Berria.infok jakin ahal izan duenez, gaur, Ertzaintza Gernikako eta Urretxuko herriko tabernatan sartu da. Bestalde, Gara.net webgunearen arabera, Laudioko eta Amurrioko herriko tabernetan ere sartu dira ertzainak eta "inbentarioa" egiten ari dira. Dirudienez, Algortako eta Mallabiako egoitzetan ere sartu dira. Besteak beste, Zumarragako, Arrasateko, Zornotzako eta Zorrotzako herriko tabernatan ere sartu dira Ertzaintzako kideak.
Berria.infoko eztabaida gunera etengabe ari da informazioa iristen: Galdakaoko herriko tabernan ere izan dira ertzainak, baita Barakaldon ere. Andoaingo Irunberri tabernan ere egon dira. Bilboko alde zaharreko Errondabide elkartean ordu biak aldera sartu dira. Artziniegako (Araba) Otsati elkarteak duen egoitzan ere sartu dira irakurle batek jakinarazi duenez. "Itzelezko despliege batekin" ailegatu dira ertzainak 13:30ak aldera. Otsati elkartera. Arratsaldean, elkarretaratzea egingo dute Artziniegan gertatutakoa salatzeko.
Tolosaldeko hitzako lankideek Berria.infori jakinarazi diotenez, Tolosako Intxurre Ostatuan ere sartu dira ertzainak. Antza denez, duela hiru aste gutxi gora-behera itxi egin zuten ostatua, bestelako arrazoiak tarteko . Gaur, Ertzaintzako kideek ostatuko arduradunekin hitz egin gabe atea behera bota eta barrura sartu dira. Arratsaldeko lauretan ordubete inguru zeramaten barruan. Bertatik aterata Ibarrako Subegira abiatu dira ertzainak.
Lagun bat atxilotu dute Zumarragan
Berria.infok jakin ahal izan duenez duenez, Urretxuko Aldirin hamabiak aldera sartu dira ertzainak. Handik Zumarragako Amalur elkartera joan dira zuzenean 13:30ak inguruan. Ordu erdiz izan dira barruan. Elkartean bertan bost edo sei lagun zeuden ertzainak iritsi direnean eta ez diote inori gehiago sartzen utzi. Lekuko batek Berria.infori azaldu dionez, leihotik ikusi ahal izan da barruan zeudenek kontra egin diete ertzainen. Egin beharrekoak amaituta lagun bat atxilotuta atera dute Amalur elkartetik. Orduan istilu uneak izan dira. Kalean, Errepresioa ez da bidea zioen pankarta batekin 30 lagun inguru zeuden bilduta eta hainbat oihu egin dituzte.
Zornotzako Herriko Tabernatik ere informazioa jaso du Berria.infok. Webguneak jakin ahal izan duenez, 13:30k iritsi dira ertzainak "inbentarioa egitera" eta tabernaria indentifikau ostean, barruan zeuden bezeroen aurrean egin dute inbentarioa. Tabernaria bakarrik identifikau dute. Beste inor ez. Hiru ordu laurden egon dira barruan.
Bilboko Zorrotza auzoan ere egon dira 13:15 inguruan. Bertan ere tabernaria identifikatu eta gero hasi dira inbentarioa egiten. Berria.infok bildutako informazioaren arabera, hainbat lagunek elkarretaratzea egin dute kanpoan.
'Herriko tabernen' inbentarioa egiteko agindua eman zuen atzo Auzitegi Gorenak eta Guardia Zibila bidali zuen. GaurkoBerrian irakur daitezke Auzitegi Gorenaren erabakiari buruzko xehetasunak eta baita Guardia Zibilaren esku hartzeari buruzko kronika ere.
Ertzaintza ari da gaur 'herriko tabernetan' "inbentarioa egiten"
Atzo Guardia Zibila bezala gaur Ertzaintza ari da lan horretan eta dagoeneko Euskal Herriko hainbat herritako 'herriko tabernatan sartu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu