Diru laguntzen sistema, doakotasunaren ordez. Nafarroak ez ditu gehiago eskola liburuak doan emanen. Errentaren araberako diru laguntzak banatuko ditu aurrerantzean. Horixe erabaki du Nafarroako Gobernuak. Atzo eman zuen neurri horren berri. Hau da, 29ko hezkuntzako bigarren greba egunaren biharamunean eta gaur funtzio publikoko langileek eginen dutenaren bezperan.
Hezkuntza Departamentua iazko udan hasi zen eskola liburuen doakotasunari buruz gogoeta egiten, sistema aldatzeko asmoz. 2011ko abuztuan, Nafarroako presidente Yolanda Barcinak erran zuen Nafarroako Gobernuaren helburua zela «benetako beharra zuten familiak laguntzea». Garai hartako Espainiako Hezkuntza ministro Angel Gabilondok ez zuen Barcinarekin bat egin. Helburua doakotasunak izan behar zuela nabarmendu zuen, eta Nafarroa aztertzen ari zen bidea «okerra» zela.
Hasierako asmo horiei eutsi, eta orain arteko sistema aldatzeko urratsa egin du Nafarroako Gobernuak, azkenean. Oraindik ez du zehaztu, hala ere, diru laguntzen kopurua zein izanen den, ezta laguntza horiek banatzeko zer-nolako baldintzak ezarriko dituzten ere. Familiek, edozein modutan, liburuak erosteko dirua aurreratu beharko dute, diru laguntzak jaso baino lehen.
1,9 milioi euroko saila onartuko du gobernuak diru laguntza horiek banatzeko. Asmoa da sistema berria datozen hiru ikasturteetan ezartzea, pixkanaka. Nafarroako Gobernuak lehenbailehen eraman nahi du diru laguntzei buruzko lege proiektua Nafarroako Parlamentura, udan diru laguntzen deialdia egin ahal izateko. Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak nabarmendu du sistema berriaren bitartez «behar handiena duten familiek» laguntza jasoko dutela bermatu nahi duela gobernuak.
«Hezkuntza, doakoa»
Sortzen Ikasbatuaz eta Herrikoa federazioa diru laguntzen sistema berriaren kontra agertu dira. Sortzen Ikasbatuaz taldeko Nafarroako koordinatzaile Nestor Salaberriak eta Herrikoa federazioko presidente Santiago Alvarezek bat egin dute: «Hezkuntzak doakoa behar du izan». «Aldaketa txarrerako izanen da, doakotasunak berdintasuna bermatzen duelako», erran du Alvarezek. «Doakoa eta unibertsala behar du izan hezkuntzak, maila guztietan», erantsi du Salaberriak.
Eskolako liburuak ordaindu beharko dituzte Nafarroan, mailegua kenduta
Errentaren arabera laguntzak emanen ditu Nafarroako Gobernuak; Sortzen Ikasbatuaz eta Herrikoa kontra dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu