AUTOGOBERNUA

Eskozia, Belgika, Suitza eta Bavariara begira abiatu da autogobernuari buruzko jardunaldia

Lau herrialdeetako autogobernu ereduak aztertu dituzte adituek, Eusko Ikaskuntzak antolatu duen ekitaldian. Arratsaldean autogobernu lantaldearen ondorioak aurkeztuko ditu Eusko Legebiltzarreko presidenteak, eta alderdi politikoetako bozeramaileek egin dituzten proposamenak eztabaidatuko dituzte.

jarraia121930.jpg
Gorka Berasategi Otamendi.
2016ko apirilaren 20a
08:48
Entzun

Europako eredu desberdinei begira hasi da autogobernuari buruzko jardunaldia. Eusko Ikaskuntzak antolatuta, botere politikoaren lurraldekako banaketa izan dute hizpide. Eskozia, Belgika, Suitza eta Bavariako kasuak aztertu dituzte gaur goizean, Gasteizko Europa jauregian.

Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako zuzendariak azaldu duenez, jardunaldiak autogobernuaren inguruko eztabaida aberasteko “ezagutza prozesuan sakondu” nahi du, eta “ezagutza hori gizarteratu”, Europan eman diren “kasuen azterketaren bidez”.

Eskoziako egoerari buruz mintzatu da Andrew Scott Edinburgoko Unibertsitateko irakaslea, 2012-2014 artean Eskoziako Gobernuko aholkulari izandakoa. Haren ustez, independentziari buruz egin zen galdeketari esker, “Eskozia kontzientzia politiko handiagoko herrialdea” bihurtu da, “oso eztabaida eraikitzailea” eman da eta “autonomia handiagoa lortu du”, nahiz eta ez duen uste “oreka konstituzionala” erdietsi denik. Eskozian bigarren galdeketa izango da, Scotten iritziz. Izan ere, esan duenez, Eskoziak ez du Europako Batasunetik irten nahi, eta Erresuma Batuak hala erabakiko balu, Eskozia “behartuta” egongo litzateke bigarren erreferenduma antolatzera.

Belgikako ereduari buruz, eskualdeek kanpo harremanetarako duten gaitasuna nabarmendu du David Criekemans Anberesko Unibertsitateko irakasleak. Eskualdeak ohartu dira erabaki nagusienak Europan hartzen direla, eta, beraz, erabaki gune horietan egon behar dutela ulertu dute, Criekemansen esanetan. Aldiz, Europako Ministro kontseiluaren funtzionamendua "arazoa" da eskualde horientzat, ordezkari bakarrak parte har dezakeelako eta estatu osoaren izenean egin behar duelako. Eskualdeak kanpo harremanetarako “inbertsio handiak" egin behar dituztela ere nabarmendu du zailtasunen artean. Criekemansen iritziz, Belgikako eredua “interesgarria” den arren, ez du hura kopiatzea aholkatzen. “Ez luke funtzionatuko, herrialde bakoitzak bere irtenbidea topatu behar du”.

Suitzako estatu federatuaz aritu da Nicholas Schmit Friburgoko unibertsitateko irakaslea. “Federalismoak zentralismoa ere ekar dezake”, bere hitzetan. Azpimarratu duenez, Suitzako estatu federala eratu zuen 1848ko konstituzioan, kantoiak "burujabeak” direla aipatzen zen eta estatuko botereak aldatzeko kantoi horietan erreferenduma egiteko beharra ezarri zuen; baina, aldi berean, estatu “batasunaren mantentzea eta sustatzea” ere jasotzen ziren. Suitzan “ez dago sezesiorako inolako joerarik”, Schmiten arabera, kantoietako “eskumenak eta identitatea babestu egin direlako”.

Bavariako Estatuko Kantzileriako ordezkari Philipp Stielek adierazi duenez, estatu federala osatzerakoan, “estatu kideek erabakitzen dute federazioan batzea, eta ez estatu batek federazioan zatitzea”. Alemaniaren kasuan hala gertatu zela argitu du. Stielen ustez, Alemaniako estatuen eta federazioaren arteko desadostasunik garrantzitsuena finantziazioaren ingurukoa da, gaur egun. Bavariak “gehiago ordaindu” behar duela salatu du, eta beste eskualde batzuk dirua “jaso” egiten dutela. Irakaslearen ustez, “pizgarriak” ezartzea ezinbestekoa da, dirua jaso eta ematen dutenen arteko “oreka” lortu ahal izateko. Stielek ez du uste Bavarian independentzia nahi esanguratsurik dagoenik. “Batzuetan agertzen da, baina gehiago izaten da Berlini beldurra sartzeko, benetako aldarria baino”.

Europa eta eredu aniztasuna

Goizeko saioaren bigarren atalean, adituek aztergai izan dute Europar Batasunak autogobernu ereduen aniztasuna nola ikusten duen; arazo ala aukera gisa bizi ote duen, alegia. Eskualdeek Europar Batasuneko organoekin harremanak ezartzeko duten botere mailari buruz hitz egingo du Patricia Popelier Anberesko Unibertsitateko irakasleak. Joxerra Bengoetxea EHUko irakaslea, aldiz, ondorengo galderari erantzuten saiatuko da: eskualde batek independentzia aldarrikatuko balu, Europar Batasuneko kide izaten jarraituko ote luke?

Autogobernu lantaldearen ondorioak

Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldearen ondorioak ezagutuko dira arratsaldeko saioan. Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriak aurkeztuko ditu 15:30etatik aurrera. Ondoren, legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoetako ordezkariek haien proposamenak aurkeztu eta eztabaidatuko dituzte. Bertan izango dira Andoni Ortuzar (EAJ), Hasier Arraiz (EH Bildu), Idoia Mendia (PSE), Borja Semper (PP) eta Gorka Maneiro (UPD). Jardunaldiak Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren hitzaldiak itxiko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.