«Pena bat da alderdiren bat gehiago hemen ez egotea». Uxue Barkos Geroa Baiko lehendakarigaiak bere lehen hitzetan hutsuneei egin zien erreferentzia, eta ez zen mahaiaren alboan ordezkari gutxi zeudelako. Atzo arratsaldean, Uxue Barkos, EH Bilduko Adolfo Araiz, Ezkerrako Txema Mauleon, Podemos Ahal Dugu-ko Laura Perez eta Equoko Rebeca Remiro erabakitzeko eskubideari buruz hitz egiteko elkartu ziren, eta mahaiaren bueltan elkarren alboan estu-estu zeuden aurkezlearekin batera seiak. Irudi horrek adierazten du uneotan Nafarroako aldaketarako irrika eta, era berean, erabakitzeko eskubidearen aldeko batasuna, diferentziak diferentzia. Nafarroako beste alderdi handien hutsuneak, era berean, aditzera ematen du egungo esparru politiko juridikoa ez ukitzeko borondate irmoa.
Aldaketa Sozialaren Aldeko Batzarrak azken hilabeteetan lau hitzaldi antolatu ditu eta atzokoan amaiera eman zion zikloari, gonbidatutako alderdiei erabakitzeko eskubideari buruzko gogoeta egitera gonbidatuz. Bakoitzak zortzi minutuko sarrerako diskurtsoa egin zuen, eta jarraian entzuleek galdetzeko aukera izan zuten. Iruñeko Katakrakeko goiko aretoa gainezka zegoen, eta ikusmin handia piztu zuen hitzaldiak. Entzuleen artean, EH Bilduko eta Geroa Baiko aurpegi ezagun batzuk ikus zitezkeen. Errespetuz garatu zen hitzaldia, Barkos bere hitzaldia etetera behartu zuen sakelako baten doinua salbu. «Espero dut gero, minuturen bat gehiago emango didazuela», kexatu zen barrezka.
«Oso sinplea da. Erabakitzeko eskubideari buruz mintzo garenean demokraziari buruz mintzo gara. Giltzarria da herriari hitza ematea, hau da, bere erabakiak hartzeko instrumenturik garrantzitsuena ematea», definitu zuen Adolfo Araizek. Bere ustez, paradigma politiko berri bat eratu behar da, «non jendeak kontzientzia hartzen duen bere etorkizunaren jabe dela». Hau da, bizitza publikoa ez da kudeatzaile profesionalen edo politikarien eskuetan soilik uzten, eta herritarrek hartzen dute protagonismoa. Adolfo Araizen ustez, «demokratizazio prozesu bati» ekin behar dio Nafarroak eta bertan herritarrek erabakiak hartzeko eskubidea izan behar dute «gardentasunaz, ustelkeriaren aurkako borrokaz, zerga politikaz edo eredu instituzionalaz», adibidez.
Antolatzaileek proposatu zieten hizlariei zehazteko erabakitzeko eskubidea non aplikatu daitekeen eta non ez. Uxue Barkosen arabera, eskubide horrek «ez du mailarik, eta ekintza demokratikoa maila guztietan zipriztintzen du. Egungo garaian, politikan ematen dizkiguten ezezko guztiak espainiar kutsuko premisak dira. Estatuak nazioen gain egin nahi duen inposiziotik datoz premisa horiek».
Ezkerrako Txema Mauleonen ustez, erabakitzeko eskubidearen eta autodeterminazio eskubidearen artean bereizi behar dira. Lehena, eguneroko gai garrantzitsuetan ere aplikatu beharko litzatekeela uste du eta adibide gisa jarri du Navarra Arena edo abiadura handiko trena bezalako azpiegiturei buruzko galdeketa egin beharko liratekeela. Autodeterminazio eskubidea, berriz, konplexuagotzat jo du, eta hor garrantzitsutzat jo du erabaki esparrua zehaztea. Modu orokorrean, aipatu zuen Gure Esku Dago dinamikaren agiri batean, Euskal Herriaren esparruan herritarren erabakitzeko eskubideaz mintzo dela. «Arazoa da gaur Nafarroan gizartearen %70 ez dela Euskal Herriaren parte sentitzen. Horri buruz galdetuta alda liteke pertzepzioa baina aintzat hartu beharreko errealitatea da hori».
Eztabaida Podemosen
Laura Perezek aipatu zuen autodeterminazio eskubidearen alde dagoela Podemos, baina «ikuspuntu murriztailea ere» badela hori, egungoa bezalako «elkarren arteko menpekotasun testuinguru ekonomiko honetan». Bere ustez, «herri bati subiranotasuna ematea gezurrezkoa da guztiei eragiten dieten arazoak konpontzeko instrumenturik lortzen ez bada». Nabarmendu zuen erabakitzeko eskubideari buruzko gogoeta handia dagoela egun Podemos Ahal Dugu-ren baitan.
Remiroren arabera, demokrazia herriaren gobernua bada, herritarrek erabakitzeko eskubidea eta betebeharra eduki behar lukete: «Hala ere, erabakiak hartzen dira gure iritzia jakin gabe. Politikak entzun behar du eta ez entzungorrarena egin». Ezinbestekotzat jo zuen horretarako informazio «gardena, librea hartzeko eskubidea izatea».
Nafarroa subjektu
Mauleonek irekitako bidearen ildotik Araizek eta Barkosek Nafarroa subjektu gisa defenditu zuten. EH Bilduren arabera, Nafarroari subiranotasun arrastorik ez zaio geratzen, galtzen joan delako historian. Hala ere, etorkizunari begira gehiengo berriak osatu eta akordio handi bat osatu behar da, oinarri batekin, Araizen ustez: «Etorkizuna Nafarroan erabaki behar da». Bere esanetan, EH Bilduren estrategia da Euskal Herriko hiru errealitate instituzionaletik «bere erritmo eta desberdintasunekin», subiranotasun prozesu bat abian jartzea, eta estrategia horrek ahalbidetu egingo luke Nafarroan abertzale ez diren sentsibilitateekin bat egitea.
Zentzu horretan, EH Bilduk, Geroa Baik eta Ezkerrak «elkarbizitzarako akordio baten beharra» azpimarratu zuten. Barkosen arabera, «Nafarroako bere pertsonalitatea aldarrikatzeko eskubidea du», baina gogora ekarri ditu nola 2007ko abuztuan PSOEk muzin egin zion horri, edo legealdi honetan UPNk Parlamentuaren bizkar gobernatu duela: «Kontuan izan dezagun, beraz, bataila honetan erantzukizun eta protagonismo bat dugula eta ezin dugu itxaron inork ematea, lortu egin behar dugu. Herritarren protagonismoa bozen bidez irabaziko da, eta maiatzaren 24an parte hartu beharra dago».
Mauleonen arabera, Nafarroa subjektu bada, EH Bildurekin helburuetan bat ez egin arren, oinarri horrekin adostasunak lor daitezke. Berak defenditu zuen Foru Hobekuntzaren er0reforma bat eta bertan erabakitzeko eskubidea jaso dadila.
Adibide praktiko asko atera ziren, eta horietako bat Grezia izan zen. Parte-hartzaileen arabera, Greziako gizarteak duintasuna berreskuratu du. Araizen ustez, Nafarroak begiratu beharreko ispilua da: «Hemen Nafarroan posizio komun bat dugun indarren artean gai bagara neurri sorta bat egituratzeko eta hor azpimarra jartzeko lau urtetan Nafarroan aldaketa irudikatuko da nahiz eta hainbat kontu ez lortu. Politika egiteko modua aldatze hutsa oso garrantzitsua izango da».