Akusazioaren txosten nagusiak idatzi dituen eta asteartean peritu gisa aritu zen 19.242 poliziak berak Amaia Esnal eta Mañel Serra zigortzeko oinarririk ez zegoela aitortu ondoren, bien aurkako akusazioak —eta Txelui Morenoren aurkakoak— bertan behera utzi zituen atzo fiskalak. Ez, ordea, herri akusazio gisa ari den Asociacion de Victimas del Terrorismo Verde Esperanza taldearen abokatuak. Esnal, Serra eta Morenoren aurka egiteko oinarriak «ahulak» direla eta, «arindu» egin zuen aurrez egina zuen hamalauna urteko zigor eskaera: Horien aurkako frogarik ez dagoenez, zortzina urterako kartzelan sartzea proposatu zuen. Esnal eta Serraren absoluzioa eskatu zuten haien abokatu Arantza Zuluetak eta Aiert Larrartek. «Ez dago beste aukerarik».
Bezperan argi geratu zena errepikatuta egin zuten horien defentsa abokatuek. Peritu gisa aritu zen poliziak berak onartutakoa errepikatuta. Zuluetak gogorarazi zuen Esnalen aurka egiteko dagoen zantzu bakarra dela LABen egoitzara birritan joan zela baina lekukoek ziurtatu zutela Etxerat-eko ordezkari gisa LABeko ordezkariekin biltzera joan zela hara. Poliziak ontzat eman zuen argudio hori. Prentsaurreko batean parte hartu zuela da akusazioen beste froga, baina, poliziaren beraren esanetan, horrek ez du esan nahi Bateraguneko kide denik.
«Hala ere, hemen dago Esnal akusatuen aulkian, haren aurka egiteko oinarririk ez zegoela hasieratik argi zegoen arren», kexatu zen Zulueta. Arrazoirik gabe atxilotu, inkomunikatu eta bi urtetan epaiketaren zain izan dutela ere gaitzetsi zuen. «Ohituegi gaitu horretara Poliziak». Gainontzeko akusatuei ere oinarri gabe epaituta «injustizia» egin izana salatu, eta mezua igorri zien epaileei: «Euskal Herrian ziklo politiko berri baterako benetako aukerak daude. Gatazka bide politiko soiletatik gainditzeko aukera hori ez zapuzteko eskatzen diot epaimahaiari».
Mañel Serra LABen egoitzara joan zen hiru alditan zertara joan zen frogatuta geratu dela ohartarazi zuen Larrartek ere, Serraren defentsa egiterakoan. «Lan bila joan zela baieztatu dute lekukoek». Egun bakoitzean norekin eta zenbat minututan egon zen zehaztuta geratu dela azaldu zuen. Poliziaren jarrera, ordea, ulergaitza dela ohartarazi zuen: «Nola da posible jarraipenak egin zituzten polizietako inork jaso ez izana bakoitza zein ordutan joan zen LABen egoitzara, zenbat denboraz egon zen bakoitza eta nortzuk egon ziren aldi berean han?».
Batasunaren langile izana «guztia zikintzeko» erabili nahi izatea aurpegiratu zien akusazioei, eta epaiketa hau ez dela hori epaitzekoa ohartarazi zien. «Bateragune batzorde iraunkor edo zuzendaritzako kide izatea egozten zaio Serrari, eta Mahai Nazionala berrantolatzen saiatzea. Argi dago hori ezeztatuta geratu dela epaiketan. Absoluzioa beste aukerarik ez dago».
'Bateragune auzia'. Epaiketa
«Esnal eta Serra absolbitzea beste aukerarik ez dago»
Gatazka bide politiko soiletik gainditzeko aukera ez zapuzteko eskatu die Zulueta abokatuak epaileei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu