Ikasturtea hasteko ohiko ekitaldia egin dute Euskal Herriko ikastolek. Atarrabian (Nafarroa) bildu dira aurten, eta bertako Paz de Ziganda ikastolako ikasleek parte hartu dute saioan. Ordezkaritza politiko zabala izan da ekitaldian; besteak beste, Nafarroako Hezkuntza kontseilari Maria Solana eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Administrazio sailburuorde Olatz Garamendi. Euskalgintzako ordezkaritza handia izan da.
Ikasturterako erronkak izan ditu hizpide Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Nafarroan bertan, datozen urteetarako jomuga nagusitzat jarri du ikastolen “eredu pedagogikoa sendotzea eta indartzea”. Beste gai hauek ere izan ditu hizpide:
EAEko hezkuntza legea. Prozesua martxan da lege berria egiteko —urriaren 1ean aztertuko dute oinarrizko gogoeta dokumentua Eusko Legebiltzarrean—, bide hori azkartzeko eskatu dute ikastolek, orain arte “nahi baino mantsoago” ari direlakoan. Hezkuntza lege horri begira, hizkuntza ereduak gainditzearen alde agertu dira ikastolak.
Tellituk gogora ekarri du azken ebaluazio diagnostikoaren emaitza: ikasleen euskara maila jaisten ari dela ohartarazi zuen ISEI Irakats-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak. Ikastoletan ere sumatu dute hori, nahiz eta “kanpo faktoreen ondoriotzat” jo duten. Nolanahi ere, hori ikusita neurriak hartzen hasi dira: ikastolen hizkuntza proiektua “gaurkotzen” hasi dira, Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean.
Eskola segregazioa. Hezkuntza legerako beste gai bat ere izan dute hizpide saioan: eskola segregazioarena. Azken hilabeteetan zeresan handia eman du maila sozioekonomiko apaleko ikasleen egoerak, ikastetxe jakin batzuetan pilatzen ari baitira. Tellituren esanetan, desoreka horren arrazoi nagusietako bat da ikasturtea hasi eta gero eskolatutako umeak ez dituztela ikastoletara bideratzen, publikoetara baizik. Datu bat eman du: iazko ikasturtean epez kanpo matrikulatu ziren 4.000 ikasle Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta haietako berrehun soilik bideratu zituzten ikastoletara. Eskolatze batzordeetan “banaketa orekatuagoa” egiteko eskatu du.
Eskola segregazioa saihesteko herri ekinbide legegile bat iritsia da Eusko Legebiltzarrera, baina bidean geratuko da; Eusko Jaurlaritzak aurkako irizpena eman du, esanez hezkuntza legean landuko dutela gai hori, eta ez dela beharrezkoa aparte egitea beste lege bat. PSE-EEk ere bat egin du horrekin, eta, beraz, ezerezean geratuko da herri ekinbidea. Ikastolak ere ados daude Jaurlaritzaren iritziarekin, gaia hezkuntza legerako uztearekin. Nolanahi ere, Tellituk aurreratu du “udazkenean” proposamen bat aurkeztuko dutela eskola segregazioa saihesteko. Uda aurretik landu zuten eskualdez eskualde.
Seaska. Ikasturte hasiera liskartsua izan dute Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikastolek. Gero eta ikasle gehiago dituzte —iaz baino 230 gehiago aurten—, eta horri erantzuteko 25 irakasle postu eskatzen ditu Seaskak; Frantziako Gobernuak, ordea, bost eta erdi eman dizkio. Protesta handiak egin dituzte ikastolek, baina oraingoz ez du jarrera aldatu Parisek. Jarrera “kolonialistaz” ari da Frantzia, Tellituk salatu duenez, baina ohartarazi du “tinko” eutsiko diotela ikastolek. Euskal Herriko erakundeetan eta erakundeen “sostengua” eskatu du horretarako.