'Cabacas auzia'

Ertzaintzak "autokritika" egin duela dio Segurtasun sailburuak

Epaiak akusazioari arrazoi ematen diola gogorarazi du Goirizelaiak, eta ohartarazi "instrukzioa ongi egin izan balitz" ondorioak bestelakoak izango zirela. Helegitea aurkeztuko dutela iragarri du Manu Cabacasek.

Estefania Beltran de Heredia, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua. ADRIAN RUIZ DE IERRO, FOKU
Edurne Begiristain - Gotzon Hermosilla
2018ko azaroaren 30a
09:48
Entzun

Soilik ertzain bat zigortu dute Iñigo Cabacasen hilketaren auzian, beste bostak absolbitu egin ditu Bizkaiko Lurralde Auzitegiak. Zigortutakoa erretiratuta dagoen ertzain bat da, 2012ko apirilaren 5 hartan han zeudenen artean maila gorena zuena. Ordea, ez du bete beharko ez bi urteko kartzela zigorra eta ezta lauko inhabilitazioa ere, aurrekaririk ez duelako lehenik eta erretiratua dagoelako bigarrenik.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak onartu du Cabacasen heriotza "mugarri bat" izan zela, eta "autokritika" eginarazi ziola Ertzaintzari. "Protokoloak, materialak eta jarduteko moduak aldatu dituzte ordutik". Hala ere, aurreratu du gerora ere "hobekuntzak" egiten jarraituko dutela. "Akats konponezina izan zen gau hartan gertatutakoa".

Erantzunkizunak zuritu ote dituzten galdetuta, berriz, gogoeta egin dutela erantzun du Beltran de Herediak eta uneoro "justiziarekin elkarlanean" aritu direla. "Erantzukizunak, zein eratakoak? Epai bat dago. Heriotzaren ondorioz, gogoeta eta autokritika egin zuen Ertzaintzak. Sailburu naizenetik jarduteko moduak, ikertzeko moduak eta materialak aldatu ditugu Ertzaintzan".

Epaiari buruz berriz hura "adi irakurtzeko tartea" behar dutela adierazi du sailburuak, eta aurreratu aztertuko dutela familiak auzitegietan jarritako kalte ordain salaketa ere. "Itxaron behar dugu. Ertzaintzak eta Segurtasun sailak justiziarekin kolaboratzen jarraituko dute".

Ondorio "okerrak"

Instrukzioan egindako "akatsak" kritikatu ditu akusazioko abokatu Jone Goirizelaiak, eta nabarmendu du hura beste era batera egin izan balitz, ondorioak ere bestelakoak izango zirela. "Epaiak arrazoia ematen digu. Ikerketa egokia eginez gero, aukera zegoela goi mailako agintariak epaitzeko", adierazi du abokatuak eguerdian egindako agerraldian: "Hasieratik kritikatu genuen oldarraldia ez zela beharrezkoa, baina kritikkatu egin gintuzten. Orain epaiak arrazoia eman digu".

Goirizelaiarekin bat etorri da Manu Cabacas aita ere eta azlapenak eskatu dizkie arduradunei: "Urkulluk, Beltran de Herediak eta Jonan Fernandezek azalpenak eman behar dituzte". Berdin egin du abokatuak ere, eta "gezurretan" aritzea egotzi dio Rodrolfo Aresi ordu hartan Segurtasun sailburu zenari.

Urrats bat gehiago egin du Iñigo Cabacasen aitak eta prozesuan zehar jasandako tratua salatu du. "Egia, justizia eta erreparazioa eskatzen genituen. Egia eta erreparazio soziala neurri batean lortu ditugu. Justizia osorik eskuratzeko aurkeztuko dugu helegitea".

Ofizial ohia, "kobla-buru"

Iñaki Irizar zigortutako ertzainaren defentsa abokatuak ere Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren epaia kritikatu du. Haren esanetan, kondenatua izan den ofizial ohia epaiketako "kobla-burua" izan da. "Kasualitatez, Segurtasun sailak eta akusazioak bat egin dute planteamenduan. Eta ez hori bakarrik, polizia sindikatuak ere gustura agertu dira epaiarekin".

Abokatuak ziurtatu du Ertzaintzak ez duela Cabacasen heriotza argitzeko "egiazko ikerketa bat" bultzatzeko borondaterik izan. Horrez gain, Cabacas hil zuten gauean polizia operazioaren burua zen Ugartekoren ardura nabarmendu du. "Informazioa bildu zezakeen eta baieztatu ez zela beharrezkoa hara joatea, ordurako ez zegoelako ezer, ezta inor ere. Baina presak edo nahiek erabakia hori hartzera eraman zuten".

Abokatuaren esanetan, litekeena da zigortutako ertzainak helegiterik ez aurkeztea, bere "sufrimenduan" eta Cabacasen gurasoenean "ez sakontzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.