Euskal lurralde elkargoak lituzkeen eskumenei buruzko proposamenak onartu zituen atzo Hautetsien Kontseiluak. Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalari buruzko hausnarketan urrats berri bat egin zuten barda elkartearen biltzar nagusiaren kari. «Pauso garrantzitsua da, gogoeta hori onarturik, prozesua aitzina doa eta gobernuaren erreforman kokatu nahi dugu gure burua, lurralde elkargoa lortzeko asmoz», zion Martine Bisauta Baionako hautetsiak. Hautetsien ihardokipenak ezberdinak ziren barda, bileratik ateratzean. Nahiz batzuk Bisautaren gisa unea «nahiko historikotzat» jo, beste batzuk, Christine Bessonart Ipar Euskal Herriko auzapezen biltzarreko presidentearen gisara, ez zuten «ezer berritzailerik» kausitu. Hain zuzen, nahiz eskumenei buruz eraman gogoeta begi onez ikusi, biharko egiturak lituzkeen eskumenak ez zituzten adostu.
Arloka aurkeztu zituzten lurralde elkargoak lituzkeen konpetentziak: garapen ekonomikoa, garraioak,euskara, kultura, etxebizitza, turismoa eta mugaz gaindiko harremanak. Sail bakoitzarentzat hiru aukerapresentatuzituzten. Bata, eskumen gutxiengoak emanez, bestea, botere guztiak emanez eta azkena, erdi bideko proposamen bat. Hiru aukerak proposatu arren, lan taldeek bat lehenetsi zuten, gehienetan, erdi bidekoaren alde eginez. Hala ere, bakar batzuetan, euskararentzat edota kulturarentzat adibidez, eskumen azkarreko elkargoaren hipotesia hautatua izan da.
Nahiz bukaeran aho batez alde agertu, eztabaidatsua izan zen bilera. «Denak ados gara errateko egituraketa bat behar dugula, gero zein heinetakoa... horretan da eztabaida sendi. Nahiz inor ez aurka mintzatu, ikuspegi ezberdinak badira», zion Sauveur Bacho Arberatzeko (Nafarroa Beherea) auzapezak. Nahiko mesfidati da bere aldetik Bessonart: «lurralde elkargoaz gogoetatzen ari gara, baina batzuk beti dute buru gibelean Pays egitura edota Sindikatu Mistoaren aukera...». Hala ere, ezagupen instituzionala lortzeko «parada» ikusten du prozesu horretan.
Biltzar nagusi jendetsua
Hautetsi andana bat bildu ziren atzo Baionan burutu biltzar nagusian. Besteak beste, Sylviane Alaux, Colette Capdevielle, Frederique Espagnac eta Jean Jacques Lasserre parlamentariak, Alain Iriart eta Maris Christine Aragon kontseilari nagusiak, Jean Michel Galant etaMixel Etxebest auzapezak, Frantxua Maitia eskualdeko kontseilaria, Alain Lamassoure Europako diputatua... Biltzar nagusi jendetsua izanak bere garrantzia dauka Bisautaren begietan: «hautetsi anitz ginen eta hori ere azpimagarria da, lurralde elkargoaren gaiaren inguruan lortuko dugun adostasun orokorra garrantzitsua izanen delako».
Hautetsien Kontseilua. Ipar Euskal Herriaren gobernantza
Eskumenei buruzko proposamenak onartu ditu Hautetsien Kontseiluak
Euskal lurralde elkargoak izanen lituzkeen eskumenei buruzko proposamena aurkeztu zaie hautetsiei, biltzar nagusiaren kariGogoeta onartu dute, baina ez dute argitu biharko egiturak zer eskumen lituzkeen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu