OSAKIDETZA AUZIA

ESK sindikatuarentzat, Nekane Murga Osasun sailburua «klientelismo sarearen konplizea» da

Osakidetzan «birsortze eta demokratizazio prozesu bat» aurrera eraman dezala «exijitu» dio sindikatuak Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari.

Oposizioetako iruzurra salatu zutenei babesa azaltzeko elkarretaratzea, iazko otsailean, Arrasaten (Gipuzkoa). JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Igor Susaeta.
2020ko ekainaren 8a
14:22
Entzun

Osakidetzako oposizioen iruzurraren harira, inputatuetako bi bihar deklaratzekoak dira Gasteizko 2. Instrukzioko Epaitegian. Horren harira prentsa agerraldi telematikoa egin du Patxi Nicolau ESK sindikatuko bozeramaileak, eta nabarmendu du Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua «klientelismo sarearen konplizea» dela. Izan ere, gogoratu du iazko uztailean idatzi bat bidali zietela Murgari, Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendariari eta Maria Pilar Uriarte Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariari, jakinaraziz «irregulartasunak» atzeman zituztela neurokirurgiako lan eskaintza publikoan. Sindikatuak eskatu zuen, horrenbestez, hori «kautelaz» bertan behera uztea, eta ikerketa bat abiaraztea.

Nicolauren esanetan, ez zieten erantzun; are gehiago, Uriartek sinatutako ebazpen baten bidez, espezialitate horri dagozkion plazak behin-behinean adjudikatzeko «ausardia eta lotsagabekeria» eduki zuten. Beraz, ESK sindikatuak, «behartuta», salaketa jarri zuen joan den azaroaren 25ean. Hain zuzen, Bilboko Basurtuko ospitaleko neurokirurgia zerbitzuko burua eta Arabako osasun sistema publikoko neurofisiologiako burua dira bihar deklaratzekoak direnak.

Hori guztia kontuan hartuta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun sistema publikoan «birsortze eta demokratizazio prozesu bat» aurrera eramateko «exijitu» dio sindikatuak Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari. Bi zerbitzuburuek deklaratu ondoren, ESK-k «premiazko balorazio bat» egingo du bihar, 10:00etan, Gasteizko Justizia Auzitegiaren aurrean. LABek ere agerraldi bat egingo du, 09:30etan. Herri akusazioa da prozesu judizialean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.