Eskubide zibilen aldeko aldarria kaleetan

Errepresioa, indarkeria, eskubideen ukazioa eta gatazka betikotzea arbuiatu dituzte hiriburuetan

Erredakzioa
2011ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Jendetza batu zen, atzo, Hego Euskal Herriko hiriburuetan, eskubide zibilen alde egin ziren elkarretaratze eta manifestazioetan. Euskal Herriko Eskubide Zibilen aldeko Mugimenduak deituta, distentsioa eskatu zuten «eszenatoki politiko berrirako» giltzarri gisa. Distentsioa alor guztietan, «bakean eta demokrazian bizi ahal izateko» baldintza gisa.

Eskubide zibil guztiak aldarrikatu zituzten, baina atzoko elkarretaratzeetan bereziki nabarmendu zituzten Sortu alderdia orain bertan legalizatzea, pertsona guztien integritatea zorrotz errespetatzea, eta legalitateari zuzenean erasotzen dioten salbuespen arauak indargabetzea.

Bilbon, Donostian eta Gasteizen auzitegien aurreetan elkarretaratu ziren, auzitegiek «euskal herritarron eskubideak eta askatasunak babesteko» erantzukizuna eduki arren, «askotanepai judizialak beraiek» direlako «demokraziarik eza sustatzen biziki saiatzen direnak», gatazka «iraunarazteko saioak» egiten ez dituztenean. Ildo horretan, Espainiako Auzitegi Nazionala desegiteko eskatu zuten.

Manifestazioa Iruñean

Iruñean hainbat geldialdi izan zituen manifestazioa egin zuten. Geldialdiak berariaz pentsatutakoak izan ziren. Horrela, PSNren egoitzaren aurrean, Parlamentuaren aurrean, auzitegien aurrean, Espainiako Poliziaren egoitzaren aurrean eta kartzela aurrean egin zituzten, eskubide zibilen urraketen erantzuletzat dituztelako.

«Benetako demokrazia eta elkarbizitzaren aldeko konpromisoak» hartzeko unea iritsi dela esan zuten, eta «errepresioa, indarkeria, eskubideen ukazioa eta gatazka betikotzea» arbuiatu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.