Mediabask atariak Michel Tubiana, Mixel Berhokoirigoin eta Jean Noel Etxeberri Txetx-en eta ETAren arteko ondoko lau gutunak argitaratu ditu. Honatx, zerbait laburtuta.
ETAri lehen gutuna Tubianak, Berhokoirigoinek eta Etxeberrik (2016-10-03)
«Borroka armatuari amaiera emateko hartu zenuten erabakiaren ondotik bake prozesua blokeo egoeran dagoela egiaztatu dugu.
Denek adostuko dugun aterabide baterako bideak irekitzeko ideiari atxikiak garenez, urrunago joatea ezinbestekoa dela deritzogu. Bi estatuek erakusten duten blokeoaren aitzinean, gizarte zibilak iniziatiba hartu eta, Baionako eta Parisko adierazpenetan agertzen den bezala, armagabetzearen, preso eta iheslarien etxeratzearen, biktimen onarpenaren eta 'Egia eta Berradiskidetzea' gisako batzorde baten plantan ezartzearen gaiek oldar berri bat bizi dezaten bermatu behar du.
2015eko abenduan, zuen ordezkari den David Plaren ahotik zuen armategiaren inbentarioa egiteko eta berau zigilupean jartzeko borondatea publikoki agertu zenuten.
Armagabetze prozesu hori burura joan dadin eta bake prozesuak bere osotasunean aitzina egin dezan ahalbidetu dezaketen ekimenetan gure parte hartze zehatza proposatuz engaiatzeko prest gaude.
Gure proposamena egokitzat joko bazenute eta armagabetzean gizarte zibilaren parte hartzearen nondik norakoak definitzeko gisan, zuekin eta gai honen ardura duten nazioarteko antolakundeekin harremanetan egoteko prest gaude».
ETAren lehen erantzunahiru herritarrei (2016-10-19)
«Zinez eskertzen dugu borondate hori. Izan ere, konponbidearen agendan aurrera egiteko zailtasun izugarriak ditugu. Begien bistakoa izan da agenda horri ekiteko estatuen borondate eza. Are gehiago, aurrera egiteko urrats txikiena ere oztopatu dute.
ETAren aburuz, konponbideak integrala behar du izan, bakea behin betiko errotu dadin. Armategien auzia eta presoen auzia ditugu bi adibide nagusietakoak. Halere, jakin ere badakigu alor bakoitzean, ahal den neurrian, aurrera egin beharra dagoela, azkenean denetan urratsak egiteko baldintzak sortu ahal izateko.
Jakinarazi nahi dizuegu ETA prest dela armen deuseztatzea edo erabileraz kanpo uztea eta armategiak desegitea gizarte zibilaren eta nazioarteko eragileen bidez egiteko, gobernuen parte hartzea, prozesuak segurtasun handiagoa izan dezan, baztertzerik ezin bada ere. Nolanahi ere, gaur-gaurkoz, hauxe da ETAren abiapuntua: Euskal Herriko gizarte zibilaren esku utziko lituzkeela bere armak, nazioarteko eragileen parte hartzearekin, desegin daitezen. Euskal erakundeen inplikazioa eta babesa ere bilatu beharko litzateke. Horrelako lan bat hartzeko nahikoa baliabide lor daitezkeen aztertu beharko duzue, prozesu hau modurik eraginkorrenean egin ahal izateko. Ez da gauza erraza izango».
ETAri bigarren gutunaTubianak, Berhokoirigoinek eta Etxeberrik (2016-11-02)
«Zuen erantzuna jaso dugu. Erabili hitzak prezatzen ditugu, eta eman konfiantza eskertzen dizuegu.
Proposatzen dizuegu zuen armategiaren suntsiketa prozesua gizarte zibilaren ardura politikoaren esku uztea, Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen zaintzapean. Ekimen hau bake prozesuaren indartzeko perspektiba orokorragoaren barne eramana da.
Indar eginen dugu gizarte zibileko ordezkari ezberdinekin, Euskal Herriko erakunde ezberdinekin eta nazioarteko eragileekin harreman baliagarrien sustatzeko. Prozesua ordenaturik eta segurtasunez egin dadin estatuek parte hartzeko aukerak aztertzeko engaiamendua hartzen dugu.
Laster halako dinamika baten bultzatzeko ekimen konkretuak bideratuko ditugu, eta egingarriak izan daitezen zuekiko komunikazio bide egoki baten plantan ematea eskatzen dugu. Segur izan zaitezte gure borondate onaz».
(BERRIAk itzulia)
ETAren bigarren erantzuna (2016-11-15)
«Lehenik eta behin jaso gure agurra. Eskertzekoa da bidali duzuen bigarren gutunean agertzen duzuen prestasuna bake bidean aurrera egiteko. Beste eragile batzuek horren erdia agertu izan balute, askoz ere egoera hobean geundeke gaur egun. Zuen jokabidearekin bakeak parez pare dituen oztopoak gainditu ahal izango dituela uste dugu.
ETAk zuek azaldutako izpirituarekin bat datorrela adierazi nahi du, eta ondoko erabakien berri eman nahi dizue:
—Arma eta lehergailuen inbentarioa eta zigilatzea egiteko lanak amaituta izanik (bai bederen teknikoki ahal izan dugun guztia), armagabetze fasea zabaltzea.
—Fase horri ekin ahal izateko nazioarteko eragileen laguntza eskatzea. Nazioarteko Egiaztatze Batzordeari bere misioa aldatzea, zabaltzea eskatuko zaio, armagabetzean inplikatzeko eta prozesu horretan lekukotasuna emateko. ETAk armagabetze osoa nahi du, zalantza izpirik utzi gabe.
—Gizarte zibilaren esku uztea armagabetzearen ardura politikoa eta teknikoa. Horregatik prozesu hori nola egingo den zuen ardura izango da. Soilik gauza bat eskatu nahi dugu: egiten den bideak ez dezala zirrikiturik utzi inork irakurketa okerrik egiteko, «garaituen eta garaileen» kontakizun maltzurra egiteko. ETAk gizarte zibilaren esku uzten du bere armak deuseztatzeko prozesuaren ardura. Gure helburua ETA erakunde ez armatutzat ahal bezain laster deklaratzea da.
Bide hau egiteko gizarte zibilarekin harreman bide iraunkorra zabalduko dugu. Zuen berrien zain, jaso berriro ere gure agurra».
ESKUTITZAK
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu