«Eskandalua» deritzo EBk Pasaiako kanpoko kaia egiteko itunari

Proiektua gelditzeko, legez kanpoko proposamena egin du Eusko Alkartasunak Eusko Legebiltzarrean

Erredakzioa
Donostia
2011ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Pasaiako (Gipuzkoa) badiaren biziberritzea eta kanpoko kaiaren eraikuntza sustatzeko ituna sinatzearekin, Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak kanpoko kaia «espekulazioaren bitartez» finantzatzeko urratsa egin dutela salatu du Arantza Gonzalez Ezker Batuaren diputatu nagusirako hautagaiak. Haren iritziz, «beharrezkoak diren ingurumen baimenak ere» ez ditu kanpoko kaiak.

Gonzalezen iritziz, «eskandaluzkoa» da erakundeek egin duten akordioa, «EAJk eta PSE-EEk gidatutako instituzioek asmoa dutelako barneko lurrak saltzeko, ez beraien benetako prezioan, baizik eta kanpoko kaia finantzatzeko behar duten salneurrian». Horrek erakusten du, Ezker Batuko ordezkariaren iritziz, «ez dutela euro zentimo bat bera ere eta espekulazioa eta kolpeanaberastea baliatu nahi dutela finantzatzeko».

Proposamena legebiltzarrean

Eusko Alkartasunak kanpoko kaia eraikitzeko proiektua gelditzeko eskatu du Eusko Legebiltzarrean, «ingurumen eraginari dagozkion betebeharrak ez dituelako betetzen». Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak adierazi duenez, «Ingurumen Iraunkortasunaren Txostenak ez du Jaizkibelen eragingo duen proiektuaren ondorioen ebaluazio egokia egiten, eta, hala eta guztiz ere, erakundeek beren planekin segitzen dute». Jaurlaritzako Bioaniztasun Zuzendaritzak txosten hori babestu duela gogorarazi du Agirrezabalak, eta legez kanpoko proposamen bat aurkeztu du legebiltzarrean, hark erakundeei eska diezaien proiektua gelditzeko.

Lezoko alkate Haritz Salaberriak ere salatu egin du akordioa, eta udalak «itunetik kanpo» daudela ekarri du gogora. «Portuak herritarrok nahi duguna izan behar du. Inguruan bizi garenon ongizatean eragingo duen badia bat behar dugu, eta ez kanpoko interesen arabera salgai jarriko dena. Gurea da etorkizuna erabakitzeko eskubidea, eta ezin dugu onartu honela baztertuak izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.