ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Espainia: "Konkista edo eskubideen urratze masiboetan ezar daiteke autodeterminazioa"

Atzerri Ministerioaren arabera, eskubide hori ez dago jasota nazioarteko zuzenbidean eta estatuetako konstituzioan.  

jon olano
2014ko maiatzaren 19a
16:40
Entzun

Kataluniaren balizko aldebakarreko independentzia aldarrikapenaz eta Nazioarteko Zuzenbideaz izeneko txostena argitaratu du Espainiako Atzerri Ministerioak. Larunbateko data du txostenak, eta hainbat ondorio atera ditu ministerioak.

Haren arabera, Katalunian erreferendum bat egiteko asmoaren aurrean, beharrezkoa da analisi juridiko bat egitea nazioarteko zuzenbidearen inguruan; besteak beste, Nazio Batuen Erakundearen inguruan. Espainiak dio sezesio eskubiderik ez dagoela, eta ez dutela aitortzen estatuetako konstituzioek ezta nazioarteko zuzenbideak ere; areago, "estatu federaletako Auzitegi Gorenek zehazki ukatu egin dute hori", erantsi du, eta oroitarazi Espainiako Auzitegi Konstituzionalak baztertu egin zuela erkidego batek "autodeterminazio erreferendum batera aldebakarrekotasunez" deitzeko aukera.

Atzerri Ministerioaren esanetan, nazioarteko zuzenbideak bermatu egiten du lurralde osotasunaren printzipioa. "Oinarri horren gainean, Nazio Batuen Erakundeak hainbat aldiz ohartarazi die estatu eta nazioarteko erakunde guztiei ez ditzatela egin lurralde osotasuna apurtu dezaketen ekintzak". Ukrainari eta Georgiari buruzko 68/262 eta 1808 ebazpenak jarri ditu adibide gisa.

Autodeterminazioa, baldintza batzuetan

Halaber, Espainiak uste du NBEren autodeterminazio eskubidea ezin dela ezarri Kataluniaren kasuan, NBEk eskubide horri jarraituz emandako ebazpenak —1514 eta 2625— deskolonizazio prozesuetan emandakoak direla argudiatuta. "Hortik kanpo, eskubide hori ezar daiteke soilik konkista bidez batutako herrietan, atzerriko dominazioetan edo giza eskubideen urratze masiboetan, eta Katalunian ez dago halako baldintzarik".

Nazioarteko hitzarmenen jarraipena eta zorraren banaketa ere aintzat hartzen ditu Espainiako Gobernuak bere txostenean. Nabarmendu du, Katalunia bananduko balitz, Espainiari legokiokeela egun dagoen hitzarmenetan jarraitzea, eta, adibidez, NBEko kide izaten jarraituko lukeela. Zorraz, berriz, hauxe dio: "Akordiorik ezean, zorra bidezko proportzioan transmititzeko irizpidea aurreikusten du nazioarteko zuzenbideak".

Aurreko ondorioarekin lotuta, Espainiako Gobernuak iritzi dio Kataluniak, aldebakartasunez independentzia aldarrikatuko balu, ezingo lukeela NBEko kide izan: "Kide izateko, NBEren gutunak beste baldintza formal eta material batzuen artean eskatzen du nazioarteko zuzenbidearen irizpideak errespetatuta estatu izatera iritsi den estatu bat izatea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.