Eskola umeengana, estereotipo hertsiz

Nafarroako Gobernuak aurrematrikulazio kanpainarako eginiko iragarkiak polemika eragin du; estreinako bertsioan, hainbat ogibiderekin amets egiten ageri dira mutikoak, eta printzesa izan nahian neskato bat.

Nafarroako Gobernuaren kanpainaren irudiak. BERRIA.
ainara arratibel gascon
2011ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Sexista, baztertzailea eta esteoritapatua izateaz gain, lan munduan etorkizunik gabe irudikatzen du emakumea bideoak. Justu, kanpainaren leloak dioenaren kontrakoa». Andrea elkarteko kide Tere Saezen hitzak dira. Saez berdintasun teknikaria da, eta atzo goizean ikusi zuen Nafarroako Hezkuntza Departamentuak datorren urteko aurrematrikulazio kanpainarako prestatutako publizitate iragarkiaren bideoa. «Sinestezina» iruditu zitzaion, eta kanpaina erabat erretiratzeko eskatu du. Bat dator horrekin Sortzen Ikasbatuaz elkarteko Nestor Salaberria. «Bideoa guztiz antipedagogikoa da. Ez da nahikoa bideoa erretiratzea. Catalanen dimisioa ere eskatzen dugu».

Aurrematrikulazio kanpainaren karietara aurkeztu zuen herenegun bideoa Alberto Catalan Hezkuntza kontseilariak. Kanpaina horretan, zenbait adinetako neska-mutikoak ageri dira, helduak direnean zer izan nahi duten esaten. Mutilek medikuak, sukaldariak eta astronautak izan nahi dutela diote; neskek, printzesak eta ingurumenaren zaindariak. Bideoaren amaieran ageri den neskatoak, berriz, sekula ez duela hazi nahi dio. Hezkuntza etorkizuna da leloa jarri diote kanpainari. Bideoarekin batera, 23.360 diptiko, 1.100 kartel, irratirako iragarkiak eta webguneetarako banner-ak ere prestatu ditu Nafarroako Gobernuak. Aurkeztu eta ordu gutxira erretiratu egin zuten bideoa, eta Nafarroako Gobernuak adierazi zuen, ez zela behin betikoa. Iragarki berrituan, printzesa izan nahi zuela zioen neskatoaren zatia kendu dute.

Generoaren ikuspegitik, bideoa «erabateko hutsegitea» dela nabarmendu du Saezek. «Mutilei lanerako aukera asko ematen dizkiete, eta emakumeak aukerarik gabe uzten dituzte. Izan ere, printzesa bat izatea ez da ogibide bat, eta ingurumenaren zaindaria izan nahi duela dioen neskatoa txori batekin ageri da; eta ez mantala zuri batekin, biologo bat irudikatuz, adibidez. Generoaren ikuspegitik iragarki batean sekula egin behar ez dena erakusteko balio du bideoak».

Gainera, Espainiako Berdintasun Legea eta Nafarroako Berdintasun Plana urratzen dituela nabarmendu du. «Europako legeetatik hasi eta berdintasuna sustatzeko Hezkuntza Departamentuak dituen programatara, ez du berdintasun arau bakar bat ere errespetatzen eta betetzen». Salaberriak gogorarazi du, berriz, abenduan gutxiegi bat jarri ziotela kudeaketan Catalani. «Horretarako arrazoietako bat zen, hain zuzen, Berdintasun Plana ez betetzea. Neskak eta mutilak bereizten dituzten ikastetxeekin egiten duena ikustea besterik ez dago. Horiek diruz laguntzen jarraitzea oso larri da». Salaberria ez da harritu kanpainarekin: «UPNk mozorroa kendu du behingoz. Bideoak benetan pentsatzen dutena jasotzen du. Horiek dira UPNren balioak».

Arinkeria

Hezkuntza Departamentuaren «arinkeria» salatu du Saezek:«Aldez aurretik inork iragarkia ikusi ez badu larria da; eta norbaitek horren berri bazuen are larriagoa». Halako kanpainak egiteko publizitateagentziak kontratatzeko orduan ardura eskatu du. «Behintzat, ziurtatu beharko lukete Berdintasun Legea betetzen eta errespetatzen duela agentzia horrek».

Batik bat antolakuntza, kalitate eta berrikuntza alorretako zuzendari nagusi Tere Aranazen jokabidea salatu du. Aranaz Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendaria izan zen. Orain, Hezkuntza Departamentuko alor teknikoaren erantzukizuna du. «Ardura politikoa Catalanek izango du, baina teknikoa Aranazek. Bideoaren inguruan iskanbila sortu eta ordu gutxira adierazi zuen oraindik ez duela ikusi, eta ezin zuela iritzirik eman. Nola da posible halako ardura duen pertsona batek aurkeztu aurretik bideoa ez ikustea?».

Erantzukizunak eskatu dituzte. «Oso larria da herritarron diruarekin halako kanpaina bat egitea. Orain atzera egin dute, eta iragarkia berritzea ere dirua kostako da. Ni ez nago prest hori guztia ordaintzeko. Okerra egin dutenek ordaindu behar dute». Salaberria harago doa, eta Catalanen dimisioa eskatu du.

Argibide eskariak

PSNk eta NaBaik ere argibideak eskatu dituzte. NaBaiko parlamentari Nekane Perezek gogorarazi du eurek aspalditik salatu dutela Nafarroako Gobernuak ez duela Berdintasun Plana betetzen. «Ez bakarrik hezkuntzan, alor guztietan. Orain egun batzuk, adibidez, testuliburuak berriro aztertzeko eskatu genuen,ez baitute Berdintasun Plana betetzen». Dena den, Perez ez da harritu bideoarekin. «Hauek dira UPNk defendatzen dituen balioak. Azkenaldian gero eta gehiago ari da erakusten hori. Hauteskundeak gertu daude, eta haiek hautatu zituztenen fideltasuna indartu nahi dute. Borroka batean daude sartuta PPNrekin, eskuindarragoa nor den erakusteko».

PSNri «oso larria» iruditu zaio gertatutakoa, eta Catalanen agerraldia eskatu du. «Salaketa politikoaz gain, kanpaina hauek izaten duten kontrola ezagutu nahi dugu. Izan ere, halako gertaerak ezin dira errepikatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.