Emakumeen aurkako indarkeria. Babes neurriak

Eskoltak emakumeak zaintzen jartzea ari da aztertzen Jaurlaritza

Genero indarkeria jasan duten emakumeen babesa hobetzeko, bizkartzain aritzen diren ertzainei lan hori eman nahi die JaurlaritzakAndre guztiek ez lukete izango bizkartzaina; kontrazaintza egitea da beste aukeretako bat

Garikoitz Goikoetxea.
2011ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Genero indarkeria jasaten duten andreak zaintzen bizkartzainak jarri asmo ditu Eusko Jaurlaritzak. Ikerketa bat egiten ari dela baieztatu dio Herrizaingo Sailak BERRIAri: emakumeei eraso egiten dietenek zer-nola jarduten duten ari dira aztertzen, horren arabera antolatzeko bizkartzain aritzen diren ertzainek biktimei eman liezaieketen babesa. Berrehun polizia inguru ditu Ertzaintzako bizkartzainen taldeak. Planak aurrera egitekotan, haiek hartuko dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan genero indarkeria jasaten duten andreen zaintzaren ardura.

Bizkartzainen elkarteek haizatu dute gaia asteotan; indarkeriaren mehatxua desagertzearekin batera, lanik gabe geratzeko arriskua dute, eta beren burua eskaini dute emakumeak babesteko. Hain zuzen, udan izandako bi hilketatan — Hernaniko Rosario Roman eta Bilboko Deisy Mendoza—, agerian geratu da andreen segurtasun falta: bi kasuetan, Poliziaren aurrean bikotekide ohiak salatuak zituzten, baina, hala ere, haiek hiltzea lortu zuten. Romanek ez zuen batere babes neurririk; Mendozak, larrialdietan deitzeko telefono bat soilik. Salbuespena dira bizkartzaina duten andreak: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 46k dute eskolta egun.

Tarteko bidea hartzea du aztergai Herrizaingo Sailak: bizkartzain ari direnei ematea andreen zaintzaren ardura, baina erabateko eskolta izan gabe. Bizkartzainen elkarteak egindako eskaintzari ezkor erantzuna baitiote emakumeen eskubideen aldeko elkarteek. Haien arabera, andreak ez, erasotzaileak kontrolatu beharko lituzkete poliziek; Emakundek ere esana du ezinezkoa dela biktima guztiei eskolta jartzea eta neurriak eragingo lukeela andre horiek bakartzea.

Kontrazaintza egitea da Ertzaintzak buruan darabilen aukera. Hartara, indarkeria jasan duten andreek modua izango lukete eguneroko bizimoduarekin jarraitzeko, atzetik beti bizkartzain bat izan gabe. Ertzainen egitekoa litzateke maiz-maiz zaintzea salaketa jarri duen emakumearen ingurua, gorabeherarik gertatzen ez dela eta erasotzailea andrearen inguruan ez dabilela ziurtatzeko.

Herrizaingo Sailak uste du salaketa jarri dutenen segurtasuna areagotzeaz gain beste helburu bat lortzea ere ekarriko duela babesak: emakumeak bultzatzea erasotzailea salatzera. Berritasuna litzateke ertzain bizkartzainek hartzea zaintzaren ardura; enpresa pribatuetakoak aritu dira orain arte zeregin horretan. Erasotzaileen jarduteko modua eta erasoen inguruabarrak aztertu eta gero erabakiko dute zertan aldatu egungo babes protokoloa.

Su-etenak eraginda

ETA su-etenean egoteak izan du zerikusia Jaurlaritzak neurria aztergai hartzeko. Bi urte badira talde armatuak atentaturik egin ez duela, eta orain urtebete jakinarazi zuen ez duela eraso armaturik egingo. Mehatxua nabarmen gutxitu dela aitortu dute Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak, eta bizkartzainak murrizten ari dira azken hilabeteetan; besteak beste, urteetan kargu publikorik izan ez dutenei eskolta kentzea erabaki dute, kontrazaintza jarrita. Bizkartzain pribatuak haserretu ditu horrek, lanik gabe geratuko direlako; haien arabera, 500 bat daude egoera horretan Hego Euskal Herrian.

Pixkana-pixkana ari dira mehatxatuta egon zirenei eskoltak kentzen edo gutxitzen. Poliziaren lan taldeak ere egoera horretara egokitzen ari dira, eta Jaurlaritzaren asmoa da andreei ere kolpetik ez jartzea babes neurri hori. Hala, asmoa du ETAk indarkeria behin betiko amaitu ezean biak, andreak eta talde armatuaren jomugan egon daitezkeenak, babestea bizkartzain ertzainek. 200 poliziak hartuko lukete lana beren gain. Talde horretako ertzainak 1997tik dira bizkartzain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.