Eskolako zuzendariari zazpi pintaketa egin dizkiote 11 egunean Leitzan (Nafarroa), eta, “jatorria dena delakoa izanda ere, guztiek izaera matxista dute”, Mikel Zabaleta Leitzako alkateak BERRIAri azaldu dionez. “Eskolako zuzendaria gizonezkoa balitz, ez liokete halako irainik egingo. Eskola eremuan izanda, gainera, are larriagoak dira, eman nahi den hezkuntza ereduarekin guztiz kontrajarriak baitira halako jarrerak”, azpimarratu du Zabaletak.
Erasoa salatzeko, elkarretaratzera deitu du Leitzako Udalak, ostiral arratsalderako, Erleta eskolako atarian. “Ikusita egoera luzatzen eta areagotzen ari dela, uste dugu eraso horiek herri gisa salatu behar ditugula, eta zuzendariari babesa adierazi”. Herritar guztiei parte hartzeko deia egin die alkateak.