Datorren ostiralean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, eskubide zibil eta politikoen aldeko ekimenak egiteko dei egin dute gaur hainbat lagunek Durangon, Plateruena Kafe Antzokian egindako agerraldian. "Bakea, justizia soziala eta demokrazia" aldarri hartuta "bidea egiteko" eskatu dute, "Euskal Herriak aro berria" behar duelakoan. Eskubide guztiak denontzat lelopean izango dira hilaren 10eko ekimen horiek.
Durangoko ekitaldian izan dira Pedro Ibarra EHUko irakaslea, Ramon Labaien Donostiako alkate ohia, Jesus Uzkudun CCOOko zuzendaritzakidea, Eider Rodriguez, Joan Mari Irigoien eta Gotzon Barandiaran idazleak, Rafa Larreina EAko zuzendaritzakidea, Rebeka Ubera Aralarreko Gipuzkoako batzarkidea, Karmelo Landa EHUko irakasle eta ezker abertzaleko kidea, Ines Osinaga Gose taldeko abeslaria, Iñaki Zarraoa Getxoko alkate ohia, Mikel Izagirre EBko kide eta Urnietako alkatea, Jonathan Martinez Alternatibako kidea, Sonia Gonzalez LABeko zuzendaritzakidea...
BERRIAk lehengo asteartean zioenez, Euskal Herriko eskubide zibilen aldeko mugimendua sortu nahi dute. Ostiraleko ekitaldietan hasiko dira ekimena gorpuzten, eta ekainean batzarra egingo dute. Irailean, berriz, Askatasunaren martxa.
Eskubide zibilen aldeko mugimendua joan den irailaren 11n ernatu zen, Bilboko Kafe Antzokian hainbat eragilek egindako agerraldi jendetsuan. Ekimenaren aurretik Espainiako Auzitegi Nazionalak bi manifestazio galarazi zituen; lehena Adierazi EH ekimenak deiturikoa, eta bigarrena Sabin Intxaurragak eta Jose Maria Olariagak deitua. Ekitaldi hura debekuei erantzuteko agerraldia izan zen, eta eskubide urraketen aurkako mugimenduaren sorrera ekarri zuen.
Hainbat alderdi eta gizarte eragilek babestu zuten taldearen sorrera. Urriaren 2an eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak eragindako olatuak jende andana mugiarazi zuen, Bilboko kaleak manifestazio jendetsu batez betetzeraino.
Azken pausoa azaroaren 20an eginiko batzarrean eman zuen mugimenduak. Gaurko eta abenduaren 10eko ekitaldiekin urrats gehiago egiteko bidea ireki nahi dute.
politika
Eskubide zibil eta politikoen aldeko ekimenak egingo dituzte ostiralean, mugimendua gorpuzten hasteko
Euskal Herriko eskubide zibilen aldeko mugimendua sortu nahi dute; ekainean batzarra egingo dute eta irailean 'Askatasunaren martxa'. "Bakea, justizia soziala eta demokrazia" aldarri hartuta "aro berrirako bidea egiteko" eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu