Eredua aldatu du Hego Euskal Herriko eta Espainiako osasun sisteman PPren gobernuak: guztien eskubide izateari utzi dio osasunak. «Gordean aldatu dute eredua. Dekretu baten bidez lege organiko askotan bildutakoa aldatu da». Juan Luis Uria Osalde osasun publikoaren aldeko elkarteko presidenteak ezkor hartu ditu Espainiako Gobernuak iragarritako murrizketak. Paperik ez duten etorkinak zerbitzutik kanpo utzi dituzte, eta gehiago daude arriskuan. «1948ko eredua da: Gizarte Segurantzan bazaude, baduzu eskubidea; bestela, ez».
Urte luzeetan lortutakoa aste gutxian galtzeko arriskua ikusi du Uriak. «Ongizate aurreratuena zuten herrialdeak hartu genituen eredu gisa: Finlandia, Ingalaterra, Norvegia... Osasun zerbitzu publikoa, herritarren zergen bitartez pagatua». Hori aldatuko da, ordea: paperik ez duten etorkinek larrialdietara soilik joan ahal izango dute, eta botikak errentaren arabera pagatuko dituzte gaixotzen direnek. Neurri okerrak dira, Osaldeko buruaren hitzetan: «Kohesio sozialari begira, arriskutsua da». Sendagaien truke ezberdin pagatuko dute batzuek eta besteek; ikusteko dago zerbitzuekin zer gertatuko den.
Hiru zerbitzu mota izango direla aurreratu du Espainiako Osasun Ministerioak, xehetasunik eman gabe: zerbitzu oinarrizkoak, osagarriak eta bigarren mailakoak. Banaketa hori susmagarri zaio Uriari. «Aseguruetako polizen gisakoa da: zer ordaintzen duzun, zerbitzu batzuk dituzu».
Pribatua, «osagarri»
Berrordainketa botikez harago ere jarri nahi du Madrilek: anbulantzietan —larrialdikoetan izan ezik— eta protesietan, esate baterako. Zenbat diru duen bakoitzak, izango du aukera pagatzeko edo ez. «Ereduan badago aldaketa, eta, azken batean, eskubideetan».
Sare pribatuari atea zabaldu diotela salatzen ari dira; Nafarroan, adibidez, talde bat sortu dute horren aurka. «Osasun publikoak eta pribatuak osagarri izan behar dutela ari dira esaten enpresak. Klinikak saiatuko dira diru publikoa erakartzen», dio Uriak. Haren arabera, gainera, itunak egindakoan jaitsi egiten da alor publikoko inbertsioa: «Erresonantziak klinika pribatuarekin itunduz gero, publikoan ez da inbertitzen horretan». Ondorioez gogoeta egitera deitu du: «Enpresentzat osasuna negozio bat da, ez eskubide bat. Osasun sistema publikoak, berriz, berdintasuna du ezaugarri nagusietako bat».
Etengabeko murrizketa hotsek eta aldaketa iragarpenek jendea alor pribatura bultzatzen dute. «Segurtasunik eza sortzen dute osasuneko murrizketei buruzko berriek, eta jendea alor pribatuan hasten da bila, zerbait merkea bada ere». Datu bat eman du: Bizkaian, bost herritarretik batek pasatxok —315.000 baino gehiagok— daukate eginda osasuneko aseguru pribatu bat. Gainerako herrialdeetan kopurua apalagoa dela azaldu du, nolanahi ere.
Egoera iluna izanagatik ere, baikor azaldu da Osaldeko arduraduna: «Osasun publikoarekiko kultura badugu hemen, eta zail izango dute bertan behera uztea»
Eskubide zena, asegurua izatearen menpe
Osasun sistemaren orain arteko eredua kolokan jarri dute Espainiako Gobernuaren erreformek: herritar guztien eskubide zen osasuna, baina orain Gizarte Segurantzan daudenek soilik izango dute. Osaldeko buruak uste du bide pribatuari ateak zabaldu dizkiotela horrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu