Osakidetzako iruzurra: bi urte argibiderik gabe

Gaur bi urte plazaratu zituzten mediku espezialisten proban izandako iruzurra azaleratu zuten paperak. Bost espezialitate ikertzen ari dira epaitegian, eta bi sendagilek datorren asteartean deklaratuko dute

Osakidetzako lan eskaintza publiko bateko argazkia, artxibokoa. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2020ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Paper bat atera zuten jendaurrera gaur bi urte, notario aurrean sinatutako agiri bat. Iragarpen bat zen, Osakidetzako mediku espezialisten probak egin baino hiru egun lehenago izenpetua: «Anestesiologia eta Suspertzeko medikuen espezialitatean, honako hauek gaindituko dute proba eta lortuko dute postua Arabako Unibertsitate Ospitalean...». Eta lau izen. Asmatu egin zuten. Lan eskaintza publikoko iruzurra salatzeko bidea izan zen. Gaur bi urte. Iruzurraren auziak aurrean eraman zituen Osakidetzako bi arduradun nagusiak —Maria Jesus Mujika zuzendaria eta Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua—, baina auzibidea atzeratuta doa. Datorren astean epaitegitik pasatzekoak dira susmopean dauden bi mediku. Bost espezialitatetako iruzur salaketak ari dira ikertzen.

Susmopean dagoen lan eskaintza 2016-2017koa da: orain bi urte egin zituzten azterketak. Ikertzen ari diren espezialitateetako prozesua etenda dauka Osakidetzak, eta banatzeko daude lanpostuak.

Kiniela bat eta gutun bat

Ekainaren 4an atera zuten argitara notario aurrean egindako iragarpena, baina salaketak baziren ordurako. Hilaren 1ean, ohar bana bidali zuten hedabideetara ELAk eta LABek: «irregulartasunak» zeudela notetan. Medikuen Sindikatuak txosten bat egin zuen, eta datuekin erakutsi zituen aldeak. Ordurako, gutun bat jasoa zuen Osakidetzako zuzendaritzak: Donostiako ospitaleko hodietako kirurgiako zerbitzuburuak bidali zuen, iruzurraz ohartarazteko. Azaldu zuen azterketa oso zaila zela —«neuk ere ez nuen gaindituko»—, eta alde handia zegoela: «Azterketa 31k egin zuten, bostek gainditu, eta haietako lauk Basurtuko ospitalean lan egiten dute. Pelotoiko gainerakoen aldean, dozenaka puntu gehiago dituzte. Zaila da emaitza hori zoriaren kapritxoekin justifikatzea».

Ukazioa, erronka kutsuz

Hilaren 1ean bertan, sindikatuen oharrak zabaldu orduko bidali zuen erantzuna Osasun Sailak: «oportunismoz» jokatzea egotzi zien, eta «errespetua» eskatu zuen epaimahaientzat. Jakinarazi zuen, hala ere, espediente bat ireki zuela salaketa baten harira. Elur bola handituz zihoan egunez egun: notario aurreko agiriak iritsi ziren gero, salaketei oinarria ematen zietenak. Fundamentuzko salaketarik ez zegoela erantzun zuen Darpon sailburuak, eta salatzaileei erronka bota zien: «Norbaitek irregulartasunen frogaren bat baldin badu, ipin dezala mahai gainean, izen eta abizenekin». Ildo horri eutsi zion denbora luzean: «Hau ez da Venezuela. Akusazioak frogatu egin behar dira».

Sekretua hautsi zen

Irmo ari zen Osasun Saila salaketak auzitan jartzen, baina hizketan hasi zen gero eta jende gehiago. BERRIAk hainbat sendagileren lekukotasunak argitaratu zituen: azaldu zuten «jakina» zela espezialisten oposizioetan iruzur egiten zela, postuak banatzeko sistema bat zela. «Arduradunek erabakitzen dute nori eman». Urteetako eredua zen. «Ezkutuko egia».

Testigantza batzuen arabera, lan eskaintza publikoen ereduarekin lotua dago iruzurra. Ez dute uste oposizioen sistema «justua» denik, ez duelakoan aintzat hartzen urteetan aritu direnen lana. «Ezin dira lehiatu ikasketak bukatu berri dituen mediku batekin». Lanpostuak banatu egiten dituzte. «Eredua aldatu ezean, beti egongo da tentazioa urteetan zurekin ari dena eta ondo lan egiten duena kontratatzeko. Eta aukera bakarra dago: iruzur egitea».

