Ertzaintzak indarrez galarazi arren, ezker abertzaleko kideak HBren sorreraren 30. urteurrena ospatzeko ekitaldia egiten ari dira Durangon (Bizkaia). Landako Erakustazokan egiten behar zuten, baina han egitea eragotzi dietenez, manifestazioan abiatu dira milaka lagun, eta Santa Ana plazara iritsi eta han egiten ari dira. Bidean behin baino gehiagotan oldartu zaie Ertzaintza, eta, halaber, bi lagun atxilotu dituzte. Efe albiste agentziaren arabera, eskuburdinak jarrita eraman dituzte poliziaren autoetan.
17:30ean hasi behar zuen Landako eremuan HBren urteurrena ospatzeko ekitaldia. 17:00etan jada jende asko zegoen bilduta Erakustazoka dagoen plazan, eta Ertzaintzaren presentzia ere handia zen.
Plaza horretan dagoen Plateruena kafe antzokian zeuden ezker abertzaleko buruzagi historiko batzuk, Tasio Erkizia eta Itziar Aizpurua kasu, kanpora aterarazi eta identifikatu egin dituzte ertzainek. Guztira hamar bat lagun. Ertzainekin hizketan aritu dira minutu batzuz, baina ez dute ekitaldia egiteko baimenik lortu. Orduan, Iñaki Olalde HBko Mahai Nazionaleko kide izana kazetarien aurrean adierazpenak egiten hasi da, eta ertzainek eragotzi egin diote.
Hala ere, EAJren jokabidea salatu ahal izan du Olaldek: ezker abertzaleak mahai gainean "proposamen demokratikoa" jarri duela esan du, baina jeltzaleek ukapenarekin erantzun diotela: "Balza jaunak eta Urkulluk eta EAJko ordezkari guztiek garbi utzi nahi diote PSOEri prest daudela beraiekin batera duela 30 urteko akats politiko bera errepikatzeko".
Ekitaldia egitea eragotzi dietela ikusita, manifestazioan abiatu dira batutako milaka lagunak 30 urtez aurrera jartzen zuen pankartaren atzetik. Hasi eta lasterrera, ordea, manifestarien kontra oldartu da Ertzaintza. Arestian esan bezala, Efe agentziaren arabera, gutxienez bi lagun atxilotu ditu Ertzaintzak. Dena den, aurrera egitea lortu dute, eta karga gehiago ere izan dira. Santa Ana plazara iristea lortu, eta han egiten ari dira ekitaldia.
Ekitaldia debekatzeko agindua Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak eman zuen atzo, Espainiako Auzitegi Nazionalak HB-EH-Batasuna legez kanpo utzi zituela argudiatuta. Horren aurretik, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ere ekitaldia debekatzeko eskatu zion Fernando Andreu epaileari. Baina Herrizaingo Saila aurreratu egin zaio eta debekatu egin du. Hori dela eta, Auzitegi Nazionalak ez duela debekurik aginduko agertu dute Auzitegi Nazionaleko iturriek.
Ekitaldia bera debekatu aurretik, ekitaldia egitekoa ziren Landako erakustazoka erabiltzeko baimena kendu zien Durangoko Udalak antolatzaileei, Herrizaingo Sailak hala eskatuta.
Debekuaren aurretik, erakustazoka erabiltzea debekatzeko eskatu zion Herrizaingo Sailak Udalari, ekitaldia debekatuko balute lokala uztea lege haustea izan zitekeelako. Beraz, eskatutakoa bete eta ekitaldia egiteko baimena kendu zien Udalak deitzaileei, hura debekatuta dagoen edo ez argitu aurretik.
Herrizaingo Sailak Durangoko jarduneko alkate Aitziber Idigorasi bidalitako oharraren arabera, Espainiako Auzitegi Nazionaleko 4. Instrukzio epaitegiak herenegun eskatu zion atestatua Ertzaintzari. Fiskalak atestatu hori erabili zuen gero, ekitaldia debekatzeko eskatzeko.
Ertzaintzak oharrean dio, ekitaldiaren berri emanez hilaren 19an Iruñean eskaini zuten prentsaurrekoan «HB-EH-Batasuna legez kanpoko taldeekin lotura ezaguna duten pertsonak» zeudela. Espainiako Auzitegi Nazionaleko 5. Instrukzio epaitegiak 35/02 sumarioan ateratako autoaren arabera HB-EH-Batasunaren ekimen guztiak debekatuta daudela gogorarazten zion alkateari Ertzaintzaren zuzendari Jon Uriartek.
Gauzak horrela, erakustazoka erabiltzeko baimena jasotzen zuen kontratua bertan behera utzi zuen Udalaren esku dagoen Landako Erakustazokak.
Politika
Ertzaintzak galarazi arren, HBren 30. urteurrena ospatzeko ekitaldia egin dute Durangon
Santa Ana plazan egin dute ekitaldia, Landakon barik. Manifestazioan iritsi dira gune horretara, bidean Ertzaintzak kargak egin eta bi lagun atxilotu dituen arren. Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak atzo debekatu zuen ekitaldia, Espainiako Auzitegi Nazionalak HB-EH-Batasuna legez kanpo utzi zituela argudiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu