Ertzainen soldatak igotzeko diru saila %16 handitu da bost urtean

gotzon hermosilla
2023ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailburuak nabarmendu zuen berak zuzentzen duen sailak 790 milioi euroko aurrekontua izango duela datorren urtean; iaz baino %6 gehiago. Astelehenean, sailaren aurrekontuaren aurkezpena egin zuenean esan zuenez, «langile gastuen finantzaketa, trantsizio energetikoa eta eraldaketa digitala» dira igoera horren arrazoi nagusiak.

Bereziki deigarria da langileen gastuen atala. Jaurlaritzak 581 milioi euro baino gehiago jarriko dituhorretarako, 2023an baino 24,1 milioi gehiago. Igoera %5,28koa da. Hor «lansarien igoera orokorra» aurreikusten da, bai eta antzinatasuna, Gizarte Segurantzako kotizazioak, Ertzaintzako karrera profesionalaren ordainketa eta beste zenbait gastu ere.

Baina aurtengo igoera ez da bakarra. 2020. urtetik, ertzainen soldatak eta gainerakoak ordaintzeko atala hazi egin da etengabe. Urte hartan, ia 500 milioikoa izan zen horretara bideratutako diru poltsa. Geroztik, eta 2024ko aurrekontuan agertzen den kopurura iritsi arte, %16,43 handitu da zenbateko hori.

Azken igoera oso testuinguru berezian gertatu da. Joan den maiatzetik, ertzainak lan gatazka batean murgildurik daude lan hitzarmenaren alde. Ertzainak Borrokan plataformak maiatzaren 8an Bilbon egindako mobilizazioa izan zen horren abiapuntua, eta, geroztik, plataforma horrek borrokaren gidaritza hartu du, eta sindikatuen jarduera gainditu du.

Protesten itzala

Plataformaren mobilizazio batzuk oso polemikoak izan dira, bereziki Tourra oztopatzeko egindako mehatxuak eta ekainaren 15ean legebiltzarraren aurrean antolatutako elkarretaratzea. Azken horretan tranbiaren ibilbidea bi orduz eten zuten, eta Segurtasun Sailak iragarri zuen espedientea irekiko ziela mobilizazioan parte hartutako zenbait ertzaini.

Sailak negoziazio prozesua ireki zuen Ertzaintzaren zenbait sindikaturekin, baina oraingoz horrek ez du emaitzarik izan, protestek jarraitzen dute, eta ez dirudi aurrekontuetan iragarritako igoera horrek ertzainak asebeteko dituenik. Ertzainak Borrokan plataformaren hurrengo mobilizazioa azaroaren 16an izango da, Erandion (Bizkaia).

Erkorekak esana du ertzainen eskaerak ez daudela jasota orain aurkeztu den aurrekontu proposamenean, baina gehitu du sindikatuekin akordio bat lortuko balitz eta akordio horrek gastua handitzea ekarriko balu, administrazioak topatuko lukeela horri aurre egiteko modua: «Norbaitek nahi badu ertzain guztientzat 1.100 euroko igoera bat, hori gauzatzea zaila litzateke; baina eskakizunak arrazoizkoak badira, modua bilatu daiteke».

Aurkezpenean, EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak harridura agertu zuen langileen gastuen atalak bost urtean izan duen etengabeko gorakada dela eta. Haren ustez, «bidegabekeriatzat» har daiteke hori, administrazio publikoaren gainerako funtzionarioen baldintzekin alderatuz gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.