Gema Lasarte Leonet. EHUko irakaslea eta ikertzailea

«Eskolak seinalatu egiten ditu umeok; gizarteak, kondenatu»

Lehen begiratuan ikusten ez diren zauriak dira haurtzaroko traumak usu, baina antzeman egiten dira: bizitzari aurre egiteko zailtasun askotarikoetan. Udako Ikastaroetan landu dute gaia, Lasarte buru dela.

GORKA RUBIO / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2022ko uztailaren 15a
00:00
Entzun

Gaur bukatuko da EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroetan Haurtzaroan adbertsitateak bizi izan dituzten umeen eskolaratze prozesuak ikertzen eta laguntzen ikastaroa. Gema Lasarte Leonetek zuzendu du (Errenteria, Gipuzkoa, 1962). Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika irakaslea da EHUn, Hezkuntza eta Kirol Fakultatean, eta, arloan dagoen ezagutza faltarekin arduratuta, adbertsitatean hazitako umeei buruzko azterketetan murgilduta dabil urteotan, Ikhezi ikerketa taldean. Adoptatutako umeek eta harreran hartutakoek dituzten aparteko premiei begira ari da, bereziki, eta eskola askotan atzeman dute ikasle horiei arta ona emateko ezintasuna. Etxean ere sarri sentitu ditu gaiari buruzko kezka eta ardura, sentimendurik muinekoetan, adopziozko ama baita.

Nola egin zenituzten lehen urratsak ikerketa lerro honetan?

Begiratu genuen ea zer zegoen inguruan: basamortua. Hemen, Europan, ez dago ezer ere; Erresuma Batuan eta AEB Ameriketako Estatu Batuetan aurrea hartua digute, 10-15 urteko aurrerapena.

Alegia, haiek ja berariaz erreparatu diete haurtzaroan zoritxarrean haziak izan direnen aparteko premiei. Orain arte hemen ezkutuan egon diren zauriak izan dira?

Bai. Guk, hain justu, hiru helburu nagusi jarri genituen ikastarorako, eta bat zen hau ikusaraztea. Gai erresistentea da, itsusia, deserosoa; irakasle askok ez dute ezer jakin nahi, zuzenean eragiten dielako beraiei. Badirudi kulpari buruz ari naizela... Guk ez dugu kulpaz hitz egiten: esaten dugu ume hauek defizit handiekin ateratzen direla 20 urterekin, gizarteratzeko arazo larriak dituztela... nahiz eta goi mailako titulu bat eduki. Errealitate hori mahai gainean jarri nahi dugu.

Zer adbertsitatetaz ari zarete?

Okerrenak, dudarik gabe, abandonua bizi izan dutenak dira, fisikoa edo emozionala. Gero, abusuak pairatu dituztenak daude; isilean dago gai hori, baina azaltzen dira. Gero, familiaren disrupzio propioak ere badaude. Emigrazioak, pobreziak, arrazakeriak, kartzelak, drogak, alkoholak, LGTBI izateak...Horrek denak eragina izan dezake familia batean, eta umeak eskolara darama hori. Gu orain abandonuan zentratuta gaude. Adoptatuen eta harreran hartuta dauden umeen egoera ari gara aztertzen.

Zein da ume horien arazoen motiboa?

Abandonuak, askotan, atxikimendu arazo larriak eragiten ditu; nahiz eta gero guraso berriekin bigarren atxikimendu bat landu, edo eskolan atxikimendu sano bat sortu, gizartearekiko txikitan sortzen duzun atxikimendu hori gero eramaten duzu askotan bizitza guztian: lankideekin, bikotekidearekin... Ume horiek galduta daude askotan, ez dute atxikimendurik, eta adopziozko gurasoek edo harrera gurasoek bakarrik ez diote emango buelta horri. Izango du harreman sano bat zurekin, eta lortuko du ulertzea posible dela, baina eskolak ere izan behar du erresilientzia tokia.

Zer arazo dira ohikoenak? Akademikoak? Erlazioekin lotuak?

Oso ukituak izaten dituzte funtzio exekutiboak: memoria, logika... Baina badira batzuk hori ez dutenak batere kaltetua. Kontua da besteei baino gehiago kostatzen zaiela gauzak ulertzea, beste denbora bat behar dutela: askotan, joan egiten zaie burua, beste toki batean gaude. Beti alerta batean daude ume horiek: 'Ea nondik datorren erasoa'. Alertan daude, ez dute konfiantzarik, emozionalki oso jipoituta daude... Eskolak zer egiten du? Sartzen ditu besteekin batera curriculumean, ahazten zaio nola dauden sozialki, afektiboki, eta jartzen da kognitiboki mezuak ematen... Askotan bukatzen dute ikasketa prozesua eta, bai, askotan titulu bat dute, baina ume baztertu batzuk dira askotan; eskolak seinalatu egiten ditu umeok, eta gizarteak, kondenatu. Guk gurasoei galdetu diegunean zein den gurasoen kezka handiena seme-alaben inguruan, haien kezka ez da biolentzia, ez da droga: autonomia da.

Pertsona autonomoak ez izatea beren seme-eta alabak...

Hori da beldurrik handiena, eta nik dudana ere bai. Nola izan daiteke autonomoa pertsona bat bere buruan sinesten ez duena, pentsatzen duena ez duela ezertarako balio, seinalatua izan dena, baztertua izan dena? Nola izango da autonomoa ume hori? Orduan, eskolak eta gizarteak, dudarik gabe, ikaragarrizko erantzukizuna daukate.

Eta nola atzeman zoritxarrak eragindako traumak eskolan?

Adbertsitatea ikusi egiten da. Umeek arrastoak ematen dituzte. Isilak, gatazkatsuak, lidergoa nahi dutenak... Atentzio deika ari dira. Trauma artatzeko eskolak dituzte propio prest Erresuma Batuan, eta, eskola horietan, onartzen dutenean trauma lantzera doazela, komunitate guztia jartzen da horretarako prestatzen: ez du balio irakasleak bakarrik trebatzea. Komunitate osoaren lana da.

Irakasle trebatuak izatea, hala ere, oso garrantzitsua da...

Irakasleak ikusi egin behar du bere hartzailea nola dagoen. Alfer-alferrik ari zara matematika irakasten ez badu ezertarako balio. Lehenengo premisa da jakitea nori hitz egiten diozun; gainerakoan, agian, irakatsi beharrean, kalte egiten eta kondenatzen ari zara betiko pertsona hori. Eta pertsona horrek arazo larriak baditu, jakitun egon beharko duzu zer duen. Emango diozun tratua eta harekin egingo duzun lana oso ezberdina izango da. Hortik abiatzen da irakasle baten lana; beste guztia sobran dago.

Itxaropen handitxoa jartzen da umeon erresilientzia gaitasunean?

Ez, ez. Erresilientzia oso erreala da, baina ikasi egin behar da erresiliente izaten. Nik ikasi dut ama naizelako, maitasunetik. Irakasleei ere eskatzen diet irakasteko maitasunetik. Jakina, ditugun ratioekin, ez da erraza. Baina irakasleak enpatikoa izan behar du batez ere, umearen tokian jartzen jakin, eta zailtasunean laguntza eman, eta esan: «Zuk ahal duzu». Guk eskatzen dugu beste begirada batekin begiratzeko: laguntasunaren eta esperantzaren begiradarekin. Eta asko eskatzea da; batez ere hemen irakasleak oso gaizki baloratuta daudelako. Begiratzen ditugu medikuak, ingeniariak, arkitektoak... Baina barkatu: munduaren arkitektoak, arimaren arkitektoak, irakasleak dira.

Nola zabaldu halako gaiak haur horien estigma handitu gabe?

Aurrena, hau dena modu sano batean erakutsi behar da; gauza natural bat da, normala, hau bizi izan dute, erreparazioa dago, baina lagundu egin behar diegu... Ez dira arraro batzuk: guk egiten ditugu arraro.

Gure begiradak, ezta?

Beti gabiltza besteak epaitzen. Eta, tokatzen bazaizu beltza izatea, arraroa izatea, potoloa izatea, edo eritasun arraro bat izatea, kondenatuta zaude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.