Kanilakoa edo botilakoa, inporta handirik ez zion atzo Bilbon. Berotan bero zen atzo, eta ura eskas. Negozioa egin zuten debekuen aurkako eta eskubideen aldeko martxa igaro zen kaleetako dendetan eta tabernetan. Etxetik kontuak aterata joan ziren batzuk -lagun taldeak, bi litroko ur botilekin, eta baten bat garagardoarekin ere bai-, baina bero sapak ezustean hartu zituenek ez zuten izan tabernara sartu-irtena egitea beste aterabiderik. Ez zen gutxiagorako: 31 gradu baziren Casillan manifestazioa hastean, eta, amaieran, udaletxe plaza inguruan, 30. Itzalean hori. Alferrik zen atzo eguzkiak ez jotzea. Baina berotan ilusio zen atzo Bilbon.
Ordua 17:00etarako zegoen jarria, baina usaina nabaria zen ordubete lehenagorako. 16:00etarako bertan ziren lehen herritarrak, Ertzaintzaren furgonetekin batera. Erromesaldiak ere bai: kazetarienak lehenik, eta Euskal Herriko bazter askotatik Bilbora etorritako autobusenak gero. 16:30erako hasia zen ekinaldia: jendea, espaloietan pilatzen -itzalean nahi, baina hor ere bero sapa gainetik kendu ezinik-; kazetariak, erlojuari so, urduri; eta udaltzainak, bideak ixten.
Pello Urizar Eusko Alkartasuneko idazkari nagusiak sortu zituen lehen korrikaldiak. Idoia Ibero ezker abertzaleko kidearekin egin zituen hitz batzuk, eta ondoren egin zien kasu kazetariei. Pasa zen denbora hizketan hasterako; jaunartzea egin behar duten gaztetxoak nola, hala eduki zuten argazkilariek Urizar, nork argazki hobea egingo. Haren atzetik, Marian Beitialarrangoitiak piztu zuen arreta. Gaitz erdi: Urizarren inguruan zen, eta kazetariek ez zuten aparteko izerdirik atera harengana joateko. Artean denbora puska bat falta zen martxa hasteko. 16:45ean ekin zioten bidea markatzeko soka zabaltzeari, eta bost minuturen buruan irekia zuten pankarta.
Falta ziren adierazpen batzuk. EAJko ordezkariak ez ziren ageri. Bitartean, hasiak ziren politikariak eta eragileak pilatzen pankartaren ondoan. Elkarri sekretu handirik kontatzeko modurik ez zuten izan ezker abertzaleko kide Rufi Etxeberriak eta Urizarrek. Argazkilariak gain-gainean izan zituzten uneoro. Andoni Ortuzarrek kendu zien protagonismoa, une batez. Pankarta zegoen lekutik urrun, Casilla pabilioiaren parean azaldu zen EAJren BBBko burua, hitz egitera. Ez zuen modurik izan ezer asko esateko.
Kameretatik urrunago ere bazen jende ezaguna, milaka eta milaka herritarren artean. Politikariak adierazpenak egiten ari zirenean, ezkutu antzean egon zen Jesus Uzkudun (CCOO). «Manifestazio eskubidea defendatu behar da, bestela gaizki dabiltza. Guk argi dugu gizartearen eskubideak defenditu behar direla, eta sindikatuan ez dago horrekin inolako desadostasunik», adierazi zuen. Iragarri zuen CCOOko buruzagi gehiago ere bazirela bertan; ez, ordea, Sordo, idazkari nagusia.
Kameren arretatik urrun ziren baita ere gizarte eragileak. Lehen pankarta eraman zutenen artean zen Edurne Brouard, Korrikaren arduraduna. «Salbuespen egoerari buelta emateko garaia badela aspaldian esan dugu, eta ea honek balio duen», zioen. Inguruan, Sonia Polo: «Bakoitzak bere planteamendua egingo du, baina, nire ustez, mezu zabala da gaurkoa». Haien atzean, Joan Mari Torrealdai, euskaltzaina eta Egunkaria auzian epaitua. Haren irudiko, «aldaketaren aurka dauden indarrei» mezua eman die martxak. «Ez dakit soluzioa politikarien eskutik edo gizarte zibilaren eskutik etorriko den. Hau amaieraren hasieraren indartze prozesuan dago». Itxaropentsu mintzatu zen Izaskun Guarrotxena, Bilgune Feministakoa: «Une historikoa da. Beste agertoki bat nahi dugu, non eskubide guztiak izango diren pertsona guztientzat».
Ikasle andana, argazkilari
17:15ean abiatu zen martxa. Lasaitu ziren kazetariak; ez, ikasleak. Argazki kamera eskuan, taldetan jarrita aritu ziren, irudiak egin eta egin. Korrika franko egin zuten argazkilari profesionalen atzetik, haien pareko irudiak lortu nahian. Profesionalek ere, ordea, ez zuten erraza izan kontua. Asko eta asko batu ziren, eta zenbaitek ez zuten Bilboko berri. «Eta orain norantz joko dute?», galdetzen zieten ingurukoei.
Beroa jasan zuten guztiek. Kopetak, horren erakusgarri. Edo eztarriak. Galdetu, manifestazioa zabaltzeko zintari eusten joan zirenei, edo euskal presoen aldeko boletoak saldu zituztenei. Hasierakoak baino oihu apalagoak egiten zituzten amaieran. Haize lehorrak erasan zien eztarrietan.
Autonomia kalearen erdialdean egin zuen martxak lehen geldialdia. Argazkilariek orduan izan zuten lana. Argazki ikusgarria: kalea mukuru beteta. Jende uholdearen artean, pertsona ezagunak baziren, martxa noiz abiatuko. Martxan sartzeko zain, Eleuterio Jauregi Beloki pandero jotzailea. Haren arabera, «gehiegizkoa» da gertatu dena. «Demokrazia batean ez genuke manifestaziorako eskubidea aldarrikatu beharrik». Ilusioz zen, ordea, Miren Amuriza bertsolaria: «Une honetan beharrizan handia daukagu gure eskubideak aldarrikatzeko eta batzeko, eta sortu den ilusioari bide emateko». Ondoan zuen Uxue Alberdi: «Gaurko argazkia oso polita da, baina ardurak hartu behar dira».
Martxa abiatuta berriro, oharra gizon batek ondokoari: «Galtzen bazara, deitu». Ez zen erraza atzo lagunak ondoan izatea. Hala pentsatuko zuten turistek. Uholdearekin izu, Bilboko itsasadarreko ontzitik eta Zubi Zuritik argazkiak atera eta atera aritu ziren. Hori bai, ur botilak ondoan zituztela.
ESKUBIDEEN ALDEKO MANIFESTAZIOA BILBON. KRONIKA. Ilusioari bide eman nahian
Bero sapa gainetik kendu ezinik egin dute ibilbidea manifestariek. Botilak eskuan hartuta joan dira asko; lanak izan dituzte gainerakoek. Ilusioa nabarmendu dute gizarte eragileek, aro berria zabaltzeko ilusioarekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu