Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea

Erretiroak eta garbiketak

Egigurenen agurrak eta Arabako 'berritzaileen' ordezkaririk ezak markatutako zerrendak aurkeztu ditu PSE-EEk

Koldo Aldabe.
2012ko irailaren 11
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigaia ofizialki izendatzen azkena izan zen PSE-EE, baina lehena izan da urriaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztuko dituen hauteskunde zerrendak osatzen eta aurkezten. Egongo direnak baino gehiago, egongo ez direnak bihurtu dira notizia, batzuk eurek erabaki dutelako erretiroa hartzea, eta beste batzuk alderdiko sektore ofizialak baztertu dituelako, horietako batzuek azken urteetan pisua izan duten arren.

Eusko Legebiltzarrean euren erabakiz egongo ez direnen artean dago Jesus Egiguren,PSE-EEko lehendakari eta azken 30 urteetan legebiltzarkide izan dena. Azken urteetan «urakanaren begian» egon ostean, «bake espirituala» bilatzeko hartu du erretiroa. Sozialisten artean «bigarren mailako politikara» igaro da, halaber, Gemma Zabaleta sailburua, «aulkiari eusteko batere asmorik gabe» eta «belaunaldi berriei lekua emateko» utziko du lehen lerroko politika.

Txarli Prieto garaile

Behartuta erretiroa hartuko dutenak ere badira, ordea. Iazko hauteskundeetan PSE-EEk Araban lortutako emaitza eskasen ondorioz lurraldeko zuzendaritzan aldaketak bultzatzeko sortutako sektore berritzaileak galdu egin du Txarli Prieto idazkari nagusiaren taldearekin zeraman lehia. Lurraldeko zerrendaburu Patxi Lopez lehendakaria jarri izanak Prieto bera zerrendako bigarren izatera behartu badu ere, horrek ez du baretu lurraldeko sektore desberdinen arteko lehia. Izan ere, zerrendetatik kanpo gelditu dira Joana Madrigal eta Oscar Rodriguez, duela hiru urte eta erdi bigarren eta hirugarren lekuan joan zirenak. Rodriguezek, gainera, Eusko Legebiltzarreko PSE-EEren talde parlamentarioko idazkari lanak egin ditu azken legegintzaldian, eta taldeko bigarren bozeramaile bihurtua zen honezkero.

Egun legebiltzarkide diren sektore berritzaileko batzuk, Loli Escudero eta Esozi Leturiondo, zerrendako beheko postuetara jaitsi dira. Natalia Rojo da berritzaileen artean hautatua izateko aukera duen bakarra; laugarren postuan aurkeztuko da Arabako zerrendan.

Bizkaia eta Gipuzkoa

Lopez Arabako zerrendan aurkeztuta, Bizkaian zaharrak berri. Jose Antonio Pastor izango da zerrendaburu, eta bere atzetik egungo Jaurlaritzako hainbat sailburu joango dira: Isabel Zelaa, Rodolfo Ares eta Idoia Mendia. Bosgarren eta seigarren lekuetan, berriz, bi sailburuorde: Jon Azkue eta Elena Perez.

Gipuzkoan ere lurraldeko idazkari nagusia izango da zerrendaburua,Eusko Jaurlaritzako sailburu Iñaki Arriola. Egun legebiltzarkide diren Susana Corcuera, Blanca Roncal, Miren Gallastegi eta Bixen Itxaso doaz ondoren, eta Lasarte Oriako alkate ohi eta Arriolaren aholkulari Jesus Zaballos joango da seigarren lekuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.