HEZKUNTZA

Eskoletako materialak ikertzen ari da Nafarroako Gobernua, "legea betetzen dutela ziurtatzeko"

Iribas kontseilariak adierazi du "legea betetzen ez zuten liburuak" erabiltzen ari zirela 28 eskolatan, eta gehien-gehienak D eredukoak zirela. Eskoletan euren materiala gero eta gehiago erabiltzen dutela eta, guztiak ikertzen hasi da gobernua.

Jose Iribas, azalpenak ematen, gaur.
Garikoitz Goikoetxea.
2013ko abenduaren 18a
12:27
Entzun

Nafarroako Hezkuntza Departamentua ikastetxeetan erabiltzen diren materialak ikertzen hasi da. Guardia Zibilak D ereduko irakasleen aurka egindako txostenaren ondoren dator iragarpena. Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak iragarri du dozena bat eskolatako materialak aztertzen jarri dituela departamentuko ikuskatzaileak. Ikasturte osoa beharko dute guztiak ikertzeko, gobernuaren esanetan.

Iribasek azaldu du gai hori jorratzen ari dela departamentura iritsi zenetik. Azaldu du eskolei eskatu zietela argitzeko nolako materialak erabiltzen ari diren eskola umeei irakasteko; zehazki, jakin nahi zuten zein argitaletxeren liburuak erabiltzen ari ziren. Iribasen esanetan, 28 eskolak "legea betetzen ez duten liburuak" zerabiltzaten —gehienak D eredukoak zirela esan du kontseilariak—, eta hori aldatzeko agindu zieten.

Euskal Herriko mapak erabiltzea da “legez kanpokotzat" jotzeko argudioetako bat. Iribas agerraldira liburu batzuen fotokopiak hartuta joan da, esanez Euskal Herriko mapak dituztela. "Errealitate hori ez da curriculumekoa. Askotan esan dut bermatu behar dugula kalitatezko hezkuntza, ikuspegi akademikotik eta balioenetik. Legea legea da, eta nik betearazi egingo dut. Betetzen ez bada, erreakzionatu egingo dugu", ohartarazi du.

Kontua da ikastetxeetan gero eta gehiago ari direla erabiltzen eskolako liburuetan bilduta ez dauden materialak. Izan irakasleei eurek sortutakoak, izan Interneten-eta daudenak. Horiek ere aztertuko ditu departamentuak. Dozena bat eskolatakoak aztertzen ari dira orain, hiru irakats-alditakoak: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

Salaketa Euskaran

Iribasek ezagutarazi du aurten bertan salaketa bat jaso duela Nafarroako Gobernuak. Esan du ez duela xehetasunik emango, baina azaldu du A ereduko ikastetxe baten aurkakoa izan dela, Euskara ikasgaiari dagokiona. "Legea betetzen ez duten liburuak erabiltzeagatik" salatu dute.

Agerraldia euskarazko irakaskuntzaren aurka egiteko baliatu du Iribasek: "Kasu honetan, hizkuntza baten bidez ari dira hezkuntzaren helburua galtzen". Gobernua euskararen aurka ez dela ari nabarmendu du. "Euskara ondarea izan behar du, ez nazio eraikuntza esaten dioten horretarako tresna. Euskara derrigorrezko izatea nahi dute. Guk aniztasunaren alde egiten dugu, betiere bermatuz curriculuma beteko dela, ez bestelako edukiekin". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.