Hamalau urteko mutil bat igo da agertokira, atzetik dozena bat adiskide dituela, bospasei perkusio kutxekin. Mikrofonora hurbildu, eta kantatzen hasi da: «Itsasontzi baten, Euskal Herritik kanpora naramate eta ez dakit nora...». Ingurukoak txaloka hasi dira, eta dantzatzen. Ijitoak dira, eta errunba eta flamenko kutsua eman diote abestiari. Ordu erdiz iraun duen musika eta dantza emanaldi inprobisatuaren ostean, mutilak azaldu du eskolan ikasi duela kanta: «Abesteko eskatu ziguten, eta nik nire erara abestu nuen, ijito erara». Brian ez da ondo moldatzen euskaraz hitz egiten, baina bai kantatzen: «Irakasleei abesti gehiago eskatu dizkiet, ikasi nahi ditut».
Bilboko Plaza Barrian gertatu zen atzo, baina ez zen Ijitoen Nazioarteko Eguna ospatu zuen hiri bakarra izan: Donostian, esaterako, ijito elkarteei harrera egin zieten udaleko zinegotziek, haien kultura aitortzeko, eta eurekin senidetzeko. 1971n Londresen ijitoen lehen biltzarra egin zutenetik gogoratzen dute nazioarteko eguna, eta ijitoen kultura ezagutarazteko probesten. «Ijitoen historia ez da ikasliburuetan agertzen; beraz, eguna garrantzitsua da gure kultura erakusteko», azaldu du Jennifer Perex Etxebarriak, Kale Dor Kayiko elkartearen gazteen taldeko arduradunak. Eurek antolatu dute Bilboko Romani Jaia, umeak xede hartuta. Hala, lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetatik heldutako haurrak elkartu dira plazan.
Garai batean ijitoek zeramatzaten jantziekin argazkiak ateratzeko aukera izan dute, baita euren historiarekin lotutako marrazkiak pintatzeko edo txapak egiteko ere. Eta Paraxuta izeneko jolasaren bidez, ijitoen bandera nolakoa den azaldu diete haurrei. Goiko erdia urdina, behekoa berdea, erdigunean gurpil gorri bat duela, Laura Gimenez begiraleak gogora ekarri duenez: «Ijito nomaden historiaren sinboloa da: urdina zerua da, eta berdea belarra, ibiltarien sabai eta lur izandakoak; gurpilak gurdia adierazten du, eta gorria da, isuritako odolagatik».
Baina bihotzak eta pailazoen sudurrak ere gorriak direla erantsi du Porrotxek: «Alaitasuna eta maitasunaren kolorea da, horrelakoak direlako ijitoak». Maite zaitut abestia dantzatu du haiekin, eta ondoren BERRIAri esan dio ijitoen eta euskaldunen artean badaudela antzekotasun asko: «Euskaldunona herri txiki bat da, hizkuntza gutxitua duena, zapaldua, gaur egun menpekoak baikara gure herrian; ijitoena ere herri baztertua da, beren identitatearekin eta kulturarekin. Borroka berdintsua dugu, eta elkarrekin egin dezakegu, modu alai batean». Brian gaztearen emanaldia gogoratuta, nabarmendu du «alaitasun kutsakorra» dutela haur ijitoek, eta «euskarara hurbiltzen» ari direla.
Egitarauaren amaieran heldu da une sinbolikoena: ibaiko zeremonia. Ura adierazten duen oihal bat jarri dute lurrean, eta loreak bota dituzte bertara. Perexen arabera, «gure kultura eta hizkuntza gorde ahal izateko, jendea hil egin zela gogoratzeko».
Erakunde publikoen babesa ere izan zuen jaiak. Tartean izan zen Maitane Leizaola Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria eta Kirol zuzendaria. Umeek elkarrekin jolasten utzitako argazkiarekin pozik agertu zen: «Gizarte idealaren antzekoa da. Sarritan nagusiok arazoak ikusten ditugu hala behar ez lukeen lekuan, eta umeek erakusten digute ez garela hain desberdinak». Antzera mintzatu zen Perex ere: «Eskolan haur guztiak daude elkarrekin, erlazionatzen dira: trukea egiten dute, batzuek besteen ohiturak partekatzen dituzte».
Errunbak eta irrintziak agertokian
Ijitoen kultura eta historia ezagutaraztea du helburu Ijitoen Nazioarteko Egunak. Bilbon kultura euskalduna eta romania uztartu dituzte, Kale Dor Kayiko elkarteak antolatutako jaian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu