Eskura daukate aldaketa

LOMLOE hezkuntza legearen txostena onartu du Espainiako Kongresuko Hezkuntza Batzordeak. EAJk aldeko botoa eman du, eta EH Bilduk, abstentzioa. Osoko bilkuratik igaro behar da oraindik

Hezkuntza Batzordearen bozketa, atzo arratsaldean, Madrilen. CHEMA MOYA / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Beste urrats bat egin zuten atzo LOMCE legea erreformatu, eta LOMLOE hezkuntza lege berria onartzeko: Espainiako Kongresuko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Batzordean lantaldearen azken txostena onartu zuten, testuan sartuko dituzten zuzenketekin batera. Orotara, aldeko hogei boto jaso zituen —PSOE, Unidas Podemos, ERC, EAJ eta Mas Paisenak—, eta aurkako hamasei —PP, Vox, Ciudadanos eta UPNrenak—; EH Bilduk, berriz, ez zuen parte hartu azken bozketan, eta aurretik iragarri zuen abstentzioaren alde egingo zuela. Oraindik pauso garrantzitsuena falta da lege berria indarrean jar dezaten: Espainiako Kongresuko osoko bilkurako gehiengoak onartu behar du —176 diputatu—; datorren ostegunean bozkatuko dute, eta gero eramango dute Senatura.

2013an jarri zuten indarrean LOMCE legea, PPren gehiengo osoa baliatuta; egun, ordea, geldiarazita daude neurri gogorrenetako batzuk, adibidez, errebalidak. Legeak polemika ugari eragin izan ditu, hainbat neurri direla eta: besteak beste, Madrilek eduki gehienak zehaztea, etapaz igarotzeko errebalidak egitea, Erlijio ikasgaia notarako izatea... Oposizioak azpimarratu zuen PPk gehiengoa galdu bezain laster araua atzera botako zutela. «Legea hilda jaio da», ziurtatu zion 2014an BERRIAri gaur egun Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministro den Isabel Zelaak. Sei urte geroago, pauso bat gertuago daude.

Bi aldaketa entzutetsu ekarriko ditu legeak: ikasturtea errepikatzea «salbuespenezkoa» izango da EH Bilduk, PSOEk eta Unidas Podemosek adostu zuten, eta gaztelania ez izatea irakats-hizkuntza —ERCk, Unidas Podemosek eta PSOEk hitzartu zuten—. Halere, beste hainbat aldaketa ere eragingo ditu LOMLOEk. Besteak beste, ez dute diru publikorik jasoko ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeek; ezingo diete lursail publikorik utzi itunpeko eskolei; Erlijioaren ordez ez dute derrigorrez beste ikasgai bat izango, eta ez dute notarako aintzat hartuko; 0-3 urteko etaparako leku publiko gehiago jarriko dituzte; eta hezkuntza bereziko ikastetxeetatik ohiko ikastetxeetara pasatuko dituzte ikasleak hamar urteko epean.

Askotariko iritziak

Hezkuntza legea aldatzear daude, baina alderdiak ez ziren ados azaldu atzo, batzordeko eztabaidan. «Ikusi dugu duela hilabete batzuk aurkeztu zitzaigun LOMLOE legearen proiektua ez dela behar dugun tresna», nabarmendu zuen EH Bilduko parlamentari Bel Pozuetak. Ez du begi onez ikusten Espainiako Gobernuak «modu esanguratsuan» zehaztea hezkuntza sistemen helburuak, konpetentziak, metodo pedagogikoak eta ebaluatzeko irizpideak: «Ez dugu izan nahi baimentzen zaigunaren kudeatzaile hutsak». Antzeko bidetik jo zuen EAJko Josune Gorospek ere: «Ganbera honetan eztabaidatzen diren hezkuntza legeen proiektuen ezaugarria da ez dituztela kontuan hartzen autonomia erkidegoek hezkuntzan dituzten konpetentziak».

LOMLOEren aurka egin zuten eskuineko hainbat alderdik ere: «Helburua da hezkuntzaren bidez nazionalistak sortzea», azpimarratu zuen UPNko diputatu Sergio Sayasek. «Lege hau guztiz ideologizatuta dago», esan zuen Ciudadanoseko Marta Martinek. Antzera mintzatu ziren popularrak ere; are, PPk, Ciudadanosek eta VOXek aurreratu dute legea Kongresuan aurrera ateratzen bada Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramango dutela.

«Estatu eleaniztun batean, denbora guztian hizkuntzaz hitz egiten dugu, eta estatu akonfesional batean, erlijioaz », nabarmendu zuen Mas Paiseko kide Ines Sabanesek. Eta horrela izan zen atzo ere. «Euskadi, Nafarroa, Katalunia eta Galizia kultur ezaugarri propioak dituzten erkidegoak dira. Estatua plurinazionala da, leku horietan hizkuntza propioak dituena, eta, gure ustez, hezkuntza sistemak kontuan hartu eta errespetatu behar ditu», azaldu zuen Gorospek.

Pozuetak hizkuntza murgiltzea defendatu zuen: «Murgiltze orokorrean oinarritutako hezkuntza eredu baten alde gaude, zeinak lurralde bakoitzeko hizkuntza ofizialetan —euskara, galiziera eta katalana— oinarrituta heziko dituen ikasleak; ez dira koofizialak, txostenean behin eta berriz errepikatzen den bezala». Unidas Podemoseko Javier Sanchezek erlijioa izan zuen hizpide, eta nabarmendu zuen harago joan nahiko lukeela: «Gustatuko litzaiguke LOMLOEk hainbat gaitan gehiago aurreratu izana: ratioak jaitsi izana, edo Erlijioa ikasgeletatik atera izana».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.