Mediku batzuen ahotan, uler liteke sistema hori egokiago ikusten dutela oposizioak baino. Bada gako bat hor: zerbitzuburuen rola. Bildutako lekukotasunen arabera, haiek erabakitzen dute postua nori eman, eta beti ez diote jarraitu antzinatasunaren irizpideari. «Batzuetan, beste irizpide batzuk erabili dituzte: lagunak, senideak, kontsulta pribatuko lankideak...».

Urteetako sistema zen: ez zen 2018an hasi. Isiltasuna izan zen aurretik, ordea. Batetik, beldurragatik: «Badakizu zerbait kontatzen baduzu ez duzula gehiago Osakidetzan lan egingo». Bestetik, esperantzagatik: «Sistema klientelarra da. Denok dakigu zer gertatzen den, baina pentsatzen dugu: 'Helduko da nire txanda'».

Beste arazo bat ere bazen: nola frogatu iruzurra. 2018an hautsi zen sekretua: notario aurreko paperek eman zioten lehen kolpea, eta epaimahai batzuetako kideen deklarazioek pitzatu zuten erabat.

Fiskalaren kolpea

Zurrunbiloa ikusita, espediente bat ireki zuen Osakidetzak, eta lau hilabeteren buruan eman zituen lehen ondorioak. Hasierako mezuaren aldean, beste tonu bat hartu zuen Darponek: «Argi dago zerbaitek huts egin duela». Hala ere, zer gertatu zen argitu baino gehiago, aurrera begira jarri nahi izan zuen: nolako neurriak hartu.

Beste ikerketa bat zabalik zen ordurako: EAEko fiskal nagusiarena. Sindikatuek jo zuten harengana, eskura zituzten zantzuekin. Zortzi hilabetera, 2019ko ekainean, txosten irmo bat kaleratu zuen: filtrazio zantzuak zeudela 11 arlotan, eta Osakidetzak ez zuela «irizpide objektiborik» erabili proba prestatu zutenak eta epaimahaietako kideak aukeratzeko.

Presioak eta dimisioak

Fiskalaren txostena izan zen azken kolpea Darponentzat: hilabete baino lehen utzi zuen kargua, 2019ko martxoan. Legebiltzarra haren jarduna gaitzestera zihoan, eta aurretik joan zen. Haren jarrera «eredugarria» goraipatu zuen Iñigo Urkullu lehendakariak. Ez zen lehen dimisioa izan: azaroan, auzia lehertu eta bost hilabetera, Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendariak eman zuen dimisioa. PPren baldintza izan zen, parlamentuan ikerketa batzorde bat martxan ez ipintzearen trukean. Izan ziren dimisio gehiago ere: finean, garai hartako arduradun gehienak jada ez daude karguan.

Bost kasu auzibidean

Fiskal nagusiak 11 espezialitatetan sumatu zituen filtrazio zantzuak, baina hirutan soilik akusatu zituen arduradun jakin batzuk, besteetan ezin zuelako zehazki inor akusatu. Hiru arlo hauek jarri zituen ikerketapean: Anestesiologiako, Angiologiako eta Digestio Aparatuko epaimahaikide bana. Bi delitu aipatu zituzten auzibidea hasteko autoan: agirien zaintza desleiala egitea —agiri konfidentzialak ondo ez gordetzea— eta sekretuak aurkitzea eta agertzea —azterketa egin zutenei edukia filtratzea—. Kartzela zigorra ekar dezakete delitu horiek. Beste bi arlo ere susmopean jarri ditu epaileak: Neurokirurgia eta Neurofisiologia. Bi epaimahaietako kide bana jarri du ikerketapean, eta datorren asteartean deklaratzekoak dira. Instrukzio konplexua denez, epe luzeagoa eman zioten epaitegiari: irailera arteko epea dauka. Diligentzia asko egiteko daude oraindik. Alarma egoerak sortutako etenaren ostean, luzatu egingo da instrukzio epea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.