Txori Barrote konpartsa bi urtez zigortuta eduki du Bilboko Udalak. Bi urtez, Aste Nagusian txosna jartzea debekatuta eduki du; baita Kaskagorri konpartsak ere. Presoen argazkiak gorabehera, auzitegiek epairik eman aurretik eman zuen epaia Iñaki Azkuna buru duen udalak, 2009ko azaroan. Zigorra betea dutenean, konpartsakideen protestei arrazoi eman die Bilboko Administrazio Auzitegiko 4. Epaitegiak. Arrazoi zuen Txori Barrotek; iaz eta aurten ere txosna beti bezala jartzeko eskubide osoa zuen; debekua ez zen zilegi. Berandu iritsi da erabakia, bistan denez.
2009ko Aste Nagusian Ertzaintza jaietako gunean indarrez sartu zen, eta hark txosnei buruz egindako txostenean oinarrituta erabaki zuen udalak Txori Barrote eta Kaskagorri zigortzea. Berez Espainiako Auzitegi Nazionalarentzat zen txosten hura, eta bertan zioen txosnetan euskal presoen argazkiak zeudela. Ertzaintzak txostena udalari ere bidali zion, eta Azkunaren taldeak bere ondorioa atera zuen. Txori Barrotek eta Kaskagorrik «terrorismoaren biktimak umiliatu eta mindu» zituztela esan zuen. Horrek udalak berak jaietarako aurrez egina zuen ordenantza urratzen zuela adierazi, eta zuzenean zigortu zituen bi konpartsak, sekula ikusi gabeko neurria hartuta.
Konpartsetako kideek hasiera-hasieratik esan zuten ez zutela inor mintzeko asmorik, eta Txori Barrotek erabakiaren aurkako helegitea aurkeztu zuen Bilboko Administrazio Auzitegian. Konpartsa presoen senide eta lagunek osatzen dutela kontatu zuten, eta argazkien bidez beren hurkoen eskubideen alde besterik ez dutela egin. Argazkiak presoak hurbiltzearen alde jartzen dituztela azaldu zuten, eta udala bera euskal presoak gerturatzearen alde agertu izan dela gogoratu.
Udalaren epaia zilegi ez zela sinetsita, auzitegiak gaiari buruzko epaia kaleratu artean zigorra bertan behera uzteko eskatu zuen konpartsak. Baina ezezko erantzuna jaso zuen. Bi urteren ondoren eman dio arrazoi auzitegiak Txori Barroteri, bi urteko debekua bete duenean. Argazkietan ez duela inor mintzeko asmorik ikusi esan du; presoen eskubideak aldarrikatzea zilegi dela, eta konpartsak ez duela inor umiliatu. Bilboko Udalak jaietarako duen ordenantza, beraz, ez duela urratu. Konpartsaren aurkako zigorra baliogabetzeko agindua eman du. Baina nola baliogabetu kitatua dagoen zigorra?
Kaskagorrik ez zuen auzitegietara jo, eta ez dago udalak hari jarritako zigorraren aurkako erabakirik. Baina hori ere iristear dela uste dute konpartsakideek. Izan ere, udalaren «erasoa» konpartsa guztien aurkakoa izan zela sentituta, bi debekuen kontra beste helegite bat jarri zuen Bilboko Konpartsen elkarteak. Erabakirik ez du oraindik kaleratu auzitegiak, baina Txori Barrotek jaso duen epaiaren bide beretik joatea espero dute.
Kalte-ordainik ez
Bestalde, Txori Barrotek helegitea aurkezterakoan, bazuen kalte-ordainak eskatzeko aukera. Baina ez du halakorik egin. «Kalte-ordain ekonomikoa eskatuko bagenu, nork ordainduko luke?», galdegin du Ibai Etxebarria konpartsakideak BERRIArekin izandako elkarrizketan. «Alkateak ordainduko luke? EAJk? Ez», hausnartu du. «Udalak ordainduko luke; herriak,azken finean. Eta guk ez dugu horretarako inolako interesik». Pentsatzen jarri, eta irribarrea atera zaio: «Agian, alkateari hurrengo jaietako aste osoa Txori Barroteren kamiseta jantzita egoteko eskatuko diogu!». Haize Goikoetxea konpartsakideari ere ihes egin dio barreak: «Edo txosnan txandak egin ditzala, agian, hobe».
