UMPren eta UDFren arteko lehia hertsia espero zen, eta horrela gertatu da. François Bayrou UDFko presidentearen zerrenda izan da eskuineko zerrenden artean garaile Iparraldean, 25.771 boz bereganaturik, hots, %21,97. UMP alderdiak 24.951 boz lortu ditu, %21,27. Alabaina, joera hori salbuespena izan da Akitaniako eskualdeari begira, eta gainerako lau departamenduetan Xavier Darcos UMPko hautagaia atera da garaile. Bayrouk ezin izan du gainditu erronka pertsonal gisa aurkezten zuen Akitaniako garaipena. Kopuruetan gora egin du UDFk, baina garaipenik ez.Alain Rousset PS-Berdeen hautagaia indarturik atera da igandeko lehen itzulitik, eta itxaropentsu begira diezaioke bigarren itzuliari. Tradizioz eskuin bozkatzen den Ipar Euskal Herrian, PS-Berdeek bozen %33,62 lortu dituzte, eta kopurua biziki emendatzen da Akitania mailan, bozen %40 inguru eskuratu dituzte. Parte-hartzearen emendatzeak sozialisten alde egin du, eta, hala,eskuinarekiko tartea zabaldu dute. Joera hori Frantzian ere izan da, eta Raffarin lehen ministroaren aurkako zigor boz gisa ulertu da. Denbora berean PCFk emaitza txarrak erdietsi ditu Ipar Euskal Herrian: 4.267 boz, %3,63. Komunistek dei egin dute dagoeneko sozialisten aldeko boza ematera.LCR eta Lo alderdi troskistak elkarturik aurkeztu dira oraingoan, baina ez dute lortu Lehendakaritzarako bozketan ukan emaitzak berretsi. Eskualdeko azken bozketekin erkatuz, aldiz, LCRk bere boz kopurua atxikitzen du. Hala, 5.425 boz, %4,62, erdietsi ditu Ipar Euskal Herrian, eta Pirinio Atlantikoetan %4,09 lortu ditu. Troskistek bozemaileei askatasuna eman diete bigarren itzulirako.FNk emeki baina gora egin du; emaitza onak lortu ditu Miarritze ekialdean eta Baionan. Orotara 8.958 boz ukan ditu, %7,63, eta laugarren postuan ageri da eskualdeko hauteskundeetan. CNPT ehiztarien alderdia ageri da bosgarren postuan, %7,22 erdietsita. Akitania mailan bozen %9 lortu dituzte ehiztariek, baina, hauteskunde sistemaren aldaketaren ondorioz, ez aski bigarren itzulian present izateko. Troskistek bezala, CNPTk askatasun osoa ematen die bere bozemaileei. Alabaina, heldu den iganderako ez dute ezkerra edo eskuina hobetsi nahi izan.
-
PRESOAK EUSKAL HERRIRA
2.500 inguru izan daitezke presoen aldeko bozak
ABk eta Batasunak ez dute zerrendarik aurkeztu eskualdeetako bozetara. Kantonamenduetarako adostasunik lortu ez bazuten ere, eskualde hauteskundetarako indarrak elkartzea lortu zuten eta Presoak Euskal Herrira zioten eskuorriak baliatuz bozka zezatela erran zieten herritarrei. Baliogabeko bozak eta boz zuriak 7.358 izan dira Ipar Euskal Herrian. Horien artean daude ardura zuri eta protesta gisa baliogabeturik ematen diren bozak. Prefeturatik ez dute adierazten zuzen zenbat diren presoen herriratzea eskatzen duten paperak. Hala ere, azken hauteskundeetako emaitzekin erkatuz, 2.500 inguru izanen dira. Eskualdeko hauteskundeak urruti dira abertzaleen ikuspegitik, eta indar guziak kantonamenduetako hauteskundeetan ezarri dituzte. Abertzaleek ez dute bozak zenbatzeko ahalik ukan. Euskal presoen aldarrikapena hauteskundeetan agertzea zen xedea, eta duen balio sinboliko hori eman diote ABk zein Batasunak.