Euskara

Errigorak 800.000 euro bideratu ditu Erriberan euskara sustatzera, bost urtean

Elkarteak udazkeneko kanpaina aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan. Errigoraren bultzadari esker Nafarroako Erriberan sustatu dituzten proiektuen berri eman dute hainbat eragile euskaltzalek.

Errigoraren udazkeneko kanpainaren aurkezpen ekitaldia, gaur, Nafarrako Parlamentuan. IñIGO URIZ, FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko urriaren 23a
07:32
Entzun

Bost urte bete berri dituela, Errigorak udazkeneko kanpaina aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan. Erriberako 23 ekoizleren produktuak eskainiko dituzte bi saskitan: txuria eta beltza (bakoitza 50 eurotan), eta bildutako diruaren %25 bideratuko dute Erriberan euskara sustatzera. Laguntza horren tamaina adierazten duen datu bat eman dute: Errigorak dagoeneko 800.000 euro bideratu ditu Erriberan euskara indartzera.

Errigorako kideak gustura agertu dira Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainak lortu dituen emaitzekin. Azaldu dutenez, Erriberako bost ekoizleren produktuak banatzetik, 24renak banatzera pasa dira; eta 9.000 saski banatzetik, 14.000 banatzera. Horrek euskalgintzara bideratutako diru kopuruan eragin zuzena du, noski: 2013an 112.000 euro bideratu zituzten eta 175.000 azken urteetan.

Zenbaki hutsetatik harago, baina, datu horien esanahia zein den ulertzen lagundu dute hainbat eragile euskaltzalek; Errigoraren ekarpenarekin garatu dituzten egitasmoen berri eman baitute.

Argiñe Korta Nafarroako Ikastolen elkarteko kideak azaldu duenez, Errigoraren laguntza erabili dute Erriberako ikastoletan teknologia berritzeko eta irakaslen formakuntza areagotzeko. Horrez gain, eraikinetan konponketak egiteko ere balio izan die.

Sortzen elkarteko Aitziber Lizeagak nabarmendu du azken urteetan Haizea dinamika abiarazteko balio izan diela Errigoraren ekarpenak. Dinamika horri esker, Erriberako hainbat ikastetxetan D ereduko lerroak martxan jartzea lortu dute.

Ikasleei laguntza ekonomikoa emateko baliatu dute AEKkoek Errigoraren bultzada. Alizia Iribarrenek adierazi du beka sistema bat sortu dutela eta ikasleei matrikularen %50 itzultzen zaiela hari esker. Azken bost urteetan %70 hazi da matrikulazio kopurua Erriberako AEKn. Horrez gain "eguneroko gastuei" aurre egiteko ere lagundu die diru ekarpenak.

Gaurko aurkezpenean hainbat alderdi politikoren eta gizarte eragileren babesa jaso du Errigorak. Gareoa Bai, EH Bildu, Orain Bai eta Nafarroako Ahal Dugu-ko ordezkariak izan dira bertan, besteren artean.

Udazkeneko kanpaina azaroaren 14ra arte luzatuko da. Saskiak www.errigora.eus webgunean eskuratu daitezke eta 200 herri baino gehiagotan ere banaketa guneak izango dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.