Kaltea egina dago. Ez du atzera bueltarik. Eta konpartsakoak minduta mintzatzen dira txosnarik gabeko bi Aste Nagusiei buruz: «Gure erreferentzia galtzea da. Gure elkargunea galtzea, zeren, azken finean, gure etxea da txosna; hamar egunetako gure etxea. Gure espazioa, gure tokia, gure irudia. Gure eskuekin eraikitzen dugun zerbait da; gure parte bat», dio Goikoetxeak.
Txori Barroterentzat berezia zen urte batean egokitu zaio zigorra, gainera: 25 urte bete dituenean. «Ezin izan dugu ospatu urteurrena merezi genuen bezala! Zer ospatuko genuen, ba? Bai, hemen gaudela, bizirik gaudela, baina...». Hala ere, oraindik ospatuko duten esperantza dute. «Asmatuko dugu zerbait», dio Etxebarriak. Horretarako, ordea, azken urteotan konpartsak jasaten ari diren etengabeko erasoak amaitzea nahi dute. Aro bat igarota egotea. «Hau guztia amaitu dela ospatu behar dugu, eta pasatutakoak pasatuta indartsu gaudela».
Sekula baino indar handiagoz daudela diote, gainera. Zigorrak kalte handia egin bai, baina zerbait ona ere utzi diela: elkartasuna, batasuna eta aurrera egiteko grina. Indarra. Eta ez Txori Barroteko kideen artean soilik. Baita gainontzeko konpartsakideekin ere. Gustura daude hargatik. Pozik.
Batasun horrek badu arrazoi bat: konpartsa guztiek hausnarketa bera egin dutela udalaren zigorraren inguruan. «Guri tokatu zaigu, baina uste dut konpartsa guztiek sentitu dutela beraiei berdin egokitu ahal zitzaiela beste edozein aitzakiarekin», dio Etxebarriak. Izan ere, Bilboko Konpartsek biltzen dituzten 28 konpartsen ustez, jai eredua izan da, benetan, «udalaren erasoaren jomuga». Etxebarriaren ustez, «hemen agintzen duena nor den argi utzi nahi zuen udalak» halako neurriarekin: «Denok dakigu zenbateraino gustatzen zaion hori Azkunari». Eta, beste alde batetik, Bilboko Konpartsak «ahuldu, zatitu» nahi zituen; partaideen artean «tentsioa» sortu.
Eta tentsioa «handia» izan dela dio. Eztabaida handiak izan dituztela konpartsen artean; «gogorrak ere bai». Baina asmatu dute aurrera egiten, eta sekula baino sendoago atera da konpartsen elkartea; sekula baino gehiago jardun dira elkarlan, sekula baino gehiago lagundu diote elkarri, eta beren artean oso desberdinak diren konpartsa guztiek ulertu dute, Etxebarriaren hitzetan, jai eredua zegoela benetan jomugan, kolokan.
Izan ere, udala urtez urte konpartsei lekua kentzen ari zaiela sentitzen dute konpartsakideek, konpartsei historikoki izan duten zeregina murriztu eta kentzen saiatzen ari dela azken urteetan kaleratu dituzten ordenantza eta bestelako erabakiekin. Konpartsak ez daude hori onartzeko prest. Bere erabakiguneak eta jaien antolaketarako duten ahalmena atxiki nahi dituzte, eta tirabira asko izan dituzte hargatik azken urteetan udalarekin.
