Gasteizko Udalak jaso ditu Memoria Gara-k eta Martxoak 3 elkarteak 1976ko gertakarien inguruan eraikiko den Biktimen Oroimenezko Zentroaren fundazioaren estatutuei egindako ekarpenak. Astelehenean ekarpenak egiteko epea luzatzeko erabakia hartu ondotik, elkarte memorialistek eurenak aurkeztu zituzten atzo. Hiru dira, nagusiki, elkarteek egin dituzten eskaerak: fundazioaren ohorezko presidentetza biktimen elkarteko kide baten esku geratzea, Gogora institutuarekin adostutako lankidetza hitzarmena sinatzea eta memoria zentroari «ikuspegi dinamikoagoa» ematea.
Fundazioaren behin-behineko estatutuetan ez da ageri ohorezko presidentetzaren figurarik, eta kargu hori eratzea eta Martxoaren 3ko biktimen elkarteko kideren baten esku geratzea nahi dute elkarte memorialistek. Estatutuetan jasota dagoenez, patronatua hamasei kidek osatuko dute—hiruna kide izango dituzte Eusko Jaurlaritzak, Gasteizko Udalak, Arabako Aldundiak eta Gasteizko Apezpikutzak, eta bina Martxoaren 3ko biktimen elkarteak eta Memoria Gara-k— eta Eusko Jaurlaritzaren esku egongo da presidentetza.
Memoria Gara-ren eta Martxoak 3 elkartearen ustez, baina, biktimek protagonismoa izan beharko lukete presidentetzan, eta, hargatik, «kutsu sinbolikoa» izango lukeen ohorezko presidente kargu bat sortu beharko litzateke biktimentzat. Ipar Irlandako Free Derry Museum zentroaren patronatuaren ereduari erreparatu diote, han Bloody Sunday Trust elkarteko kideek ohorezko presidentetza dute eta.
Bestalde, eskatu dute Gogora institutuarekin adostutako lankidetza hitzarmena sinatzeko eta han jasotakoak betetzeko. Bi elkarteek eta Gogora institutuak 2021ean adostu zuten lankidetza hitzarmen bat sinatzea, bi helbururekin: formulak bilatzeko biktimen elkarteak azken hamarkadetan bildutako materiala oroimenezkoari lagatzeko, eta zentroaren diseinuan eta definizioan biktimen parte hartzea bermatzeko. Hitzarmen hura, baina, ez zen sinatu, eta Eusko Jaurlaritzak ez zuen inbertitu aurreikusitako 35.000 euroko diru laguntza. Memoria Gara-k birritan eskatu dizkio hitzarmenari buruzko azalpenak Gogora institutuari, baina oraindik ez du erantzunik jaso, elkarteak salatu duenez.
Testuingurua azaltzea
Oroimenezkoak «ikuspegi dinamikoa» izatea nahi dute, halaber. Zehazki, galdegin dute memoria zentroan martxan jarriko diren jarduerak testuinguruarekin lotuta egotea; hau da, 1976ko sarraskiak, langile borrokak historian izan duen garrantziak eta garaian izandako antzeko gertaerek tokia izatea. Halaber, azpimarratu dute Gasteizko gertakarien biktimen «egiarako, justiziarako, aitortzarako eta erreparaziorako» eskubidea aldarrikatu beharko lukeela memoria zentroak.
Oroimenezkoaren estatutuetan eragile sozialen ekarpenak jasotzeko prest agertu zen atzo Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramailea, betiere «egokiak» baldin badira. Estatutuak «lehenbailehen» onartzea espero du.
Eskatu dute biktimentzat izatea oroimenezkoaren ohorezko presidentetza
Memoria Gara-k eta Martxoak 3 elkarteak ekarpenak egin dizkiete estatutuei. Gogora-rekin lankidetza hitzarmena sinatzea galdegin dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu