Zabala zen deialdia, abortatzeko eskubidearen aldeko plataformak egina eta ehun eragilek baino gehiagok babestua. Zabala da Espainiako Gobernuaren erreforma asmoaren aurka agertu diren talde politiko eta eragileen zerrenda. Eta zabala izan da Iruñean egindako protesta. Milaka lagun elkartu dira Nafarroako hiriburuan, abortatzeko eskubidearen alde.
Gure gorputza da, guk erabakitzen dugu lelopean egin dute martxa. Koloretsua izan da: ileordeak jarrita joan dira asko. Abortatzeko eskubidearen aldeko oihuak etenik gabekoak izan dira bidean. Batukadak ere izan dira, eta parodiak ere bai.
#AbortatzekoEskubidea "Delinkuenteak" manifestazio erdian. pic.twitter.com/xHG38SQSAn
— Maite Asensio Lozano (@MAsensioLozano) April 5, 2014
Golem zinemetatik abiatu, eta Gazteluko plazan amaitu dute ibilbidea. Amaierako hitzaldiaren ostean, Furia kantaria aritu da. Flashmob bat egin dute amaitzeko.
[YouTube]http://youtu.be/UOqVPBxwRn4[/YouTube]
Eskubidea dela abortua, mezu hori nabarmendu dute. Hortaz, eskatu dute kentzeko abortua Espainiako Zigor Kodetik. Ez du bide hori hartu, ordea, PPren gobernuak. Gaur egungo legea erabat aldatu nahi du, epeak beharrean baldintzak izango baitira irizpide. Bi baldintza: haurdun dagoen andrearen osasuna arrisku larrian egotea edo bortxaketa baten ondoriozkoa izatea haurdunaldia. Hain da murriztailea, ezen abortatzeko eskubidea ukatuko baitie emakumeei.
Eskubideak, "bortxatuta eta ukatuta"
Atzerapausoa ekarriko du horrek, manifestazioan salatu dutenez: "Aurreproiektua eskuindar ultrakatolikoen eta kontserbadoreen planteamenduetan oinarritzen da". Emakumeen eskubideak “bortxatu eta ukatu” egin nahi ditu Alberto Ruiz Gallardon ministroak, deitzaileen esanetan.
Horren aurrean, ama izateko edo ez izateko askatasuna eskatu dute —"emakumeen erabaki librea da"—, eta sexu heziketan sakontzeko. Hiru pausotan laburbildu dute mezua: "Sexu hezkuntza, erabakitzeko; antisorgailuak, ez abortatzeko; eta abortu librea, ez hiltzeko".
Espainiako Gobernuari bakarrik ez, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari ere eskatu dizkiete kontuak. Abortatzea eskubidea denez gero, osasun etxe publikoetan egitea galdegin dute. Zerbitzu horren "pribatizazio basatia" salatu dute. Ez alferrik, Nafarroako hiriburuan egin dute manifestazioa, urte luzeetan abortuak egiteko berealdiko eragozpenak izan diren herrialdean.