobea izango ote nintzen. 43 urte nituenean jokatu nion Olasagastiri eta 44 nituela Arrospideri. Gimnasioan orduan ibili nintzen bi edo hiru hilabetez. Eta mesede handia egin zidan. Sorpresa handia eman nien biei, Arrospide bost edo sei urtez txapeldun zegoen eta jokoa egin eta irabazi egin nion. Gero, hemen baserrian beti gimnasioa duzu, behia dela ardia dela... [barrez].

Aizkoran zuek ikustean... Pentsatu izan dut: gorputzak hartu behar duen zigorra.

Jipoia hartzen du bai, ederra. Baina aurretik entrenamendutan hala ohituta bazaude...

Eta orain badaukazu ondoriorik ordukoa?

Kirola egin dudalako? Ez... Gerriko minak eta ez... Igual izaten dira boladak, baina aizkoran egin ez dutenak ere hortxe ikusten dira, gerriko minaz eta bizkarra okertuta. Entrenamendutan ohituta bazaude, ez da hainbesteko jipoia izaten. Lan berriak bai, lan berriekin minak bazter guztietan, baina gorputza ohitzen da.

Aizkoran ibilita non izaten dira minak?

Booo... Deneeean.. Aizkolari osoa denak, hankako behatzetatik eskutako hatzetaraino, guztiak erabili behar ditu ongi. Geldi-geldirik, besoekin bakarrik, ez da aritzen aizkoran. Dena erabili behar da, hankako zainak, izterrak...

Eta, azukrea urarekin, eta aurrera?

Bai. Azken aldeotan glukosak eta izaten ziren, trago bat egin eta aurrera. Ongi sentitzen ez bazinen masajistarekin buelta bat...

Jendeak oso gogoan dauka Mendizabal nola hil zen.

[Begiak gorritu zaizkio bat batean] Bai... Tristea izan zen, niretzako behintzat... [malkoak eta isiltasuna].

Bo... lagun handiak egin dituzu...

Kontrarioak izan ginen aizkoran baina beti lagun sentitzen ginen. Eta nire lagun bat izandako bati hori pasatzea... [Ahotsa urratu zaio]... Izan nuen bolada bat triste... Hola... Ez nuen ongi sentitzen neure burua... Ea neroni ere pasa behar ote zitzaidan horrelako bat... [Eskutzarrekin xukatu ditu malkoak].

Etsai-etsairik ez duzu izan...

Etsaiak izan gara plazan. Handik atera nahi dugu garaile, eta hantxe. Baina, handik kanpora, hitz egiteko eta bromak pasatzeko beti; nire aldetik, behintzat, eta besteak ere horrela ikusi ditut nik. Baina plazara sartzen ginenean, han ez zegoen lagunik [arnasa hartu du].

2010ean, lehia baten ostean, bihotzekoak jota hildako Joxe Mari Mendizabal gogoan du:
2010ean, lehia baten ostean, bihotzekoak jota hildako Joxe Mari Mendizabal gogoan du: "Kontrarioak izan ginen aizkoran baina beti lagun sentitzen ginen". Jagoba Manterola / Argazki Press

Cantabricoko mahaian elkarri nola begiratzen zenioten ikusita ere...

Buenooo... joko bat egin behar den denboran erdi barrez ezin da ibili, e [algarak]!. Jendea ez duzu engainatzen irribarrearekin, e! Noski, gehienak ukitzen ari gara gaur [Lasaitu da, eztarria leundu du]. Ez, jokoa egitera joaten zarenean periodistak han egoten dira, eta zenbait afizionatu ere bai. "Hau esan zion" eta "ño, ederki esan ziok", eta... Hartu egiten dira kontuak.
Ez dakit, pilotan, adibidez, dirurik ez da jokatzen, eta jendeak dena fin ikusten du. Aizkoran, berriz, nik ez dakit zer pasatzen den, dirua ez bada jokatzen edo haserre ez badira elkarrekin, igual ez zaie iruditzen fina denik. Beste kirolariak bezala gara aizkolariak ere; dirua jokatu ez jokatu, duguna ematen dugunak plazan. Baina ez dakit zergatik izan den hori horrela aizkora mundu honetan. Dirua jokatu behar da, eta, asko jokatzen baduzu , oraindik iruditzen zaie gorroto handiagoa dagoela. Baina pertsonak dira biak, ahal dutena egingo dute. Dirua jokatu ez jokatu, gehiago ez dute egingo. Zoritxarrez, horrela izan da, dirua eta haserrea, handik ateratzen dela joko fina. Baina ez da horrela, e? Joko fina ateratzen al da haserrerik gabe eta dirurik jokatu gabe ere.

Lehia da.

Plazatik, publiko aurretik, ez dugu atera nahi bestea baino gutxiago izanda, eta horixe da lehia. Eta diru asko jokatuta ere, pertsona hark ez dezake duena baino gehiago egin.

Besteek ere jokatzen dute dirua zuen arabera. Hori ere ardura da.

Askotan hori guretzako kaltegarri izan da. Irabazten duena txoria baino arinago joango zaizu etxera. Galtzen duena pentsatzen... "tranpa ote zen hori", "hark hori esan dik", "besteak hura esan dik"... Galtzen duenak zerbait esaten du beti, irabazten duenak ez! Tranpa izanda ere, poltsikoan dirua eramaten badu etxera, hark ez du ezer esango. Baina galtzen duena, apustu fina ikusita ere, beti kezka batekin... Orain, azken aldi honetan. ez da entzuten hainbeste horrelakorik. Baina bolada bat izan zen horrela, bai.

Haserretu zitzaizun norbait? Kontu eske norbait?

Ez, motiborik ez dauka niri konturik eskatzeko. Nik esanez gero "jokazak", orduan bai. Baina, nik ez diot inori sekula animorik eman dirua jokatzeko. Gogoa duenak joka dezala. Apustu segururik ez da, eta! Zuri irabazteko segurua irudituagatik ere, edozein gauza pasatzen da plazan. Horrelako bat pasa, eta, zure ezagun bat dirua galduaraztea ez zait behin ere gustatu izan. Nor bere airera. Baina aizkoran dirua jokatzeko afizioa beti izan da. Oraindik ere; ez lehen bezala, baina... Lehen, korrika apustuetan eta aizkora apustuetan dirua asko mugitzen zen. Horrela izan da ohitura.

Maila Nagusiko Nafarroako Txapelketa irabazi zuen, zortzigarrenez, 2006an. Orduko irudia.
Maila Nagusiko Nafarroako Txapelketa irabazi zuen, zortzigarrenez, 2006an. Orduko irudia. Lander F. Arroiabe / Argazki Press

Norbaitek galduko ote zuen baserria aizkora apusturen batengatik?

Entzun izan dugu hori, baina ez dut uste hori egia izan denik. Baserria jokatzen duen gizon", ez da gizona. Askotan grinagatik, temarengatik izaten da jokoa, 'hi bai, ni ere bai". Euskaldunok badugu hori: ez-baian hasten garenean, "jokatuko diat afaria", "jokatuko diat mila duro ez dela horrela". Horrela erabakitzen da. Ohitura da.

Zuk jokatu izan al duzu? Aizkoran edo pilotan...?

Ez, ez naiz jokatzaile, ez pilotan ez aizkoran... Ez zait gustatzen arrisku horretan sartzea, eta, jokatu izan badut beti galtzeko izan dut [barreak], eta, orduan isil-isilik... Ez lagunari... Eta, etxean ere, igual batere esan ez. Isilik eraman, eta aurrera. Ez gara izan jokatzaileak, ez. Zenbaitek badute, e? Zenbaitek nahi eta nahiezkoa dute grina hori, jokatu egin behar. Ohiturak ere horrela izan dira, eta horrela segitzen dute. Gipuzkoa aldean asko dago hori: jokoa, edozein tresnarekin. Dirua ibili ere, errazago, nonbait Gipuzkoa aldean.

Bai? Hemengo baserri hauek ikusita, ez dakit, ba, zer pentsatu...

Gipuzkoan fabrika eta lantegi asko izan da, bateko ordu estrak-eta, jendeak dirua barra-barra mugitu du. Orain ez dakit nola dabiltzan... Baina, hemen, baserri hutsetik ibilita, ez da dirua asko mugitzen.

Igartzen al da krisia hemen ere?

Guk, ganaduzaleok beti izan dugu krisia, eta horrela segitzen dugu. Baina ikusten da hemen ere; beharbada etxeko semeak lanik gabe, eta... Gauza estu dago.

Eta aizkoran ibiltzeko dirua behar da.

Dirua; bai-bai. Gastua dauka aizkorak. Askotan esaten diet zenbaiti, alferrik ibiltzea ere gastua egiten, etorkizunik ez dagoen tokian gastatzen... Baina afizioa baldin badu, hori ez diozu kendu behar gazte bati. Baina gure denboran bezala ez da. Guk dirua ibiltzen genuen orduan. Erakustaldia egiten genuen eta ordaintzen ziguten, eta trankil, diru beltza, freskoa, hartu eta etxera! Orain erakustaldi miserable bat jokatzeko, kristoren paperak firmatu, eta bidean afaltzeko eta gasolina botatzeko adina ez zaizu ailegatzen.

"Onak ateratzea lehen kosta egiten zen, eta orain ere kosta egingo da. Baina afizioa badago". Jagoba Manterola / Argazki Press

Nola ikusten duzu aizkoraren etorkizuna?

Afizionatu asko dago. Jende gaztea ari da prestatzen... Afizioa badago eta afizioa dagoen lekuan, nik uste, etorriko dela. Orain, taktika, pixka bat aldatu egin da, laneko modua. Lehen, askoz ere gogorragoa zen lana, banaka egin behar izaten zen, alde horretara jokatuko balitz, orain zenbaitek esango luke ez duela merezi horrelako jipoiak hartzerik. Baina, egur bat moztu eta gero bestea... Askoz errazagoa da, eta azken urteotan horretan daude ibilerak.

Zuk, ikusle gisa, nahiago bestea.

Han probatzen da... Je! Pertsonak gaitasuna daukan edo ez. Egur bat moztu eta gero hatsa hartzen baduzu... baina oso diferentea hamar, hamaika, hamabi ebaki, salto eta hasi, salto eta hasi.

MOTZEAN

Irabaztea. Gauza handia. Hobea galtzea baino [barreak]. Alde ederra.

Galtzea. Hori tristeagoa da. Triste geratzen zara. Ño...

Tristura edo amorrua? Amorrua zergatik, gehiago eginda irabazi badizu? Amorrua apustu luzean gelditu zitzaidan niri, galdu nuenean; amorrua nirea eman ez nuelako... Amorrua kristorena baina, zer egin behar duzu? Sufritu, hantxe pasa egin behar, ez zen berehalakoan atzendu baina... Hortxe amorru bat. Baina joko bat galduagatik?... Zuk zurea eman baldin baduzu eta besteak gehiago egin badu... Gehiago bada gehiago da.

Lehia, zuk denarengatik lehia egingo duzu. Bai... arrazoietan ere bai [barreak], iruditzen bazait arrazoi dudala...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.