Hezkuntza

Eskola jazarpenaren kasuek gora egin zuten 2021-2022ko ikasturtean

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 157 kasu atzeman zituzten, ikertutakoen %14,2

Balerdi eta Torrealdai, agerraldian. IREKIA
gotzon hermosilla
2022ko urriaren 28a
12:11
Entzun

2021-2022ko ikasturtean 157 jazarpen kasu atzeman zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletan, hau da, aurreko ikasturtean baino 28 gehiago. Igoeraren arrazoia, neurri handi batean, aztertutako kasuen kopuruak ere gora egin izana da; izan ere, 2020-2021eko ikasturtean 966 kasu aztertu zituzten horietan eskola jazarpenik egon ote zen argitzeko, eta 2021-2022ko ikasturtean, berriz, 1.098 kasu ikertu zituzten, 132 gehiago. Edonola ere, kasu gehiago ikertu izana ez da gorakadaren arrazoi bakarra, ehunekoetan ere datuek gora egin baitute: 2020-2021eko ikasturtean, ikertutako kasu guztien %13,35 jazarpen kasuak izan zirela ondorioztatu zuten, eta 2021-2022koan, berriz, ikertutakoen %14,29 izan ziren jazarpen kasuak.

Eusko Jaurlaritzako Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendari Lucia Torrealdaik eta Hezkuntza Ikuskaritza Zerbitzuko ikuskatzaile nagusi Xabier Balerdik eman dituzte datuak. Nabarmendu dute eskola jazarpenaren inguruko datuak «egonkorrak» direla, eta azken bost ikasturteetan %12-14 izan direla, askoz kasu gehiago ikertuta: «Gizartearen eta eskola eragileen sentsibilitatea handiagoa da, eta eskola jazarpena egon daitekeelako edozein zantzuren aurrean protokoloak aktibatzen dira», azaldu du Balerdik. Duela zenbait urte, egoera oso bestelakoa zen, askoz kasu gutxiago aztertzen baitziren. Adibidez, duela hamar urteko datuak oso esanguratsuak dira: 2011-2012ko ikasturtean, 146 kasu baino ez ziren aztertu, eta horietatik erdiak baino gehiago, %53,42, jazarpen kasutzat jo zituzten.

Usuenak, hitzezko erasoak

Atzemandako jazarpen kasuetan hitzezko erasoak izan dira ohikoenak: %82,16. Edonola ere, Balerdik zehaztu du jazarpenetan eraso motak nahastu egiten direla, eta ohikoa dela ikasle bati jazartzen zaizkionean eraso mota bat baino gehiago egotea. Biktima baztertzea edo taldetik kanporatzea izaten dira kasuen %54,77; larderia, xantaia eta mehatxuak kasuen %35,66; eta eraso fisiko zuzenak %33,75.

Ziberjazarpena, berriz, kasuen %32,48tan atzeman dute. Balerdik nabarmendu du kasu horiek gora egin dutela azken urteetan, eta gero eta ohikoagoa dela jazarpen kasu bat dagoenean sare sozialak eta teknologia berriak erabiltzea. Adibidez, 2018-2019ko ikasturtean, kasuen %17,70 ziberjazarpen moduan sailkatu zituzten, eta, geroztik, ehunekoak gora egin du etengabe, gaur egungo %32,48raino.

«Eskola jazarpenaren arazoa ez da puntuala, ez da koiunturazkoa», esan du Torrealdaik. «Zoritxarrez, egiturazkoa da, eta erro sakonak ditu gizartean. Horregatik, horren kontra borrokatzeko, gizarte osoaren inplikazioa behar da». Hezkuntza arloko eragile guztiek esku hartzea eta «estrategiak partekatzea» beharrezkotzat jo du Torrealdaik arazoari buru egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.