Konpartsa bat zer den ulertzeko historian atzera egin behar dela dio Etxebarriak. Nola sortu ziren jakin behar dela, haien izatea eta filosofia ulertu ahal izateko. 1978. urtean sortu zen egun Bilbon ezagutzen den jai eredua. Ordura arte, Bilboko Semana Grande-n hiru ekitaldi besterik ez zegoen: zezenak, pasodobleak eta ibaian egiten zen boxeo txapelketa. 1978an ideien lehiaketa bat egin, eta gerora Txomin Barullo konpartsa sortu zuen taldeak irabazi zuen txapelketa. Gutxi gora-behera, gaur egun ezagutzen den Aste Nagusiaren izaera jaso zuen proposamenak.
Gizarte mugimenduek sortua
Garai hartan auzo elkarte asko zeuden, oso biziak, eta indar handikoak. Gizarte mugimenduak ere pil-pilean ziren Euskal Herrian. Horietatik sortu ziren konpartsak eta jaiak antolatzeko konpartsen eredu berezia. Talde horiek guztiek jaiak bere egin, eta antolaketa bere gain hartu zuten. Izaera erabat parte hartzailearekin sortu zen, beraz, Aste Nagusia. «Herriak bere gain hartu zuen bere festen antolaketa». Udalak ez zuen antolaketa horrekin ezer jakin nahi. Dirua mahai gainean jarri, eta oporrak hartzen zituen.
Konpartsek filosofia horri eusten diote oraindik ere. Asko auzoetakoak dira: Kobetamendi, Uribarri eta Pa...Ya, esaterako. Beste asko, herri mugimenduetatik sortuak: Txori Barrote eta Kaskagorri bera, Abante, eta CNT eta mugimendu anarkistak biltzen dituen Hontzak, adibidez. 28 konpartsen inguruan milaka konpartsakide biltzen dira. Txori Barrotek, esaterako, ehun konpartsakidetik gora ditu, baina talde «ertain-txikietakoa» da. Handiagoak dira gehienak.
Konpartsek prestatzen zituzten jaiak osorik hasieran, baina Aste Nagusiak horrenbesteko indarra hartu zuenean, udala prestaketan sartu zen. Berak ere parte hartu nahi zuela eta, batzorde mistoa sortu zen udal ordezkari eta konpartsen artean. Hala antolatzen da oraindik ere Aste Nagusia, baina gero eta zailtasun handiagoz. Batzorde mistoaren oinarria beti izan da parekidetasuna; udal ordezkariek eta konpartsetakoek partaide kopuru bera izatea eta elkar ulertzean aurrera egitea. Baina udala gero eta indar handiagoa izaten saiatzen ari da azken urteetan; erabakiak bere esku izaten. Batzorde mistoaren osaera aldatu du, jaien antolaketarako eta espazio publikoaren erabilerarako gero eta arau, ordenantza, murrizketa eta oztopo gehiago jartzen ditu, eta udala eta konpartsen arteko liskarrak eguneroko kontu bihurtu dira.
Hor kokatzen dituzte konpartsek Txori Barrote eta Kaskagorriri ezarritako zigorrak ere. «Argazkien aitzakia erabilita zigortzea erraza zitzaion garai politikoa baliatu zuen, baina benetako jomuga konpartsak ziren; horien indarra txikitu eta bere menpe jartzea zen helburua, gainerako erasoetan bezala. Ez du onartzen ihes egiten dion kudeaketarik». Baina, erasoak eraso, konpartsen elkartea sekula baino sendoago sentitzen da. Datorrenari aurre egiteko gai, eta hurrengo jaiak antolatzeko irrikan.
Santomasak prestatzeko lanean ari dira orain, eta inauteriei begira. Izan ere, azken urteetan liskar iturri izan dira inauteriak, udalak eta konpartsek aparteko desfileak antolatzeraino. Hortaz, Goikoetxea eta Etxebarriaren ustez, datozen inauteriak izango dira hemendik aurrera udalak haiekin izango duen jarreraren «termometroa».
Herri mugimenduak. Bilboko konpartsak jomugan
Eskubidea zuen Txori Barrotek
Presoen argazkiak erakusteagatik Bilboko Udalaren aginduz 2010eko eta 2011ko Aste Nagusietan txosnarik gabe egon ondoren, auzitegiak ebatzi du debekua ez zela zilegi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu