Gaurtik aurrera eutanasia eskariak legezkoak izango dira Hegoaldean: indarrean sartuko da Espainiako Kongresuak martxoan onartu zuen lege proposamena. Norbanako askoren eskari izan da luzaroan, baina batzuek asko desiratutako lege bat izan arren, oraindik duda eta zalantza asko sorrarazten ditu gaiak.
Hori dela eta, eutanasiaren eta legearen nondik norakoak biltzen dituen erreportaje berezi bat egin du BERRIAk, Heriotza duinaren lorratzetan, gaiaren inguruan egon daitezkeen hainbat zalantza argitu, eta pieza hori bera bizipen pertsonalekin hornitzeko asmoz. Iragan den igandean BERRIAk sakon eta zabal landu zuen Harian-aren jarraipena da, eta hura lantzeko egin ziren elkarrizketekin eta jaso ziren testigantzekin josi da. Bertan, hiru lagunen pentsamenduak eta inpresioak bildu ditu BERRIA TBko lantaldeak.
Txema Lorente da hiru lagun horietako bat: Maribel Tellaetxeren alarguna da, Euskal Herrian eutanasiaren alde egin den lanaren eta ahaleginaren sinboloetako bat. «Kanpaina hasi genuenean, ustekabean hasi ere, ez genuen uste borroka hori hasi eta garatu genezakeenik», adierazi du. Behin jardun horretan, «gorputz eta arima» aritu dira horretan, eta, azkenean, lortu dute luzaroan desio izan dutena. Min bakarra du: emazteak eskubide hori baliatu ezin izana. Hala ere, «bete egin den ilusio bat» dela dio, eta hemendik aurrera edonork erabaki ahalko duela «nola bizi nahi duen eta nola hil nahi duen».
Nere Erkiaga da bigarren protagonista: heriotzari buruzko dibulgatzaile gisa aurkezten da, eta propio heriotzari buruz hitz egiten duen irratsaio batean kolaboratzen du, Euskadi Irratian. Bertan, sarritan landu izan ditu heriotza duinaren, zaintza aringarrien eta eutanasiaren gaiak, eta gogoeta pertsonal bat egina du horien guztien inguruan. Horrela mintzo da eutanasiari buruz galdetzean: «Niretzat oinarrizko eskubide bat da; hostoak dituen lore baten kasuan, orri bat». Heriotzari lotutako beste hainbat eskubide ere badaudela azpimarratu du, eta horiek ere oso garrantzitsuak direla.
Koldo Martinez da erreportajean parte hartu duen hirugarren eta azken laguna: medikua da, eta bioetikaren arloan aditu ere bada. Pozarren dago lege proposamena onartu dutelako, baina, hala ere, hainbat hutsune dituela nabarmendu du, eta patxada handiagoz landu behar zen lege bat dela: «Beste deliberamendu maila bat edo beste hausnarketa maila bat eman behar zela uste dut; gizartearekiko inolako eztabaidarik ez da eman». Hala, «hankamotz» gisa definitu du, eta denboraren poderioz hobetuz joan beharko dela azaldu du; izan ere, haren esanetan, «eskubideei buruz ari gara eutanasiaren gaiaz mintzo garenean».