Errotek Ganekogorta eta Larragorriri kalte egingo lieketela ohartarazi dute

Ekologistek eta mendi federazioek salatu dute «irregulartasun eta kontraesanak» dituela eolikoak jartzeko planak

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Ganekogorta (Okondo, Araba) eta Larragorri (Orozko, Bizkaia) mendietan parke eolikoak jartzeko proiektuak txartzat jo dituzte hainbat talde ekologistak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mendizale federazioek. Ohartarazi dute gain horietan hazi errotak jartzea kaltegarri litzatekeela inguru harentzat. «Balio handiko gune naturaletan atzera bueltarik gabeko kalteak eragingo dituzte». Hartara, proiektuak alboratzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari.

Azken hilabeteetan ugaritzen ari dira bi planen aurkako ekimenak, tramiteak aurreratzen ari diren aldi berean. Talde ekologistei —Zanpazu Bizirik, Ekologistak Martxan, Izate, Mendiak Aske, Alonsotegi Bizirik eta Jesuri eta Ganekogorta Bizirik— mendizale federazioak batu zaizkie orain. Proiektuaren aurkako manifestu bat idatzi dute, eta Jaurlaritzari, foru aldundiei, mendi horien inguruko herrietako udalei eta alderdi politikoei bidali diete .

Erakundeen jarrera salatu dute elkar hartutako elkarteek, bereziki Eusko Jaurlaritzarena. Hitza jatea leporatu diote. «Bi proiektuak daude oinarrituta erakundeen kontraesanetan eta irregulartasunetan». Garapen iraunkorra sustatzeko planean Jaurlaritzak adierazitakoa eta parke eoliko horiek egitea kontraesana da, haien ustez. Orobat, gogorarazi dute Eusko Legebiltzarrak onartutakoa: erakundeen eta gizartearen adostasunik gabe ez gauzatzeko gisa horretako egitasmoak.

Ganekogortan eta Larragorrin eolikorik jar ez dezaten lanean segituko dutela esan dute elkarteek, eta bilera bat egiteko eskatu diote Ingurumen sailburu Pilar Unzaluri. Larragorriko proiektuari helegitea jarri berri diote Orozkoko eta Laudioko udalek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.