Ertzaintzak Bilbon izandako jarduna onetsi du berriz Aresek

Bilboko Udaleko bozeramaileen batzordeak ere ertzainen egitekoa babestu du adierazpen batean; Bilduk ez du sinatuDesordena publikoak leporatuta atxilo hartutako 31 pertsonak aske geratu dira

Kukutza botatzen jarraitzen dute makinek; irudian, eraiste lanak, atzo eguerdian. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2011ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Herenegun Kukutza gaztetxea eraisteko lanen aurkako protestetan Ertzaintzak Bilbon eta Errekalde auzoan izandako jokabidea ontzat eman zuen Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak atzo: «Ertzaintzak bere eginbeharra bete zuen, profesionaltasunez eta eraginkortasunez, baldintza zailetan, Errekaldeko bizilagunen askatasuna eta segurtasuna bermatzeko». Polizien oldarraldiei buruzko kritika izpirik agertu gabe, «sabotajeak» eta «planifikatutako gerrilla urbanoa» besterik ez zuen ahotan izan.

«Bandalismo ekintzen» balantze ofizialaren arabera, 600 edukiontzi mugitu eta 57 erre zituzten; bost ibilgailuri su eman zieten, Zazpikale eta Errekaldeko batzokiei «eraso» zieten, eta Bilbobus zerbitzua bertan behera geratu zen. 31 pertsona atxilotu zituzten guztira ostiral arratsalde eta gauean zein atzo goizaldean. «Kale borrokarekin lotutako jendea da, antisistemak; askok aurrekariak dituzte jabetzaren aurkako delituetan, eta baten batek genero indarkerian», azaldu du Aresek. Desordena publikoak eta autoritatearen kontrako atentatua egotzi zieten, baina gehienak atzo aske geratzea espero zen.

Zaurituei dagokienez, ez dago zifra ofizialik, istiluetan min hartutako lau ertzainez aparte. Tabernetan, tren geltokian zein anbulatorioan kargen ondorioz zauritutakoei buruzko informaziorik ez duela esan du Aresek. Asteazkeneko bere hitzak berreskuratuz, oldarraldiok neurrizkoak izan al ziren galdetuta, hona erantzuna: «Ertzaintzak ez du esku hartzen guztiz beharrezkoa ez bada, eta kode etiko baten arabera egiten du. Sistema demokratikoetan, poliziek soilik dute indarra erabiltzeko autorizazioa».

Udalean, desadostasunak

Bilboko Udaleko bozeramaileen batzordea ostiraleko gertaerak aztertzeko bildu zen atzo eguerdian, eta Kukutza kolektiboari «indarkeriazko ekintzak gaitzesteko» eskatu zion, EAJk, PSE-EEk eta PPk sinatutako adierazpenean. Idatziak Ertzaintzaren jarduna babestu zuen, Iñaki Azkuna alkateak berretsi zuenez: «Egin beharrekoa egin zuen».

Bilduko ordezkari Txema Azkuenagak, ordea, adierazpenaren aurka bozkatu zuen, Ertzaintzaren indarkeria aipatzen ez duelako: «Errekalden ikusi genuen Ertzaintzak indiskriminatuki kargatzen zuela, eta eserita zeudenak ere jotzen zituela».

EBk ere «neurriz kanpo, basati eta arbuiagarri» jo du Ertzaintzaren eta Bilboko Udaltzaingoaren jokabidea. «Iraganeko erregimen intolerante eta autoritarioa» gogora ekartzen duen jardun horren gaineko ardura onar dezaten eskatu die Azkunari eta Aresi. Aralarrek «ekintza biolentoak» deitoratu ditu: «Ezin zaio Ertzaintzaren jarrera oldarkorrari indarkeria gehiagoz erantzun». Bestalde, EAJko EBBko presidente Iñigo Urkulluk Bildu kritikatu du, koalizioaren barruan «antisistemak» gailentzen ari direlakoan.

Kukutzari elkartasun mezuak

Gaztetxea eraisteko lanek etenik gabe aurrera darraiten bitartean, elkartasun mezuak jasotzen segitzen du Kukutzak. Besteak beste, gaztetxe eta gazte asanbladen koordinadorak eta Lumagorri heterosexismoaren aurkako taldeak adierazi diote sostengua; Espainiatik, Mexikotik eta Kolonbiatik ere babes gehiago iritsi da.

Errekalden ere ez daude geldirik, eta atzo iluntzean ehunka lagun hurbildu zen Ametzola ingurura, eta Kukutzaren eraistearen kontra elkarretaratze isila egin zuten. Txalo artean amaitu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.